En direct

NAIZ

Hezkuntza Plazara: «Beharrezkoa da lege on bat, gauden puntuan gelditzea ez da aukera bat»

EAEko Hezkuntza Lege berriaren akordioa babestu arren, zirriborroa ez du positiboki baloratu Hezkuntza Plazara dinamikak. Euskal Hezkuntza Zerbitzua osatuko duten zentroek bete beharreko euskalduntze, segregazio, parekidetasun eta laikotasun ezaugarriak desagertu direla deitoratu dute.

Audio_placeholder

Hezkuntza Plazara: «Beharrezkoa da lege on bat, gauden puntuan gelditzea ez da aukera bat»

Loading player...
Asier Etxenike, Hezkuntza Plazara dinamikako kidea.
Asier Etxenike, Hezkuntza Plazara dinamikako kidea. (NAIZ Irratia)

Asier Etxenike, Hezkuntza Plazara dinamikako kideak hezkuntza akordioan onarturiko hainbat alor faltan bota arren, zentro itunduak euskal hezkuntza zerbitzuaren parte bihurtzen direla balioan jarri du. «Konfigurazio berriak zehazten duena da, baldintza batzuk betetzen dituzten eskola guztiak euskal hezkuntza zerbitzuan sartuko liratekeela, eskola publikoak zein euskalduntzea, segregazio eza, dirua irabazteko asmo ezarekin bat egiten dutenak». Hala ere, Lakuako Gobernuaren Hezkuntza Lege zirriborroan baldintzak «desagertu» egin direla deitoratu du. Jazotakoa «atzerapausotzat» jo du, egungo hezkuntza eredua lehengoratzen delako.

Hezkuntza Plazarak akordioetan zehazturiko baldintzetara itzultzea aldarrikatzen du. «Guretzat funtsezkoa da lege on bat ateratzea prozesu honetatik. Ez da aski gaur egungo egoeran gelditzea, euskalduntzean, segregazioan eta hainbat elementutan egiten dugun diagnostikoa ez delako ona».

«Elkarlanaren filosofia antolatu»

Dinamikak hezkuntza zentroen «ikuspuntu komunitarioa» indartzea proposatzen du, Udal Hezkuntza Kontseiluak sortuz eta egungo lehia eredua alboratuz.

Asier Etxenikek egungo EAEko Hezkuntza ereduaren gabezia gisa, adibide zehatz bat jarri du: Euskal Herriko ikastetxeak amankomunean jarduteko duten gabezia. «Gaur egun ez da posible. Eskola publiko bat ezin da Nafarroa edo Iparraldeko beste eskola publiko batekin saretu».

«Maila horretatik oso urrun gaude»

Hezkuntza Sailaren lege-zirriborroak B2 euskara maila ezarri du ikasle orok hezkuntza prozesua bukatzean izan beharko lukeen gutxieneko mailatzat. Hezkuntza Plazarak erabakia aintzat hartu du. «Minimo hori jaso izana pozgarria da». Halaber, B2 maila lortzeko baliabideak egokitu behar direla nabarmendu du Etxenikek.

Euskara irakasteaz gaindi, Hezkuntza Plazara dinamikarentzat kultur transmisioa «funtsezko» elementua da. «Ez bakarrik iraganeko kultur transmisio bat, egungoa ere; sortzaileek egiten duten lan guzti hori eskoletara nola eramaten dugun garatu behar da».

Jaurlaritza Logoa