En direct

Naiz Irratia

«Barrionuevoren hitzen aurrean adierazgarriak dira izaten ari diren isiltasunak»

Espiniako barne ministro ohiak gerra zikinaren inguruan esan berri dituenak estatuaren biktimak «berbiktimizatzen» dituela salatu du. Lakuako gobernuaren aurrekontuez eta Hezkuntza Legeaz ere aritu gara Nerea Kortajarenarekin.

Audio_placeholder

«Barrionuevoren hitzen aurrean adierazgarriak dira izaten ari diren isiltasunak»

Loading player...
Nerea Kortajarena
Nerea Kortajarena (Naiz Irratia)

Aktualitateari errepasoa egin dio Naiz Irratian Gasteizko parlamentuan EH Bilduren ordezkari den Nerea Kortajarenak. Jose Barrionuevoren adierazpenak «umiliazio berri bat» direla salatu du, «umiliazio bat estatuaren terrorismoa pairatu zuten biktimentzat». Espainiako barne ministro ohiak gerra zikina zer nolako «laiatasunez» defendatzen duen ikusita, «inpune» sentitzen dela nabarmendu du, bere hitzek «inongo ondoriorik ez dutela izango» badakielako. Halaber, oso adierazgarritzat jo ditu adierazpen hauen aurrean izan diren isiltasunak.

«Ausardia, politiken norabidea aldatzeko»

Lakuako gobernuak 2023rako osatu duen aurrekontuaren inguruan, asteazkenean bilduko dira EH Bildu eta Pedro Azpiazu ogasun sailburua. Iaz akordioa lortu zutela gogoratu du Kortajarenak, negoziatzeko prest dagoela koalizioa baina deitoratu du egitasmoa onartu aurretik eztabaidari atea itxi diola gobernuak. Neurri estrukturalak proposatuko dizkio EH Bilduk sailburuari, zeintzuk ez du zehaztu Kortajarenak baina esan du begi bistakoa dela zeintzuk diren herri honen arazoak, osasun sistema publikoaren egoera, etxebizitza nahiz klima aldaketari erantzuteko politikak aipatuz.

EH Bilduko ordezkariaren esanetan posible da gauzak beste era batera egitea, eta beharrezkoa bizi dugun egoera soziekonomikoa haintzat hartuz, «baldintzak daude bestelako planteamendu batzuk egiteko, Jaurlaritzari ausardia eskatzen diogu honaino ekarri gaituzten politiketan norabidea aldatzeko eta bestelako erantzutenak ematen hasteko.

«Eskola publiko berri baten aldarrikapenarekin bat egiten dugu»

Hezkuntzan fokua jarrita, hezkuntza pulbiko eta unibertsalaren defentsan eta Lakuako gobernuak osatu duen lege-zirriborroaren aurka larunbatean Bilbon egindako manifestazio jendetsuari begira jarri gara. Martxako aldarri orokorrarekin bat egiten dutela baieztatu du EH Bilduko Nerea Kortajarenak baina Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren aurka zabaldu ziren aldarriak ez dituztela konpartitzen. Oro har, indarrak batu eta eztabaida lasai baterako deia egin du.

Berretsi du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak hezkuntza lege berri bat behar dutela, hezkuntza sistema publikoa eta euskalduna izan dadin. Segregazioari aurre egitea ere helburu nagusienen artean dagoela azpimarratu du Kortajarenak.

Hezkuntza Akordioan jasotako neurrietako bat iragarri berri du Lakuak, haur eskolen doakotasuna. Positiboki baloratu du erabakia EH Bilduk baina neurri gehiago nahi dituztela gaineratu du Kortajarenak, hala nola, hezkuntza komunitatearen inplikazioa, beharrezko baliabideez hornituko den plan estrategiko bat bat nahiz azpiegituren berritzea

Jaurlaritza Logoa