En direct

Ainara Rodriguez-Amaia Zurutuza

Amatasuna, emakumeei «gizartean egoteko» ezarri zaien «kondizioa»

Zenbat modu ote daude ama izateko? Edo ez izateko? Eta nola begiratzen diogu, edo begiratu behar diogu feminismotik? Gai mardulari heldu asmo diote datorren astean Emagin ikerketa eta dokumentazio zentro feministako kideek 'Ez-amatasunak feminismotik' jardunaldietan.

Audio_placeholder

Amatasuna, emakumeei «gizartean egoteko» ezarri zaien «kondizioa»

Loading player...
'(Ez)Amatasunak Ikuspegi Feministatik' jardunaldiei buruzko prentsaurrekoa
'(Ez)Amatasunak Ikuspegi Feministatik' jardunaldiei buruzko prentsaurrekoa (Maialen ANDRES | FOKU)

Ainara Santamaria Emagineko kideak azaldu du jardunaldi batean amatasunaren ertz guztiei begiratzea «ia ezinezkoa» dela eta «halabeharrez» batzuk aukeratu dituztela. Amatasuna «emakumearengain ezarri den mandatu soziala» dela, emakumeak «txikitatik destino horrekin» hezi dituztela eta ondorioz emakume guztiak «zeharkatzen» dituen mandatua dela baieztatu du, «gizartean egoteko kondizio bat». Aitzitik, gaia sarri «eremu pertsonal eta pribatura» zokoratu nahi izan dela nabarmendu du eta horregatik atera nahi izan dituztela bizipen guzti hauek «plaza publikora».

Amak direnak, edo ez direnak, guztiei begirakoak izango dira azaroaren 11 eta 12an egingo diren jardunaldiak. Santamariak zehaztu du ama izateko edo ez izateko eredu asko daudela, eta ez zituztela soilik erditu diren emakumeen esperientziak edo familia nuklearrenak haintzat hartu nahi, baita erditu gabeko gorputzenak, «gorputz ez femeninoenak», mandatu horri uko egin diotenenak nahiz amatasuna «odolezko ahaidetasunetik» kanpo garatzen dutenenak, modu kolektiboan egiten dutenak, distantzian ama direnak.

Santamariak uste amatasun edo ez-amatasunaren gaia beti egon dela presente baina eztabaida nagusiki «esparru intimoetan» eman dela, ez hainbeste modu kolektiboan eta «betaurreko feministak jantzita». Zentzu honetan, «isilpean gorde dira gizonari eta kapitalari mesede egiten ez dioten amatasunak», dio Emagineko kideak.

Garrantzitsutzat jo du ama izateko desioa «pertsonala» denaren baieztapenaren aurrean amatasunak «egiturazko funtzioak» dituela ere erakustea. «Historikoki emakumeok dugun ugaltzeko gaitasunarekiko interes eta kontrol handia egon da botereguneen aldetik», dio Santamariak. «Modernitatean emakumea esparru pribatura eta lan erreproduktiboetara mugatu nahi izan da eta amatasunaren berezko destinoa izan da horretarako bitarteko nagusietako bat, eta segitzen du izaten, gizarte ordena mantentzeko», gaineratu du.

Bestalde, emakumeei inposatu zaien «eredu hegemonikoa» zertan datzan aztertu eta amatasunak bertan jokatzen duen papera auzitan jarri nahi dute: «Emakume bezala horrek nola eragiten digun aztertzea da interesatzen zaiguna».

Donostiako Tabakaleran egingo diren jardunaldiak «hausnartzeko atari bat» izango dira, «erantzunak baino elkarrekin galderak topatzeko». Funtsean, «askotariko amatasun ereduak ikustaraztea» izango da helburua, «sarri ezkutuan» gelditzen direnak eta «iruditeri berriak indartzeko» garrantzitsuak direnak.

Hausnarketa eta artea uztartuz

Ostiral goizeko mahai-ingurua azpimarratu du Santamariak ‘(Ez)amatasunak ikuspegi feministatik: desioak, kontrola eta denborak’. Emagineko kideek zaintza krisien inguruan hitz egingo dute «amatasunaren gaiak marko orokor horren baitan lurrartzen duelako, gure ustez amatasuna egun zaintzarekin oso lotuta dago» adierazi du antolatzaileak.

Diana Oliverrek politika publikoetatik amak «zein gutxi babesten diren» azalduko du, amek bizi duten egoera prekarioa marrazteko eskatu diote. Marina Sagastizabalek, bestalde, denbora sistemak aztertzen ditu, eta mahai-inguruan ere hala egingo du: «familietan denboraren antolaketa nolakoa den eta emakumeen bizitzako esparru ezberdinetan daukan isla izango du aztergai Sagastizabalek». Anna Molasek ere hartuko du hitza, ugalkortasun krisiaz eta horri aurre egiteko indartzen ari den merkatuaz mintzatuko da hain zuzen ere.

Amatasunaren gaia «arrazoiaren espazio hotzetik atera» nahi izan dutela adierazi du Santamariak, eta horretarrako, fikzioan edota artean izan duen lekua ere azaleratuko dutela.

Elkarrekin hitz egiteko, pentsatzeko edo eztabaidarako tarteak proiekzio, kontzertu eta erakusketekin tartekatuko dituzte.

Jaurlaritza Logoa