En direct

«Lege zaharreko ‘drum & bass’ musika», -Gailuren itzuleran

Urtebete da ‘Begiak, egiak ba ote?’ diskoa kaleratu zenetik, baina aurkezpenak kontzertuak martxan jarri arte ez egiteko hautua egin zuen -Gailu taldeak. Xabier Olazabal ‘Drake’, Okene Abrego eta Mikel Txopeitia dira taldekideak, zuzenekoetarako Mariano Hurtadok hartzen badu ere Drakeren tokia.

Audio_placeholder

«Lege zaharreko ‘drum & bass’ musika», -Gailuren itzuleran

Loading player...
Mikel, Okene eta Marianok eskainiko dituzte -Gailu taldearen zuzenekoaka.
Mikel, Okene eta Marianok eskainiko dituzte -Gailu taldearen zuzenekoaka. (Galder IZAGIRRE)

Aspaldi samarrean sortutako proiektua da -Gailu eta urteetan lozorroan egon ostean, inork espero ez zuela agertu da taldea. «Pandemia hasi aurretik, bi hilabete lehenago edo, Drake eta biok hasi ginen lokalean elkartzen, jotzen, grabatzen, egiten genituen jam sesion moduko horietan. Zazpi bat entsegu egin genituen eta pandemiako itxialdia etorri zen. Hor grabatutako guzti hori maketatzen eta hasi nintzen, egunero bizpahiru orduz haiekin lanean jarduteko diziplina hartu nuen eta bat-batean 19 abesti genituen esku artean», aipatu digu Mikel Txopeitiak. «Horietatik hamazazpi grabatu ditugu eta hamabi kaleratu. Behin Mikelek entsegu horietatik ateratako guzti hori pasa zidan eta urtebetez aritu nintzen konposizioak eta mantso-mantso egiten. Sortu orduko bidaltzen nizkien eta banaka-banaka, hamazazpi osatu arte», gaineratu du Okene Abregok.

Soiltasunaren magia

‘Kalez kale’ kantuarekin hasten du diskoa eta benetan garbia da, sampler gutxi, baxua eta bateria oinarri dituen abestia. «Honekin gero zuzenekoetarako prestatu duguna ulertuko du jendeak. Kantuak biluzten saiatu gara ahalik eta gehien, artifizio gutxiago sartu eta aurrera. Lege zaharreko ‘drum & bass’ musika da, baina energia duena», azaldu digute -Gailukoek.

Hitzak ere fin hautatuak dira, beti lehendabizi musika sortu dute eta horren gainean moldatu ditu bere ahots eta testuak Okene Abregok. «Disko osoa goitik behera hautatutako testuz betea dago, ez da izan prozesu erraza eta kantu bakoitzaren testua hori izateak badu bere arrazoia. ‘Kaleak kale’ kantuko testua, adibidez, duela 25 urte idatzia da nahiz eta sekulako gaurkotasuna duen eta sekulako indar eta energia ditu ideien aldetik», esan digu Abregok.

Kantu askotan ‘spoken word’ delako teknikarekin abesten ditu Okene Abregok, egun modan jarri den zerbait, baina bera aspalditik lantzen ari dena: «Aspalditik asmatua dagoen zerbait da eta guretzako estilo oso gogokoa izan da. Hip-hop instrumentalarekin oso lotuta doa eta baita beste hainbat estilorekin ere. Guretzako oso inportantea den doinua da. Ibilbide luzea dugu musikan eta horietako asko gureganatu ditugu, hortaz, dagoeneko errez ateratzen zaigun zerbait da».

Single moduan ‘Gaua’ ezagutu genuen, kantu dantzagarria dena, eta bertan ahotsari tratamendu robotikoa eman diete -Gailukoek. «Nik halako gailu denekin flipatu egiten dut, efektuekin, autotunearekin… ahots prozesatuak asko gustatzen zaizkit. Proiektuak baxua eta bateria soilik dituenez oinarrian, nahiz eta samplerrak ere badauden, ahotsarentzako espazio handia geratzen zen jolaserako eta zukua ateratzeko», aipatu du Txopeitiak. Martxel Arkarazo ere izan dute bidelagun Garate estudioan izan direnean eta orain zuzenekoetan.

Gauez eta gauerako sortua

Eguna edo gaua nahiago duten galdetuta, biak bigarrenaren aldeko hautua egin dute, diskoak hara eramaten dituelako. «Nik disko honetan batez ere gau asko pasa ditut eraikitzen. Baina elkarrekin lotuta doaz, gauez disfrutatu duzuna hurrengo egunean ere hor daramazulako. Gauez ez zaitu ezerk eteten sortzen ari zarela, eta uste dut disko honek baduela gainera gauetik gehiago egunetik baino», gaineratu du Abregok. «E, zer ordu da?» bere buruari esatea maiz gertatu omen zaio Txopeitiari sortzerakoan: «Askotan kaskoak jantzi eta sekulako gorakadarekin ibili izan gara etxean, rave batean bagina bezala, loopak entzun eta entzun. Hori seinale ona da, gogo asko jarri dugu lan hau egiterakoan«, gaineratu dute anaiek.

Sampler asko daude diskoan gordeta eta haietako batzuk oso ezagunak dira, beste batzuk akaso gutxiago, baina jolas hori ere badu ‘Begiak, egiak ba ote?’ diskoak bere barruan. «Jostailu ederra da samplerren mundua, musika maite dugunontzat sorpresa bat da. Zuk nahi duzun tokian kokatzen baituzu sampler hori eta entzuten duzunean ere atentzioa ematen du», hasi da Abrego. Horri Txopeitiak zera gaineratu dio: «Aurrekoan nire semearekin gertatu zitzaidan halako zerbait. Sofia Gabanna entzuten ari zen, Nathy Pelusoren ahizpa, Andoainen Sanjoanetan izango dena, eta Tom Waitsen ‘Swordfishtrombone’ kantuaren kontrabaxua zuela konturatu nintzen».

Punketik indioetara

Punkaren mundura eramaten gaituen kanturen bat ere badu -Gailuren estreinakoak gordeta, baita beren hastapenetara eramaten gaituen beste kantu laburren bat ere. ‘Zabaldu ximorra’ abestia da BAP!! taldearen garaira eramaten gaituena, baina ‘Esazu’ bada punkaren mundura gehiago bideratzen gaituena: «Sinple eta zuzena da abestia. Musika sortuta zegoenean, oso argi neukan abesti horrekin zer kontatzeko aukera ematen zidan, eta eskuartean nituen testu desberdinekin, testu hau fin doakiola esango nuke. RIPen garaietara eramaten gaituzte zuzenean».

Ipar Amerikako indiarrak dantzan irudika daitezke ‘Ekhi dantza’ kantuarekin eta horren inguruan barre-algara batzuk ere izan dira Okene eta Mikelekin: «Suaren bueltan dantzan, tipiak inguruan… Wurlitzerren liburu batean agertzen den kantu bat da. Lakotarren abestiak hartzen ditu oinarri eta haietatik abiatuta sortzen ditu hainbat kantu. Ni gaur egun basoan bizi naiz eta naturarekin askoz ere kontaktu gehiago dut eta bat egiten dut hitz horiekin».

Hori eta gehiago dute eskaintzeko -Gailu taldekoek eta zuzenekoekin orain hasiko dira, lehendabizikoa etxean, Andoain Rock jaialdian ekainaren 11n, gero uztailaren 2an Orioko Etxeluze gaztetxearen urteurrenean izango dira eta 3an Irisarrin, Euskal Herria Zuzenean jaialdian. Disko fisikoa ere kalean dute eta bIDEhuTS-en web orrialdean edota kontzertuetan eskura daiteke, baita hainbat dendatan ere, Okene Abregoren diseinu dotore eta guzti.

Andoain Rock jaialdia

Ekainaren 11n egun osoko festa izango da Andoainen musikaren inguruan, izan ere Andoain Rock jaialdiaren 14. edizioa izango da eguerditik hasi eta gaueko ordu txikietaraino. Bazkalaurretik hiru emanaldi izango dira hiru plazatan, 12:00eta Ramada Inn talde oñatiarra arituko da Zumea plazan, americana estiloko doinuak landuz. Atzetik, Natural Projecten txanda izango da Juanita Alkain plazan, 13:00etan. Azken emanaldia, berriz, 14:00etan eskainiko dute John Dealer & The Coconuts legazpiarrek, beren rock klasikoko doinuak Andoaingo Goiko Plazan aurkeztuz.

Zatirik handiena, ordea, arratsaldeko 18:00etan hasiko da, Nafarroa plazan. Sei talde arituko dira guztira, The Limañas, El Drogas, The Hanging Stars, -Gailu, Parlor Snakes eta Melenas. Rockaren abanikorik zabalenaz gozatzeko aukera izango da bertan eta publiko zabalarentzako pentsatutako kartela da. El Drogas ‘Akustik Fraktion’ deiturik bira eskaintzen ari da, hortaz bere kantuak modu gozoago batean aurkeztuko ditu. Garage eta psikodelia doinuak izango dira The Limiñanas bikoak aurkeztuko dituenak. The Hanging Stars taldeak, berriz, folk psikodelikoa eta country kosmikoa uztartzen dituela diote adituek eta haien laugarren lana aurkeztuko dute Londresko musikariek. Parlor Snakes talde franko-estatubatuarrak rock gordina jorratuko dute eta haien abeslaria PJ Harvey edota The Pretenderseko frontwomanekin alderatua izan da. Bukatzeko, Melenas talde nafarrak garage-pop freskoa ekarriko dio Andoiango jaialdiari.

«Gure ama bertatik bertara bizi da eta esan digute dagoeneko mahaia erreserbatu duela plazana», kontatu digute -Gailukoek. Hortaz, ez dago aitzakiarik hitzordura hutsik egiteko.