En direct

Naiz Irratia

Mediterraneo erdialderako bidean da Aita Mari, erreskate lanei berrekiteko prest

2019an lehen misioa egin zuenetik, zortzigarrena abiatu du Aita Mari euskal erreskate ontziak, urte honetako bigarrena. Izaskun Arriaran eskifaiako kidearekin hitz egin du NAIZ Irratiak, Mallorka atzean utzi eta giro lasaian Mediterraneo erdialderantz zihoazela.

Audio_placeholder

Mediterraneo erdialderako bidean da Aita Mari, erreskate lanei berrekiteko prest

Loading player...
Aita Mari ontziaren erreskate bat.
Aita Mari ontziaren erreskate bat. (@Pau de la Calle /SMH)

Hamahiru lagunek osatzen dute Aita Mari euskal erreskate ontziaren zortzigarren misioko eskifaia, tartean, zortzi profesional, kapitaina buru. «Oso lasai, eguraldi onarekin eta itsaso lasaiarekin» Mallorka atzean utzi eta erreskateak egin ohi diren eremurantz jarraitzen du ontziak Izaskun Arriaranek azaldu duenez.

Faktore ezberdinek baldintzatzen dute erreskate ontzi baten jarduna. Eguraldia, nola ez, funtsezkoa da. Mediterraneo erdialdera ostiral honetan iritsiko direla aurreikusten dute, baina astebururako itsaso zakarra dago iragarrita eta, ondorioz, Aita Mariko ordezkariak uste du astelehenera arte behintzat ez dela erreskate lanik izango: «Zain egotea tokatuko zaigu, ez dut uste inor aterako denik, beraientzako ere itsaso zakarra egongo baita. Erreskate guneetan bigilantzia lanetan egon beharko gara eguraldi ona bueltatu arte».

Migranteak erreskatatu ostean estatuek eman behar duen porturatze baimena ere funtsezkoa da eta Arriaranek salatu du porturatze baimenak hainbat egunez, bost edo sei egunez gutxienez, atzeratzen jarraitzen dutela, horrek pertsonaz beteta dauden ontzietan sortzen dituzten tentsio guztiekin. «Urduritasuna eta Libiara bueltatzeko beldurra nagusitzen hasten da», azaldu du Arriaranek.

Ontziratu dezaketen pertsona kopuruari dagokionez, Arriaranek zehaztu du, gehienez, 150 pertsona artatzeko baimena dutela eta inspekzioak arazo bat izan daitezkeela. Alabaina, Arriaranek azpimarratu du ez dutela muga burokratikoengatik erreskatea behar duen inor itotzen utziko: «Aurrekoan ere ikusi zenuten bi erreskate egin genituela nahiko jarraian eta 176 pertsona sartu genituela itsasontzian. Eta, noski, berriz pasatzen bada berriz egingo dugu. Ezin ditugu pertsona batzuk uretan utzi gure kopurua 150 delako».

Bestetik, Arriaranek erregaiaren prezioaren igoera ere izan du hizpide. Honek salatu du erregaiaren prezioa «bikoiztu» egin dela eta erreskateak burutzeko behar duten aurrekontuan eragin zuzena izan duela. «Pentsa, gutxi gorabehera 24.000 litro gasolina daramatzan itsasontzi honetan, zer nolako eragina duen litroa bikoitza ordaintzeak misioaren azken prezioan».

Azkenik, Aitamariko bozeramaileak bereziki eskertu die dohaintzan mantak eta elikagaiak eman dizkieten herritarrei. «Azkenean, mantak eta jatekoa oso garrantzitsuak dira. 160 pertsonarentzako lau edo bost egunetarako gosari, bazkari, merienda eta afaria prestatzeak, lanaz aparte, biltegia ondo beteta eraman behar izatea suposatzen du», azaldu du.

Jaurlaritza Logoa