En direct
Sandra Barkaiztegik bular minbiziaren ondorioz ezagutu du Onkologikoa. 2020an izan zuen gaixotasunaren berri. Minbizia gainditu ostean berrikusketengatik igarotzen da minbizian berezituriko osasun zentrotik. Indarrak berreskuratzen dituen heinean hasi du «merezi dugun onkologikoaren aldeko borroka».
Barkaiztegiren prozesu onkologikoaren bi urteko ibilbidean, zentroak izaera monografikoa galdu duela azaldu du. «Gaur egun artatze sakabanatua pairatzen dugu». Ondorioz, osasun arreta gune bakarrean burutzea lehenetsi du. «Prozesu osoa eraikin berean egiten denean, azkarragoa izan daiteke erantzuna. Beraz, gaixotasunean eta gaixoan eragin ona du».
«Hustu egin da»
Langileek badakite osasun zentrora joaten diren pertsonek nabaritzen dutela baliabideen bazterketa. Kepa Vicario eta Jon Galfarsorok diote onkologikoa «hutsik» dagoela, ospitalizazio solairua hustu eta beste hainbat gune kendu ostean. Sandra Barkaiztegik egoera berretsi du. «Onkologikoko medikuek esaten dute lanik gabe daudela, baina nahita, beraien lana hustu egin dutelako». Lan kargarik jasotzen ez duten bitartean, itxaron zerrendak luzatzen doazela salatu du.