En direct

Ion Garate
Entrevue
Mikel Zabala
Bidasoa-Irun taldeko jokalaria

«Indarrez justu iristen gara azken partidetara, baina ilusioa dugu Asobal Koparekin»

Mikel Zabalak (Eibar, 1998) laugarren denboraldia jokatu du Bidasoan. 2023. urtera arte du kontratua talde bidasotarrarekin eta, gaztea izan arren, protagonismoa hartzen joan da hegalekoa. Aurten Ligako 29 partida jokatu ditu eta inoizko gol gehien sartu ditu (66).

Audio_placeholder

Mikel Zabala: «Indar justuekin iristen gara denboraldiko azken partidetara»

Loading player...
Mikel Zabala, EHF European Leagueko partida batean.
Mikel Zabala, EHF European Leagueko partida batean. (Jon URBE | FOKU)

Granollers-en, Ligako bigarren sailkatuaren, aurka neurtuko ditu indarrak Bidasoa-Irunek Asobal Kopako finalerdietan. Azken txanpan, ligako txapeldunorde izateko aukera hori ezin izan zuten gauzatu irundarrek, baina Mikel Zabalak NAIZ Irratian adierazi duenez, taldeak izan dituen zailtasunak gaindituta, «hirugarren postu hori oso ondo dago». Azken lau urteetan Asobal Kopako bi final erdietsi dituzte eta aurten hirugarrena lortzea dute xede.

Nola iristen da taldea?

Denboraldiko azkenengo astea da. Lesio asko izan ditugu eta azken txanpa honetan kostatu zaigu bukaerara iristea. Jende asko lesionatu da. Taldea ilusio handiarekin iristen da, baina jakinda jendea falta zaigula eta zaila izango dela.

Nekatuta zaudete?

Bai, denok iritsi gara nekatuta. Denboraldi luzea izan da eta guretzat gehienbat, ze Europako partida asko izan ditugu denbora oso gutxian eta denboraldia, nahiz eta polita izan, luzea egin da. Indarrez justu iristen gara azken partidetara. Ilusioa dugu, ze oso polita da txapelketa; gainera irabazita daukagu eta gogo handiarekin goaz.

Bartzelona, Granollers eta Logroño ariko zarete bertan. Lehen partida, Granollersen aurka, Ligan bigarren postu hori kendu dizuen taldearen aurka. Nola ikusten duzu aurkaria?

Partida oso zaila izango da. Beraiek sekulako ekipoa dira. Aurten erakutsi dute denboraldi osoan oso solidoak direla, talde ona daukatela. Bigarren postu hori ez da oparitzen, beraiek irabazi dute.

Ligan ezin izan duzue bigarren amaitu. Horrek eragina du aldartean?

Ez, guk bagenekien Torrelavegako partidan akats batzuk egin genituela (galdu egin zuten) eta pena ematen digu bigarren postu hori ez lortzea. Egin dugun denboraldiarekin pena da sari hori ez lortzea. Taldearen denboraldia sekulakoa izan da, zailtasun asko izan ditugu eta hirugarren postu hori oso ondo dago. Denok gaude harro, badakigu zerbait gehiago egin genezakeela, baina pozik gaude.

Ligan, elkarren aurkako bi norgehiagokak irabazi dituzue. Kanpoan 28-24 eta etxean 29-27. Badakizue zer den Granollersi irabaztea.

Bai, hori da. Beraien aurkako partidak ondo atera ditugu. Kopan galdu genuen partida horretan bi luzapen jokatu genituen eta ondoren edozer gauza gerta zitekeen. Beti izaten dira partida oso parekatuak eta seguru gaurkoa ere halakoxea izango dela.

Laugarren aldiz jarraian hartuko duzue parte Asobal Kopan, hamargarren aldiz orotara. 1993an irabazi zenuten, lau final ere jokatu dituzue. Esperientzia, behintzat, badu Bidasoak.

Bai, horrelako azken faseak jokatzeak ilusio handia egiten du eta, gainera, jokatzen duzunean esan nahi du lan on baten fruitua izan dela. Gogo horrekin goaz. Azken lau urteetan bi final jokatu ditugu; gero litekeena da finala Bartzelonaren aurka jokatzea egokitzea eta ea zerbait atera ahal zaion. Ilusio handiarekin goaz, ze titulu bat dago jokoan.

Pandemiaren ondoren %100eko edukierarekin jokatuko den lehen Asobal Kopa izango da. Eskertuko da zaleen babesa, ezta?

Bai, aurreko urtea eta urte honetako hasiera zaila izan da. Jokatzen genituen partidak ateak itxita, bazirudien entrenamenduak zirela eta ez da gustukoa  hori. Jendearekin jokatu ahal izatea sekulakoa izan da, egia esan. Ikusi da jendeak Artalekura etorri nahi zuela, faltan sumatzen zuten eta partida askotan sarrera guztiak saldu dira. Kristorena da beraiek itzuli izana.

Uste dut Zaragozarako autobusen bat antolatu dela. Ez dago oso urruti eta uste dut giro oso ona egongo dela, ze beti etortzen dira zaleak gure kanpoko partidetara.

Hirugarren bukatu duzue Liga. Zer balorazio egiten duzu?

Aurten partida pila bat jokatu ditugu eta gure taldea ez da hain luzea, eta lesio asko egoten dira denboraldian zehar. Partida asko jokatu ditugu jende justuarekin edo jokatzera ohituak ez geunden postuetan eta taldeak beti erakutsi du aurpegia. Zailtasun horrekin meritu handia dauka aurten egindakoak eta nik uste dut balorazioa oso positiboa dela.

Jaurlaritza Logoa