En direct

NAIZ Irratia

«Berdintasuna ezin da 15 egunez albo batera utzi, egunero defendatzen da»

Bi urteko etenaldiaren ostean bueltan da ekainaren 30eko Alardea eta, ohi bezala, bitan banatuta dator: baztertzailea alde batetik, eta parekidea bestetik. Bi hamarkadaz luzatu den gatazkari amaiera emateko «adostasun politikoa» ezinbesteko deritzo Miren Echeveste Irungo Berdintasun zinegotziak.

Audio_placeholder

«Berdintasuna ezin da 15 egunez albo batera utzi, egunero defendatzen da»

Loading player...
Irungo Alarde Parekidea, 2019ko ekainaren 30ean desfilatzen, txalo artean.
Irungo Alarde Parekidea, 2019ko ekainaren 30ean desfilatzen, txalo artean. (Jon URBE | FOKU)

2022an bueltan datoz herriko jaiak. Horietako bat aste honetan bertan ospatuko diren Irungo San Pedro eta San Martzial jaiak. Pandemiak eragindako geldialdiaren ostean itzuliko da Irungo alardea. Azken urteetan bezala, bi Alarde izango dira aurtengoan ere: tradizionala deitu ohi dutena, baztertzailea, kantinera gisa soilik 19 emakumeen parte-hartzea baimentzen duena. Eta alarde parekidea bestea, emakumeen parte-hartzea inolako baldintzarik gabe onartzen duena.

Herritarrek historikoki gai honekiko izan dituzten ezberdintasunak hiriko udalbatzan ere islatzen dira: PSEk eta EAJk Alarde baztertzailea babesten dute, EH Bilduk eta Podemosek berriz, parekidea. 2020tik koalizioan agintzen dute Irunen PSEk eta Podemosek eta alderdi moreko Miren Echeveste da egun Berdintasun zinegotzia. Hain da polemikoa gaia, Alardearen inguruko iritzi bateratua gobernu akordiotik kanpo utzi zutela. Dena den, berdintasun arloan urratsak ematen ari direla uste du Echevestek, «pixkanaka ari gara berdintasuna sustatzen jendeak uler dezan berdintasuna ezin dela 15 egunez albo batera utzi, egunero defendatzen da».

Onartu du Berdintasun zinegotziak Irungo Udalbatzan ordezkaritza duten alderdiak hiria bezala «zatituta daudela gai honen inguruan» eta azaldu du ari direla babes gehien duten PSE eta EAJ «mugiarazten saiatzen», argi baitu Echevestek «adostasun politikoa» funtsezkoa dela gatazkari irtenbidea emateko. «26 urteren ostean zergatik gauden horrela? Erakundeen eta alderdi politikoen adostasunik ez delako lortu» azaldu du Echevestek.

Elkarrizketa politikoa

Askorentzat ulertezina da Alardearen aferak kateatuta jarraitzea, bizikidetzari egiten dion kalteaz jakitun. Baina zentzu horretan, duela urte batzuk baino ikuspegi baikorragoa du Berdintasun teknikariak, «20 urtean ez da hitz egin Alardeari buruz eta azken bi urteetan asko hitz egin da. Behintzat eztabaida sartu da Udalean». Ausartu da ere Echeveste, aldaketari begira, balizko aldaketa bat proposatzeko, «epe motzean ez, baina ertainean aldaketak ikusiko ditugu, PSEren eta EAJren aldetik».

Podemosek udal Gobernutik PSErengan eragin dezakeela pentsa daitekeen arren, ezin ahaztu EAJrekin batera gehiengoa dutela Udalbatzan eta ondorioz, Alardearen edozein aldaketa gauzatzeko ala oztopatzeko ahalmena. «Udalbatzaren aritmetika da. PSEk hamar zinegotzi ditu eta EAJk zazpi. Hor dago errealitatea». «Blokeoa ez da soilik alkatearen kontua, EAJk asko du esateko hemen» gaineratu du.

Errealitatea da elkarrizketak gorabehera, aurtengoan ere Irungo alkate Jose Antonio Santanok egingo diola harrera emakumeak baldintza berberetan onartzen ez dituen Alardeari. Miren Echeveste berriz, parekidearen zain egongo da. 

Jaurlaritza Logoa