En direct

Algortako Mugimendu Feministako bi kide ikertzen ari da Ertzaintza, Portu Zaharreko festetan 16 urteko neska bati egindako eraso matxista artatzea oztopatu zutelakoan. MFk gezurtatu egin du hala gertatu zenik, eta eurak kriminalizatzeko egindako saiakera deitoratu dute. Ikertzen ari diren bi lagunek ene oro «protokolak agintzen zuena» bete zutela azaldu du NAIZ Irratian Oihane Landazabal, Algortako Mugimendu Feministako kideak, eta ez duela «ez hanka ez buru» ikertzen ari diren ustezko delituak. Desobedientzia delitu larria gauzatu izana egozten diete ikertuei, eta ildo horretan, «zentzu eta oinarri gutxi» ikusten diote prozedurari.
Landazabalek gogoratu du urteak daramatzatela neska horri gertatutako kasuak bezalakoekin arduratuta, «inor gutxiri axola zitzaionean» horrekin arduratuta izan direla gehitu du, eta hala jarraituko dutela, azken gertaera hauek gertatuta ere: «Ibilbide luzea dugu honetan, eta, zaintza eta mimo guztiarekin egiten dugu beti».
Protokoloen garrantzia
Espazio seguruen aldarria egin du Aldazabalek: «Erasoa jasan duen emakumeak, erasoatu izan den heinean, behar du gune seguru bat, behar du konfidantza inguruan. Badakigu erasoa jasan zuen neska hala sentitu zela, eta aldiz, inseguritatea areagotu egin zitzaiola Ertzaintzak eskuhartu zuenean». Horregatik dio beharrezkoa dela horrelako kasuetan formakuntza izatea.
Jarraitu beharreko protokoloek ez dute garrantzia gutxiago; hor jasotzen dira horrelako kasu batean jarraitu beharreko pautak zein diren: «Erabaki batzuk presaz hartu behar dira, eta horiek kudeatzen laguntzen du protokoloak». Beti izan dira garrantzitsuak protokolo hauek, are gehiago pandemiaz geroztik, Landazabalek baitio «pandemiaren ostean indarkeria matxista are oldarkorrago» datorrela. «Ez dakigu esaten zehatz zergatik, baina itxialdiak edo bestelako neurriek muga batzuk ekarri dituzte, eta orain berriz, mugarik gabeko eszenatoki batean gaude. Mugarik gabeko horrek gauza on asko dituen bezala, batzuentzat bada joko-zelai erosoago bat nahi dutena egiteko».
Eraso matxistak ez dira berriak, baina beharbada forma berrietan gauzatuta ikusi dugu uda honetan. Edonola, Landazabalek gogoratu du sumisio kimikoaren auzia ez dela berria, iraganean ere gertatu izan direla halakoak, baina gehitu du sustantzia kimikorik gabeko ziztaden erasoek helburu argi bat dutela: «Argi dugu beldurra erreproduzitzeko erabiltzen diren heinean, indarkeria mekanismoak dira eta horrela tratatu behar ditugu».
MFren kriminalizazioz
Gai hauetaz guztietaz hitz egiten bada, Landazabalek argi du azken urte luzeetan MFk egin duen lanari esker izan dela. «Horrelako egoeretarako prestatu da mugimendua, formatu egin da, jende prestatua du horrelako egoerei aurre egiteko. Ikuspegi prebentibotik ez ezik, eskuhartze lanetan ere jardun da. Alde horretatik, errespetua merezi duen mugimendu bat da». Sarea kriminalizatzeko nahi edo asmorik ikusten duen galdetuta, uste du baietz; dio Algortakoa ez dela kasu «lokalizatu» bat, beste herri eta hiri batzuetan ere ikusi direlako tankerako egoerak, eta zentzu horretan, Josu Erkoreka Lakuako Segurtasun sailburuak «mesede gutxi» egiten diela «gune feminista bat sortzera doazen kolektiboei», sektore horiei «babesik eman gabe». Beraz, «arduraz jokatzeko» deia egin dio.
Madrilgo Diputatuen Kongresuak onartu berri duen 'Bai da bai' moduan ezagutzen den legearen inguruan, uste du aurrera urratsak ekar ditzakeela, baina ikusteke dagoela honen garapena.


