En direct

NAIZ Irratia

«Gazteriaren aktibazioa eta antolakuntza», Ernaik proposatutako gazte frontearen oinarriak

Ernairen III. Kongresua amaituta, balorazioa ekarri du NAIZ Irratira Ane Alava bozeramaileak. ‘Ehotzen’ ponentziak babes zabala jaso du, %93koa, eta hori «parte-hartze prozesu baten ondorio dela» dio Alavak. Naziogintza, feminismoa ala euskarak gazte independentisten oinarri izaten jarraituko dute.

Audio_placeholder

«Gazteriaren aktibazioa eta antolakuntza», Ernaik proposatutako gazte frontearen oinarriak

Loading player...
Ane Alava Ernaiko bozeramailea Olaztin antolatutako kongresuan.
Ane Alava Ernaiko bozeramailea Olaztin antolatutako kongresuan. (ENDIKA PORTILLO | FOKU)

Nazio mailako kongresua amaituta, euskal gazteria independentistak gazte fronte batean artikulatu beharra duela ondorioztatu dute Ernaiko kideek. «Gazte frontea erronka nagusi bezala markatzen dugunean, gazteariaren aktibazioaz eta antolakuntzaz ari gara, gazteon bizi eredu eta baldintzak iraultzera bideratuta egongo dena», adierazi du Ane Alava Ernai gazte antolakundeko bozeramaileak. «Gazte olatu» bat eratzeaz ari da Alava, baina «olatu bat norabidetuta» oinarri zehatz batzuengan lan egiteko.

Asteburu honetan egin du Ernaik bere III. Kongresua Olatzagutian eta balorazio «oso positiboa» egiten dutela azaldu du gazte erakundeko bozeramaileak. ‘Ehotzen’ ponentzia izan da bozkatuena, babes zabalarekin gainera, botoa eman duten %93k egin baitute aukera horren alde. Hori «parte-hartze prozesu baten ondorio dela» nabarmendu du Alavak, ponentzian jasotako gaiak tokian tokiko behar eta kezkei begira proposatu baitira; «horrek batuko gaitu borroka guztietan», ondorioztatu du Alavak.

Erronka berriak identifikatzeaz gain, aurreko belaunaldien «oinarrizko baloreetan» berretsi direla dio Alavak: feminismoa, ekologismoa, euskara, politika aurrerakoiak eta naziogintza, besteak beste. Fronte desberdin horiek lantzeaz gain, eskala txikian eta herriz herri ere lanean jarraituko dute, baita maila orokorrean ere.

Landu beharreko gaiak

Alde batetik, naziogintzari buruzko kezka du Ernaik, konturatu baitira Estatu frantses eta espainolek ez dutela irtenbiderik planteatzen gazteen arazoei. Gazteek desatxikimendu sentimendu handia izan arren, «hori ez da islatzen independentziaren aldeko antolakuntzan, abertzaletasunean, naziogintzan». Alavaren esanetan, «gure erronka bada desatxikimendu guzti hori Euskal Herriaren eraikuntzaren aldeko aktibazio batean bilakatzea», eta uste du Ernairi dagokiola gazte independentistak sortzen jarraitzea.

Hezkuntzari dagokionez, uste du unibertsitatetan lan handia dagoela egiteko, batez ere lege eta kode berrien inplementazioaren ondoren. «Ikasle mugimendua artikulatzea da erronka, dauden beste taldeekin batera. Ikamarekin gure harremana estutu dugu eta haien esku uzten dugu dinamizatzeko eta lidergoa eramateko lana», azaldu du.

Feminismoarekin eta euskararekin ere antzeko estrategia jarraituko dute. Biak Ernaik barneratzen eta babesten dituen mugimenduak dira, baina horretarako lanean ari diren beste taldeak daudenez, elkarlana sustatu eta haiei bidea errazteko pausoak emango dituzte.

Jaurlaritza Logoa