En direct

Oihane Ozaeta

Euskarabentura, giltzarrietako bat hizkuntza ohiturak aldatzeko

Uztailaren 1ean, ostiralean, abiatuko da Euskarabentura Maulen eta uztailaren 31ra arte etenik gabe orotara 700 bat kilometro egingo ditu espedizioak Euskal Herria gurutzatuz. Izenak dioen moduan, euskara eta abentura dira osagai nagusienak.

Audio_placeholder

Euskarabentura, giltzarrietako bat hizkuntza ohiturak aldatzeko

Loading player...
Uxue eta Irati, Euskarabenturako antolakuntzako kideak.
Uxue eta Irati, Euskarabenturako antolakuntzako kideak. (Naiz Irratia)

Gero eta gutxiago falta da aurtengo Euskarabentura hasteko. Egun eta ordu honetarako espedizioan parte hartuko duten gazteek erabakita izango dute zer eraman motxilan, pentsatuta izango dute praka hau edo beste eramatea, edo erosoago joango diren oinetako hauekin eta haiekin. Sartuta izango dituzte bizkar-zorroan eguzkitarako krema eta toalla, oinetako zauriak sendatuko dizkien ukenduak, eta beharbada, hilabete osoko ibilaldiari aurre egiteko beharko dituzten bitaminak.

Irati Labaien Euskarabenturako kideak ondo daki zer den eta zergatik sortu zen Euskarabentura. «Ideia zoro» batetik sortu zela azaldu du Labaienek: «2015ean gazte batzuk topatu ziren gazteagoak ziren garai hartan, Boiseko jaialdian, eta han ideia hau sortu zitzaion baten bati garai batean egiten zen Ketzal Bidea ardatz hartuta. Ideia horretatik tiraka sortu zen Euskarabentura, Euskal Herrian eta euskaraz espedizioa egiteko. 2017an ekin genion lehen bilera bati eta han hasi ginen pentsatzen. Izan ere, gure gurasoek egiten zuten lan bat euskararen ezagutzaren alde, eta pentsatu genuen ea guk zer egin genezakeen txikitasunetik ekarpen bat egiteko herri honi, hizkuntza honi. Eta erabileraren alde ekarpena egin ahal genuela pentsatu genuen».

Euskara baldintza «bakarra»

Baldintza bakarra Euskara jakitea dela adierazi du Labaienek, ez duela axola gazteak nondik datozen. «Helburuan artean badago bat: euskararen erabilera sustatzea gazteen artean. Baina bestelakoak ere, gazteen artean sare bat sortzea adibidez. Horrek ekarriko du gerora beraiek ere bestelako proiektuak egitea. Bestalde, EHan dugun ondasun naturala eta historikoa ezagutzea, eta nola ez, garrantzitsuak diren baloreak sustatzea, ingurumena, turismo arduratsua, genero berdintasuna, egun migrazioarekin dauden arazoak ere jarri mahai gainean», azpimarratu du.

Euskarabenturak 130 gazte inguru elkartu ohi ditu, Euskal Herriko zazpi lurraldetakoak eta diasporakoak. Espedizioan parte hartzea, Labainen  hitzetan, gazteek «irabazi» egin behar dute. Espedizioa dohainik da baina gazteek lan bat egin behar dute, urtero planteatutako gai baten inguruan, eta formatu ezberdinetan, hala nola, idatziz, musikala, bideo eran... Ondoren, Eusko Ikaskuntzak eta PuntuEUS fundazioak lanak zuzendu eta onenak sartzen dira.

Aniztasuna da antolatzaileentzat beste helburu bat: «EHko errealitate linguistiko anitzetatik jendea etortzea, ze askotan nik igual zortea dut inguruan euskaraz bizi naizelako, baina ez dauka mundu guztiak aukera berdina. Errealitate hori gazteek ikustean, klik bat, batzuengan behintzat, izan daiteke».

Uxuek gazte bezala parte hartu zuen Euskarabenturan aurreko urtean, eta aurten xerpa lanetan ibiliko da, hau da, begirale lanetan. 10eko gazte talde bat bere ardurapean egongo dira espedizioan zehar, eta gazte horiek laguntzea eta gidatzea izango da bere lana. «Saiatu naiz helburu asko ez jartzen, pixka bat urduri nago, lehen aldia da begirale bezala noala hilabete osorako. Gazteak ez ditut ezagutzen, eta nahi dut gertutasuna transmititu, beraien laguna izan» aitortu du.

Uztailaren 1ean, ostiralean abiatuko da Euskarabentura Maulen, eta uztailaren 31ra arte etenik gabe orotara 700 bat kilometro egingo ditu espedizioak Euskal Herria gurutzatuz. Bidean Unescok gizateriaren ondare izendatutako lekuetatik ere pasako dira, Done Jakue bidearen zati ezberdinak jarraituz. Aurten aldaketatxo batzuk egongo dira, izan ere, badago talde bat leku hauek asko ezagutzen dituena. Hala, ohiko ibilbideaz gain, aurten Zuberoan, Amaiurren, Lesakan eta Zugarramurdin ere ibiliko dira.

Labainek mahaigaineratu du espedizioaren atzean badaudela laguntzen duten hainbat erakunde: «Haiek gabe ezingo litzateke aurrera atera, Euskarabentura elkartea osatzen dugunok boluntarioki ari gara lanean hasieratik, eta diru-laguntza horiek gabe...eta ez bakarrik dirutan, herriz  herri hotelak uzten dizkigutenak, parte hartzen duten lagunak...horiek ere badira Euskarabentura».

Jaurlaritza Logoa