En direct

Atxondo Harrera Herriaren lana arriskuan, Udalak erabiltzen zuten aterpetxetik kanporatu ostean

Bizi hobeago baten bila Europara datozen pertsonei laguntzeko boluntario sare ezberdinak daude gurean, haietako bat Atxondo Harrera Herria. Laguntza integrala ematen diete, humanoa. Aitzitik, Axpen erabiltzen zuten aterpetxetik kanporatu ditu Udalak «argudio teknikoak» erabilita.

Audio_placeholder

Atxondo Harrera Herriaren lana arriskuan, Udalak erabiltzen zuten aterpetxetik kanporatu ostean

Loading player...
Modu, Souffiane eta Oihane. Atxondo Harrera Herria
Modu, Souffiane eta Oihane. Atxondo Harrera Herria (Naiz Irratia)

Europara bizi hobeago baten bila datozen pertsonei bide hori egiteko oztopoak ditugu, tamalez, egunerokoan albiste. Bada, ordea, justu kontrakoa, pertsona hauek humanizatu eta euren bidea errazteko modu boluntarioan lan egiten duten euskal herritarrak. Hori eskatzen dute eurek ere, pertsona gisa tratatzea.

Hori egiten dute Atxondoko Harrera Herrian. Durangaldeko herri horretako eta inguruko lagunez osatutako sarean aterpea eskaintzeaz gain, erantzun integrala ematen diete: laguntza juridikoa, formazioetara sarbidea, hizkuntza ikasteko baliabideak ... Taldeko kide gisa, Oihane Ozamizekin eta bertara etorritako Souffiane eta Modurekin jarri du hitzordua NAIZ Irratiak.

2018an jarri ziren martxan, Euskal Herrira iristen ziren migratzaileei harrera eskainiz. Axpen dagoen aterpetxea izan dute estalpe, harreran babesa behar dutenak eta egoera bereziki ahulean daudenak artatzeko abiapuntua da, nolabait. Profil anitzak pasa dira bertatik, «euren bizitza arriskuan izan eta sorterrian jazarriak direnak gehienak», Ozamizek esan duenez. 20 bat pertsona pasa dira azken lau urteetan bertatik. Batzuek asilo politikoa lortu dute, beste batzuk egoera erregularizatu dute eta badira beste herrialdetara joandakoak ere.

Momentu honetan zazpi pertsona daude Atxondo Harrera Herrian: Sadic, Omar, Dame, Bouba, Yassin, Modu eta Souffiane. Azken bi hauek, senegaldarra lehena eta marokoarra bigarrena, NAIZ Irratian izan dira.

«Bat-batean, kalera»

Urriaren 6an, «ezustean», Udalaren deia jaso eta Axpeko aterpetxearen hitzarmena ez zutela berrituko esan zitzaien, «kalera beraz». Ozamizek adierazi duenez, «Udalak etxearen baldintzak ez direla egokiak dio, instalazioetan akatsak daudela. Guk ezagutzen dugu eta ondo dago, oso ondo. Arrazoi sendorik ez dago. Erabaki politikoa egon daiteke? Auskalo».

Atxondoko Udalarekin biltzea ezinezko izan zitzaien, eta soilik webgunean publikatutako komunikatua irakurri zuten. Ikuskapen txostenak dio 500.000 euroko inbertsioa behar duela eraikinak. Aterpetxe izaera izateko zer nolako eraldaketak behar dituen zehazten du.

Alkate jeltzalearekin elkartu eta «ikusi genuen erremediorik ez zegoela». Udaletxe azpian akanpada jarri eta herritarren mobilizazioa hasi zen. 14 egun pasa zituzten presioa egiten eraikinaren azpian. «Udalak gure etxea ezin dugula itzuli esan zigun», dio Moduk. «Pertsonak gara, ezin da jendea kalean lotan utzi», gehitu du. Souffianek bat egin du: «Ni bezela askok lo egiteko lekua behar dute, bizitza berrekiteko».

Bilera berri bat egin eta Atxondoko alkate, alderdi politiko eta Lakuako migrazio zuzendari Xabier Legarretarekin akordiora iritsi ziren: akanpalekua kendu eta Udalak Arrazolan duen emergentziazko etxebizitza utziko zien. Harrerak akanpalekua kendu, baina hurrengo egunean Udalak ez zien giltzik eman. Arrazoia, argindarran altan eman gabe zegoela. Gainera, logela bakarra du eta eskari gehiago dituzte ate joka. Horregatik, «aukera erreal bakarra» Axpera itzultzea dela uste du Ozamizek.

Mugimendua, aste honetan

Horrez gain, azaroaren 10erako «beste konpromiso» bat hartu du Udalak. «Axpeko etxeko txostena aterpetxe lizentzia ateratzeko eginda dago. Baina galdera da lizentzia hori gabe etxea erabili ote daitekeeen. Hori idazkariak egin behar duen txostenak erantzungo du», azaldu du Ozamizek. «Idazkariaren txosten horrek aterpetxe lizentzia gabe egon gaitezkela badio, azaroaren 11n Axpera joango gara. Eta ezezkoa esaten badu, orduan ikusiko dugu zer egiten dugun», azaldu du.

Kriminalizazioa vs humanizazioa

Barrutik mintzatu dira Modu eta Souffiane. Pertsonak direla azaldu dute, ez inor baino gehiago, baina ezta gutxiago ere. «Lau urte daramatzat senideak ikusi gabe, faltan botatzen ditut», esan du Moduk. «Bilbora iritsi nintzenean kalean egiten nuen lo, lagun batek Axpera ekarri ninduen eta familia berri bat egin dut», dio xamurtasunez. Harrerak baliabide ezberdinak ematen dizkie, hizkuntzak eta ofizioak ikasten ari dira eta paperak erregularizatzen ari da senegaldarra.

Souffianek urtebete darama Atxondon. Oso eskertuta agertu da Harrerakoekin, eta bat egin du Modurekin. «Inor ez da ilegala», adierazi dute biek ala biek. «Ez dugu borroka eta liskarrik sortu nahi, ez gara kriminalak», nabarmendu dute.

Familia laguntzeko asmotan, bizi berri bat loratu nahi dute. Alboan izango dituzte Harrerakoak, izan Axpen ala ez. Nolanahi, arreta integrala ematen jarraituko diete bertara etortzen direnei, harrera humanoa. Halaber, mugetan jende errugabea hil ez dadin «konpromiso politikoak» hartu behar direla uste dute. 

Jaurlaritza Logoa