En direct

NAIZ Irratia

«Gure ahotsa plazaratzeko espazio bat lortu dugu»

Astelehen honetan ezagutu dira frantziar legegileetako atzerriko botoen emaitzak. «Aski apalak» izan diren arren, uste du Garbiñe Eraso Regions et Peuples Solidaires federazioko hautagaiak, lortu dela Vallsen «probokazioaren» aurrean, katalan eta euskaldunen kontrakotasuna agertzea.

Audio_placeholder

«Gure ahotsa plazaratzeko espazio bat lortu dugu»

Loading player...
Manuel Vallsek bigarren itzulira igaro ez izana txalotu dute euskal herritarrek eta kataluniarrek.
Manuel Vallsek bigarren itzulira igaro ez izana txalotu dute euskal herritarrek eta kataluniarrek. (OSCAR DEL POZO | AFP)

Ekainaren 12an lehen itzulian eta 19an bigarrenean Frantziar Estatuko herritarrak hauteskunde legegileetara daude deituta. Horren atariko ordea, pasa den igandean (ekainak 5) botoa eman zuten lehen itzulian atzerrian bizi eta botoa emateko eskubidea duten frantziar herritarrek. Izan ere, frantziar hauteskunde sistemak, atzerrian bizi diren frantziarren ordezkari diren 11 hautesbarruti aurreikusten ditu; horietako bat Espainiar Estatuan, Andorran eta Portugalen bizi direnen frantziarrena.

Hauteskunde sistema horren azalpena eskaini du Naiz Irratian Maite Ubiria Gara eta Naizeko kazetariak, eta barne ikuspegia berriz, Garbiñe Eraso Regions et Peuples Solidaires federazioko euskal  hautagai izan denak. Hautagaitza honek, katalanen eta euskaldunen ordezkari izateko sortu da. «Bagenekien aski sinbolikoa izango zela, baina gure ahotsa plazaratzeko ahots bat lortu dugu», adierazi du EH Baiko kide ere baden Erasok. Izan ere, «emaitza aski apalak» izan dituzten arren, positiboki baloratu ditu Erasok, helburu nagusia lortu dutelako; Manuel Vallsen hautagaitzaren aurrean, hark ukatzen dituen euskal herritarren eta katalanen iritzia «entzunaraztea».

Valls lehiatik kanpo

Bartzelonako Udaleko abenturaren ostean, aurten Espainiar Estatu, Andorra eta Portugaleko aipatu hautesbarrutian aurkeztu da Hollanden gobernuko barne ministro eta Alderdi Sozialistako kide historiko izandako Vallls. Kasu honetan hautagai macronista gisa egin du. «Azken unean» hautagaitza horren berri izanda, Regions et Peuples Solidaires federazioan antolatzen hasi zirela azaldu du Erasok, «guretzat probokazioa izan da bere hautagaitza». Eta probokaziotzat dute Vallsen mugimendua, besteak beste, Frantziar Estatua utzi ondotik katalanismoaren aurka egin zuelako Bartzelonako Udalbatzatik; «guretzat frantses jakobinismo hutsa irudikatzen du».

4024 botorekin hirugarren postuan amaitu du Manuel Vallsek eta ez du bigarren itzulira igarotzea ere lortu. Emaitza txarrak onartu, twitterreko kontua itxi eta hainbat ahotsek bere ibilbide politikoaren amaiera ere iragarri dute. Zentzu horretan, beste helburua ere bete da, Erasok dionez, «gu pozik, lortu delako Valls berriro ere diputatu ez izatea eta boterea atxikitzea».

Politikari kataluniarrekin eta oro har nazioak  batzen dituen federazioarekin egindako elkarlana goraipatu eta etorkizunari begira oinarri bat ezarri dela ebatzi du Ipar Euskal Herriko hautagaiak. Argi utzi du beti ere, haien helburua ez dela frantziar sentitzen diren horiek ordezkatzea, «esan behar da hau dena aski sinbolikoa izan dela. Ez da gure helburua atzerriko frantziarrak ordezkatzea. Baditugu beste helburu batzuk».

Jaurlaritza Logoa