En direct
Larunbat honetan abiatuta, Europako Multikirol txapelketa jasotzen du Bilbok. Txapelketa hauetan euskal kirolariak Espainia edo Frantziako elastikoekin lehiatzera derrigortu zituztela-eta, azken asteetan zenbait eragile eta kirolarik beraien desadostasuna erakutsi zuten.
Gaur goizean beteranoen duatloi txapelketa lehiatu da eta bertan lasterka aritu den Juan Martin Elexpuruk uko egin dio Espainiako elastikoarekin lehiatzeari. Hala, Debagoienako Antxintxika triatloi taldeko jantziekin lehiatu da. NAIZ Irratian azaldu duenez, «tranpetan eta gezurretan» aritu behar izan da kontrol guztiak pasatzeko eta azkenean, ikurrina eta nafarroako bandera zituen pegatina bat «erdi estalita» zeramala lasterketan parte hartu ahal izan du.
Juan Martin Elexpuru kirolari euskaldunak uko egin dio Espainiako erropa lasterketan eramateari.
— gu ere bai! (@guerebai) September 17, 2022
Debagoieneko Antxintxika triatloi taldeko erropekin ari da lehiatzen. #gurekoloreak ⚪#ofizialtasunahttps://t.co/cBRRcGXct9 pic.twitter.com/DzhCsw2hCC
Azken metroetan, "Gu ere bai" dinamikako zenbait kideekin elkartu eta ikurrina eta nafarroako banderak lau haizeetara zabalduta helmugaratu da. Bosgarren egin du eta momentuz, sailkapen orokorrean agertzen da; alegia, ez dute kanporatu. «Bidean epaile batek esan dit bukaeran nirekin hitz egingo zuela baina ez dakit ezer», azaldu du NAIZ Irratian.
Espainiako edo Frantziako koloreekin lehiatzera derrigortzea «umiliazio» bat iruditzen zitzaion Elexpururi eta beraz, «intsumisioa» egitea pentsatu zuen. Antolatzaileekin hitz egin izan dutenean, «Europako araua dela, nazioarte mailako erabakia dela» argudioa erabili izan dute. «Euskal Herriak antolatzen duen txapelketa bat, Euskal Herriak ordaintzen duenean, Europako 32 herrialde egotea eta gu kanpoan izatea» onartezina iruditzen zaio korrikalari beteranoari.
"Gu ere bai" dinamikaren babes osoa
«Ekintza eredugarritzat» jo du Patxi Gaztelumendi "Gu ere bai" dinamikako bozeramaileak Juan Martin Elexpururen aldarrikapena. Uste du datozen lehiaketetarako «bide bat ireki» duela eta bide horretan, "Gu ere bai" ekimenak babes osoa eskainiko die «inposaketari aurre egin eta norbere koloreekin lehiatzeko hautua egiten duten euskal kirolari orori».
Datozen egunetan lasterketa gehiago lehiatuko dira Eupako Multikirol txapelketan eta beste euskal kirolari batek horrelakorik egingo balu, "Gu ere bai" dinamikaren babes osoa izango lukeela adierazi dio NAIZi Gaztelumendik.
Era berean, nabarmendu nahi izan du, Euskal Herrian antolatu den halako txapelketa handi batean oso euskal kirolari gutxik eman dutela izena eta honen arrazoia aipatu inposaketa izan daitekeela. Horregatik, hain zuzen, hausnarketarako bidea ireki nahi izan du.
Bestalde, asteburu honetan Waterpoloko Euskal Selekzioak Ingalaterraren aurka jokatu duen lagunartekoa, sokatirako selekzioa Herbehereetan jokatzen ari den Munduko txapelketa nabarmendu nahi izan ditu. Hala, «giro aproposa» delakoan dago, are gehiago EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk kirolaren legea aurrera ateratzeko akordioa egin ostean.