En direct
«Medikamentu biodegradagarriak lortu behar dira. Oso polita dirudi, baina oso zaila da»
700 farmako baino gehiagoko hondakinak antzeman dira ingurumenean, ibaietan eta lakuetan gehienbat. Antibiotikoen agerpena osasun publikoko arazo larria da jada Nazio Batuentzako. Edateko uretan agertutako kopurua txikia da, baina «epe luzera» begiratu behar dela dio Saioa Domingo farmazialariak.
«Medikamentu biodegradagarriak lortu behar dira. Oso polita dirudi, baina oso zaila da»
Botikak funtsezkoak dira pertsonen bizi kalitatea hobetzeko eta bizi itxaropena handitzeko. Horregatik, jendartean eragiten duten onura ez du inork zalantzan jartzen, eta ikertzen jarraitu behar da alor horretan. Kontsumoak baina, nabarmen egin du gora azken hamarkadetan: munduko populazioaren erdiak medikamentu dosi bat hartzen du egunero. Saioa Domingo farmazialariak emandako datua da hori. Kontsumo honen albo kalteak hasiak dira azaleratzen, eta ikerlariek jada paratu diote izena: farmakokutsadura. Horren aurrean zer egin? Argi du Domingok, ikertzen jarraitu farmako jasangarriagoak lortzeko bidean, eta farmakoak zentzuz kontsumitzea.
Saioa Domingo Osakidetzako Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuko Farmazia Zerbitzuko arduraduna da. Euskadiko Medikamentuen gaineko Ikerkuntza Batzorde Etikoko (CEIMe) eta INFAC buletineko Erredakzio Batzordeko kidea da eta Gelditu Makinak saioan izan da gaiaz hitz egiten.
Zerk egiten ditu kutsagarri farmakoak?
Kutsatzaileetan pentsatzen dugunean ez zaizkigu burura etortzen medikamentuak. Beste adibide batzuk daude bolo-bolo orain: mikro-plastikoak edo berotegi efektua eragiten duten gasak. Farmakoak toxiko naturalak dira dituzten ezaugarriengatik. Oso kontzentrazio baxuetan eragiteko ahalmena dute, hain zuzen, horretarako diseinatu dira. Farmakoen jomugak filogenetikoki kontserbatuak daude, eta gizakietan ez ezik beste izaki bizidunetan ere agertzen dira, eta eragina dute noski.
Eta farmakoen kutsadurak non du jatorria?
Pertsonetan eta animalietan erabiltzen dira medikamentuak eta azken urteetan gero eta gehiago erabiltzen dira. 2015. urtean, munduko populazioaren herenak medikamentu dosi bat baino gehiago hartzen zuen egunero; 2020an zifra hori handitu egin da. Munduko populazioaren erdiak medikamentu dosi bat hartzen du egunero, polimedikazioaren arazoa ere badugu. Animalietan ere erabiltzen dira farmakoak. Animalietan bitan banatzen da erabilpena: abeltzaintza eta maskotak. Europan, adibidez, gero eta maskota gehiago dago. Haien biziraupena gero eta handiagoa da, eta medikamentuak ematen zaizkie...beraz, medikamentuen erabilpena, orokorrean, handiagoa da orain.
«Munduko populazioaren erdiak medikamentu dosi bat hartzen du egunero, polimedikazioaren arazoa ere badugu»
Kutsatzaile potentzial honek zein ziklo du?
Egia esan medikamentuaren bizi zikloaren etapa denak naturarekiko sarbide dira. Produkzioan, garraioan, kontsumoan eta hondakinen kudeaketan ere bai.
Kutsadura hori erauzteko bada mekanismorik? Adibidez, urak araztegian garbitzen dira...
Ura araztegietara iristen da bai, eta bertan tratatu egiten da. Baina araztegi denak ez daude diseinatuak medikamentu denak desagerrarazteko.
Noiztik da farmazia-produktuen kutsadura esanguratsu?
Berez, lehenengo ikerketak 70. hamarkadakoak dira. Penizilina Bigaren Mundu gerra bukaera arte ez zen ezagutu, beraz, erabilera nahiko berria da. Baina egia da azken hamarkada hauetan izendatu ditugula kutsatzaile taldean. Abusu drogak ere hor daude, norberaren higienerako produktuak ere bai. Baina guzti horien artean medikamentuak dira kezka gehien sortzen dutenak. Ingurumen inpaktua ikertzea oso inportantea da erakunde batzuentzat, Europar Batzordea eta Osasunaren Mundu Erakundea ere hasiak dira ikerketak bultzatzen.
Zein dira inpaktu gune esanguratsuenak?
Ba luzea da gaia. Zeintzuk dira giza osasunean egon daitezkeen arriskuak? Medikamentu hauek gure uretara eta gure janarietara heltzen dira: barazkiak, haragia, arraina....OMEk 2012an egin zuen txostenean edateko uretan botika kontzentrazio txikia zegoela jakinarazi zuen. Baina kezka epe luzerakoa da. Zer gertatuko da kronikoki esposizio bat badugu? Gehiago ikertu behar den gaia da. Bestalde, oso arazo larria da antibiotikoekiko erresistentzien gorakada. Gaur egungo osasun publikoko arazo larriena da Nazio Batuen Erakundearen arabera. Pandemian arazoa larriagotu egin da eta farmakokutsadurarekin zerikusi zuzena du.
«Zer gertatuko da kronikoki esposizio bat badugu? Gehiago ikertu behar den gaia da. Bestalde, oso arazo larria da antibiotikoekiko erresistentzien gorakada. Gaur egungo osasun publikoko arazo larriena da Nazio Batuak Erakundearen arabera»
Pentsatu behar da ere nola eragiten dien medikamentuak ingurumenean dauden beste izakiei. Arrainetan, adibidez, ezagunena estrogenoek eragindako kaltea da, ugalketan eragin zuzena du. Kanadako laku batean egin dute ikerketa, hormona estrogenikoak uretara bota eta ikusi zuten arrai txiki baten populazioa erabat desagertu zela. Eta ikusi zuten ere esperimentua aurrera joan ahala, beste espazie batzuen populazioa jaitsi egin zela eta ondorioz algak hazi egin zirela, asko. Desoreka bat sortu zen ekosisteman. Hori da farmako kutsaduraren adibide ezaguna.
Badago beste adibide ezagun bat. Mende hasieran Asia eta Pakistan inguruan ikusi zuten sai espezie batzuen ale heldu zein gazteak hil egiten zirela, eta ez zekiten zergatia. Hasi ziren ikertzen eta ohartu ziren erruduna abeltzaintza diklofenako antiinflamatorioaren erabilpena zela. Inguruko behiak farmako horrekin tratatzen ziren, baina behiak hiltzen zirenean gorpuak hor geratzen ziren eta sarraski zaleek jaten zituzten. Beraz, farmakoak ez zien kalterik eragiten behiei baina bai saiei, heriotza eragiten zien zuzenean. Eta honek guztiak bazuen zeharkako eragina gizakian ere. Behien gorpuak hor geratzen ziren eta arratoi eta txakur basatiak agertu ziren, eta baita hauen bidez transmititzen diren gaitzak ere, amorrua txakurren bidez, eta arratoien bidez leptospirosia. Eta hori gutxi ez eta animaliak erretiratzeko kamioiak bertaratu behar ziren, hori ere CO2 kutsadura...Adibide polita da hau osasun bakarraren kontzeptua ulertzeko. Alegia, dena dagoela erlazionatuta. Gizakien osasuna, animaliena eta ingurumenarena.
Zein dira hartu behar diren neurriak?
Neurriak, medikamentuaren bizi zikloaren etapa denetan hartu behar dira, eta zikloan parte hartzen duten eragile guztiek hartzen dute parte. Herbehereetan kate estrategia bat proposatu dute prozesuan parte hartzen duten eragile guztiekin, baina beraiek definitu dute farmakokutsadura arazo gaizto bezala, konponbide zaila duelako, eragileek interes kontrajarriak izateak asko konplikatzen du dena. Neurri batzuk jarri dituzte, adibidez, diseinu berdea, alegia, medikamentu biodegradagarriak sortzea. Oso polita dirudi, baina oso zaila da sustantzia guztiekin egitea, molekulen ezaugarriak aldatzen direlako.
2005etik, Europan bada txosten bat ingurumen inpaktuari buruzkoa. Baina txosten hori ez da aintzat hartzen medikamentu bat merkaturatzeko orduan. Abeltzaintzaren kasuan, ingurumenean kalte larriak eragiten baditu, mugak jartzen dira edo farmakoa debekatu. Gizakiekin, ordea, txosten hori ez da kontuan hartzen, alegia, txostenak ez du balio farmakoaren inguruko erabakiak hartzerako orduan.
«Normalean medikamentuak zentzuz erabiltzen baditugu gutxiago erabiliko ditugu. Polimedikazioa arazo bat dela esan dugu lehen... medikamentuen erabilera murriztu daiteke, eta hori naturarentzat ona izango da»
Neurri pila daude har daitezkeenak, horietako bat, medikamentua zentzuz erabiltzea. Osasungintzako langileentzat mantra gisako bat da hori: medikamentua zentzuz erabili. OMEk 1985. urtean ebatzi zuen zein medikamentu erabili eta zein den dosi egokia. Normalean medikamentuak zentzuz erabiltzen baditugu gutxiago erabiliko ditugu. Polimedikazioa arazo bat dela esan dugu lehen... medikamentuen erabilera murriztu daiteke, eta hori naturarentzat ona izango da.
Baina benetan posible da medikamentu jasangarriagoa egitea efikazia murriztu gabe?
Hori da ikertu behar dena. Oso ikerketa gutxi plazaratu dira horren inguruan. Aprobetxatu nahiko nuke esateko duela urte batzuetatik proiektu bat dugula Gasteizen sortutakoa. ‘Basque Sustainable Pharmacy’ Euskal Herrian sortu dugu baina izena ingelesez jarri diogu nazioarteko kolaborazioak sortu nahi ditugulako. Helburuen artean dago farmako kutsaduraren inguruko ikerketak egitea. Honen inguruko dibulgazioa, difusioa eta prestakuntza. Osasun profesionalen artean gai hau orain arte ez da oso ezaguna, normalean beste gaietako profesionalek egin ohi dituzte ikerketak, ingurumenarekin zerikusia dutenak, baina osasun langileok ere sartu behar dugu gai hauekin. Guk ere medikamentuak erabiltzen ditugu eta konponbidearen parte izan behar dugu. Gu farmazialariak gara, osasunaren mundutik gatoz, eta gure ikuspuntua aberasgarria da.