En direct

NAIZ Irratia
Entrevue
Eider Otxoa
Esku Hutsik elkarteko terapeuta

«Ezin dugunez normaltasunez hitz egin, mina areagotu egiten da»

Dolu perinatala haurdunaldiaren 22. astetik jaio osteko lehen lau asteko haurraren heriotzari dagokio. Dolu ezezaguna da, «tabua», Eider Otxoa Esku Hutsik elkarteko dolu terapeutarentzat.

Audio_placeholder

«Ezin dugunez normaltasunez hitz egin, mina areagotu egiten da»

Loading player...
Eider Otxoa.
Eider Otxoa. (Raul BOGAJO | FOKU)

Isiltasuna da nagusi haurdunaldi edo erditze osteko doluari dagokionez. Eider Otxoak dio «balioa kendu zaion» dolua dela, ez zaiolako behar beste garrantzia ematen. Trantzea, halere, oso gogorra dela dio: «Bizitza ematera joan eta heriotza izan momentu berean, hori bizitzen dugu guk».

Heriotza, orokorrean, tabua bada, haurren heriotzaz are gehiago hitz egiten dela nabarmendu du terapeutak. Gainera, nabarmendu du aferaz ez hitz egiteko aukerak mina areagotzen duela. «Tabu guztiak bezala, ezin hitz egin; eta hitz egiten ez dena ez da existitzen. Beraz, existitzen ez denak mina ematen du. Hau da, ezikusi horrek mina ematen du bere horretan. Esku hutsik geratzen gara gure umeak hiltzen direnean, eta ezin dugunez sozializatu, ezin dugunez normaltasun batez honen inguruan hitz egin, honek mina areagotzen du».

Hala ere, nabarmendu du «poliki-poliki» dolu perinatalari ikusgarritasuna ematen hasi zaiola.

Emakumeak, sarri bakarrik

Otxoaren esanetan, doluak iraunkortasuna izan dezake, dolua ere badelako «bizitzen ez den etorkizun hori», eta gurasoentzat beti izango direlako ikusgai hildako haurraren adin bereko gazteak.

Esku Hutsik elkarteak dolu perinatalean laguntzeko zeregina du, izan ere, elkarteko kidearentzat dolua familian landu beharreko afera da. Horregatik, elkarte honek familiek duten mina «normaltasunez» tratatzen dute haiekin egiten dituzten terapietan. Eta Eider Otxoak aldarrikatzen du haurren heriotzaz hitz egiteko «espazioak, lekuak eta denborak» behar direla.

Familien edo emakumeen profila anitza dela dio Otxoak. «Badaude emakumeak bakarrik sentitzen direnak, bikoteak ez duelako ulertzen edo ez duelako dolua bizi nahi berak bezala. Orduan, emakume batzuk bakarrik etortzen dira kontsultara. Beti esaten dugu bikotean lan egiteko dolua dela. Bien artean lan egitean, gauza asko ulertzen direlako. Ez bakarrik bikotean, baita familian ere, hor baitira haurraren izebak, anai-arrebak, aiton-amonak...».

Dolu perinatalari loturiko traumarik ez egoteko, lehentasuna eman dio ospitaleko bizipenak onak izan daitezen. «Ospitaleko bizipena da haurrarekin dugun lehena eta azkena. Guretzako oso garrantzitsua da bizipen hau garbia eta ederra izatea gero traumarik ez egoteko». Errituaren sinbologia ere «oso garrantzitsua» dela, aipatu du Otxoak: «Umeak beraien erroparekin jantzi, beraiekin egon, argazkiak egin, agurtu, familiak haurra ikustera etorri...».

Zentzu honetan, Esku Hutsik elkartea Gasteizko Legebiltzarrean egon zen duela bi aste, eskatzeko Osakidetzan heriotza perinatala lantzeko protokolo bateratu bat lantzea. Eskaera onartu zen, eta horrek gauzak aldatuko dituela uste du Otxoak, orain arte «parean tokatzen zen profesionalaren araberako» esperientzia izaten baitzuten gurasoek.

Jaurlaritza Logoa