En direct

Bigarren Kafea

Polo Beyris, Euskal Herriko kontzentrazio esparru nazia

Audio_placeholder

Polo Beyris, Euskal Herriko kontzentrazio esparru nazia

Loading player...
Baionako Polo Beyris kontzentrazio esparrua. ©collect J Dubernat
Baionako Polo Beyris kontzentrazio esparrua. ©collect J Dubernat

«Bere historia ezagutzen ez duen herria hura errepikatzera kondenatuta dago» kartela ageri da Auschwitz-Birkenau konzentrazio esparruko barrakoi batean. Azaroaren 9an 84 urte betetzen dira Kristal Hautsien Gaua gertatu zenetik. Alderdi Naziko talde paramilitarretako kideek ehunka juduren aurkako erasoa burutu zuten, gerora Holokaustoa bezala ezagutu genuenari hasiera emanez. Urrun senti ditzakegu leku eta gertaera horiek baina guden ingurukoak gertutik pairatzea ere egokitu zaigu.

Horietako hainbat ezagunak ditugu baina orain arte ez dugu gauza askorik jakin Polo Beyrisen inguruan. Baionan kokaturiko eta poloan jokatzeko erabiltzen zen zelai bat izan zen, 1938ko amaieran konfiskatu zuten arte. Batez ere Euskal Herriko hegoaldetik, Asturiastik eta Kataluniatik zetozen errefuxiatuak hartu zituzten. Harrera egiturarik ez zegoenez, hasieran han giltzapetu zituzten. Jendarmeek zaindutako zelaia zen, eta irteera ez zen librea. 

Ehunka errefuxiatu igaro ziren Polo Beyris zelai horretatik, baina batez ere emakumeak eta haurrak. Gizonak auzolandegietara bidali zituzten iparralderago edo Perpinyara, Katalunia iparraldean. 1939ko irailaren 30ean, errefuxiatu horietako 247 mugara eraman zituzten eta Francoren erregimenaren esku utzi zituzten; urrian zelaia itxi egin zuten. 

Hala ere, handik gutxira, Bigarren Mundu Gerra iritsi zen eta 1940ko maiatzean, Frantziaren lurraldea alemanen esku geratu zenean, itsasoz haraindiko 70.000 soldadu, batez ere afrikarrak, han giltzapetu zituzten. Horietako asko Alemaniara bidali zituzten lehenik, baina gero Frontstalag deiturikoetan giltzapetu zituzten; horietatik 222.a zen Baionakoa. Kokatze aldera, Frontstalag-ak Alemaniako Armadako presoen kanpamentuak ziren, batez ere Frantzian kokatuak. Beraz, Polo Beyrisek Frontstalag 222 izena hartu zuen.

Beyris ez zen inoiz sarraski eremu bezala erabili; hala ere, janari eskasiak eta oinarrizko baldintza gogorrek Frantziako txarrenetakoa bihurtu zuten. Adibidez, 150 pertsona hil ziren bertan, tuberkulosiak jota. 

1944aren ondoren, Alemaniak Frantziako Estatuan okupatutako lurrak galdu zituenean, Polo Beyris alemaniarrentzako kartzela bihurtu zen. Zentroko zaindari izandakoak preso bihurtu ziren, baita gazte alemaniar batzuk eta Biarnoko Gurs kontzentrazio esparrutik ekarritako pertsona batzuk ere. Alemaniarrekin kolaboratzaile edo susmagarriak zirenak ere Beyrisen giltzapetu zituzten, haien egoera argitzen zen bitartean. Han preso egon ziren Ipar Euskal Herriko hainbat alkate, tartean Biarritz, Donibane Lohizune eta Baionakoak. Polo Beyrisek 1947an itxi zituen behin betiko ateak.

Jaurlaritza Logoa