En direct

NAIZ Irratia

Nafarroan ezohikoak ziren hondamendiak «gero eta ohikoagoak» direla ohartarazi du EH Bilduk

Azken egunetako suteak ala iazko uholdeak, Aldaketa Klimatikoaren zantzu argiak dira Nafarroan EH Bilduko Bakartxo Ruizen arabera. «Demagogiaz aritu gabe» neurriak hartzera deitu du Foru Gobernua, eta bide batez, honekin duten harremanaren berri eman du. 

Audio_placeholder

Nafarroan ezohikoak ziren hondamendiak «gero eta ohikoagoak» direla ohartarazi du EH Bilduk

Loading player...
Artxibo irudian, Bakartxo Ruiz Nafarroako Parlamentuan.
Artxibo irudian, Bakartxo Ruiz Nafarroako Parlamentuan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Pasa den asteburutik erretzen ari da Nafarroa hainbat puntutan. Azken orduetan egoera zertxobait lasaitu den arren, kritikoa izaten jarraitzen zuen Bakartxo Ruiz EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramaileak Naiz Irratiarekin hitz egin duenean. Hark ez du zalantzarik, muturreko sute hauek hainbat jatorri dituzte, baina denen gainetik Aldaketa Klimatikoa kokatzen da, «Nafarroan egunotan bizitzen ari garena, ezohikoa da baina gero eta ohikoagoa bilakatzen ari da eta bilakatuko da aurrerantzean ere. Aldaketa Klimatikoaren ondorioak hortxe ditugu».

Lehentasunak finkatze aldera, Ruizen arabera une honetan helburu bakarra, «sute guztiak itzaltzea da, behar diren baliabide guztiak eskura izatea eta herritarrei ahal den neurrian laguntza ematea». Astelehen honetan jaso ahal izan zituzten alderdi politikoek azalpenak Nafarroako Gobernuaren aldetik, eta dio EH Bilduko parlamentariak gobernuak «konpromisoa» hartu duela krisia igaro ostean Nafarroako Parlamentuan azalpenak emateko. «Erabakiak lehenago hartu ahal zirela» aitortu duen arren, neurriak, «demagogiaz aritu gabe» hartzearen beharra nabarmendu du baizik eta «eraginkortasunez». Zentzu horretan, lehen lerroan dauden suhiltzaile eta basozainei hitza ematearen alde daude koalizio subiranistan. «Langileei entzutea, hausnarketa partekatua izatea eta soluzioak adostea ezinbestekoa izango da» dio parlamentariak.

Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko, erakunde publiko guztien lana beharrezkoa dela eta Nafarroako Parlamentuan borroka horretan ari direla azaldu du Ruizek, «berandu, baina ari gara zerbait egiten erakundeetatik». Hala ere adierazi du ere, nekez borroka daitekeela nafar parlamentuak onartutako aldaketa klimatikoaren legeari, Madrildik oztopoak jartzen badizkiote; «astelehen honetan bertan jakin genuen estatuak hainbat artikulu auzitegira eramango dituela konstituzioaren aurkakoak izan daitezkeelakoan». Klimaren alde egiteko bada ere, «burujabetza saiakera hori ere auzitan jartzen zaigula» salatu du Ruizek.

Legealdiaren balantzea

Aldaketa klimatikoarena, EH Bilduk Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean aztertu duen gaietako bat da. Legealdiaren amaiera gero eta gertuago dela, uste du Ruizek bi helburu nagusi bete direla hein handi batean: «politika aurrerakoiak bermatzea» eta «eskuinaren politikak alde batera uztea».

Etxebizitzaren edo bidesarien lege berria lankidetza arrakastatsu horren baitan koka daitezke. Baina ez ditu «argi-ilunak» ezkutatu ere Ruizek, eta hainbat arloetan Foru Gobernuaren eta bereziki PSNren «anbizio falta» kritikatu du, fiskalitateari dagokionez adibidez. Euskararen egoeraren inguruan irakurketa ezkorragoa egin du; «badakigu alderdi sozialista oso urrun dagoela hizkuntza eskubideak bermatzeko behar diren politikak defendatzetik». PSNk, Navarra Sumarekin batera euskararen aurka egindako erasoen aurrean, gainontzeko alderdien eta eragile sozialen «presioa» baino ez dela gelditzen ondorioztatu du EH Bilduko parlamentariak.

 

Jaurlaritza Logoa