En direct

Naiz Irratia

«Ticket Bai sistema buruhauste handia izango da denda askorentzat»

Atzera kontaketa abian da saltoki eta komertziante txikien artean. Azaroaren 1ean sartuko da indarrean Ticket Bai fakturazio sistema berria, eta Dendartean elkarteko Xabier Aldalurrek sistema ezartzeko «modua» eta «epeak» kritikatu ditu.

Audio_placeholder

«Ticket Bai sistema buruhauste handia izango da denda askorentzat»

Loading player...
Ticket Bai sistema berria ezartzeko moduaren aurka 200 bat lagunek hartu zuten parte Dendarteanek deituta Donostian egindako elkarretaratzean.
Ticket Bai sistema berria ezartzeko moduaren aurka 200 bat lagunek hartu zuten parte Dendarteanek deituta Donostian egindako elkarretaratzean. (Maialen ANDRES | FOKU)

Xabier Aldalur, Dendartean elkarteko kideak NAIZ Irratian azaldu du badirela jada digitalizazio maila bat duten dendak baina beste askorentzat 'Ticket Bai' fakturazio sistema berria «buruhauste handia» izango dela.

Gipuzkoako Aldundiak adierazi du iruzur fiskalarekin amaitzeko betebeharra dutela instituzio publikoek eta zeregin horren baitan kokatu du Ticket Bai, baieztatuz laneko sistema eta prozedurak hobetu eta modernizatuko dituela. Gaineratu du ekonomia-jarduerak garatzen dituzten pertsona eta erakundeek euren salmenten eragiketa guztien aitorpena ziurtatzea dela helburua. Sistema teknologikoa hautatu dute, Aldundiaren esanetan gaur egungo baliabideek horretarako aukera ematen dutelako.

Baina prest al daude komertzio txikiak? Aldalurrek zehaztu du gaur gaurkoz «gehiengo batek ez duela oraindik sistema martxan jarri». Saltokiaren ezaugarrien arabera prozesua ezberdina izango dela baieztatu du eta bereziki «adinean aurrera doazen pertsonen saltokietan erabateko iraultza» eragingo duela. «Ohitu egin beharko dute modu berrietara, ikasi eta esfortzu bat egin beharko dute», esan du, une honetan egitasmoa «sektorea hankaz gora jartzen» ari dela ohartaraziz.

Sistema berrria ezartzeko dendak laguntzak jasotzen ari direla baieztatu du Dendarteaneko ordezkariak baina kezka agertu du saltoki askok ez dutelako oraindik pausua eman, «ikusi beharko da guztientzat iristen diren laguntzak».

Iruzur fiskalari aurre egiteko neurri gisa aurkeztu dute sistema Aldundiak eta Lakuak, Aldalurrek argi dio ados daudela helburu horrekin, sistema bere horretan ez dela «okerra» baina ez daudela ados «modu, baldintza eta epeekin». Uste du, gainera, une honetan badaudela beste lehentasun batzuk, «gaur egun erosketen gehiengo handi bat txartelarekin ordaintzen da eta horrek iruzurra sahiesten du, online erosketen fiskalizazioa lehenetsi beharko litzateke».

Egoera honetan, dendetan fakturazio sistema berri hau ezartzeko malgutasun handiagoa eskatu eta aukeren artean saltokien tamainaren araberako ezberdintasunak ezartzea aipatu du, «lehenik langile gehien dituzten dendetan ezar daiteke eta beranduago txikiagoetan».

Krisi estrukturala

Kezka eta ezinegona zabaldu ditu, beraz, Ticket Bai fakturazio sistema berriak dendari askoren artean. Eta aurrez bazuten nahikoa arazo, izan ere, Aldalurrek gogoratu du merkataritza sektorearen krisia estrukturala dela, «kontsumo ohituretan oinarritzen da merkataritza sektorearen krisi estrukturala, azken urteetan eman diren aldeketetan». Pandemiak ere kaltea eragin du saltokietan baina Dendarteaneko arduradunak gogoratu du krisia «lehendik» zetorrela. Azken hilaneteetako inflazioak ere eragin negatiboa izan du, noski. Hala, «saltoki txikien egoera orokorrean ez da ona», dio. Baina badu itsaropenik, «aurreikuspenak onak ez izan arren, alde positiboei heldu behar eta nik uste badirela gizartean hainbat korronte positibo, ingurugiroaren zaintzarekiko nahiz bertako produktuen kontsumoarekiko interesa adibidez, badira zenbait faktore saltoki txikiek aprobetxatu ahal dituztenak kanpora joan den kontsumoa berreskuratzeko».

Bono Denda, «tirita»

Lakuako gobernuak abian jarri duen Euskadi Bono Denda kanpainaz ere galdetu diogu Aldalurri. Gobernuaren esanetan komertzio txikiaren susperraldirako balio dezakeen kanpaina da, egoera konplikatu batean laguntza eskaintzeko modu gisa aurkeztu dute aurtengoa eta, besteak beste, 5 milioi euro bideratu dituzte kontsumo bonoetara. Baina Dendartean elkarteko ordezkariarentzat «momentuko tirita» gisa funtzionatzen dute halako ekimenek eta behar dena luzera begirako «proiektu estrategikoak» lantzea dela azpimarratu du. «Merkataritzaren egoera krisi estruktural baten ondorio da, kontsumo bonoen bidez pixkat arintzen da zauria momentuan, baina luzera begira benetako apostua behar da, inbertsioa».

Jaurlaritza Logoa