En direct
Bi dekalogotan banatuta dago Goiatz Labandibar Arbelaitz eta Iñaki Zapirain Retegiren 'Hizkien alde. Manifestua' liburua: irakurlearen aldeko dekalogoa eta idazlearen aldekoa. Biak elkar-lotuak daudela argi dute egileek eta hori transmititu nahi izan dute, «idaztearen aurrekaria da irakurtzea, idazle izateko asko irakurri behar da aurretik» azaldu digu Labandibarrek.
Horrez gain, marrazkiek irakurketari ematen diotena nabarmendu nahi izan dute irudiek ere, hitzak osatzeaz gain, badutelako zer kontatu. «Haurrek etengabe sortzen dituzte beraien munduak, bai hizkiz bai marrazkiz» esan digu Zapirainek. Marrazkietan ere hitzak badira protagonista, collage teknikarekin osatu ditu eta aldarriei beste perspektiba bat emateko eta gauza gehiago kontatzeko dira.
Hitzek eta marrazkiek osatzen dute eta bi elementuek osatzen dituzten aldarriak hausnarketarako erabiltzea gomendatu digute egileek. «haurrak direlako, batzuetan, sinplifikatzeko joera dugu, baina badute gaitasuna gauzak ulertzeko», eta manifestu hau ulertzen dutela azaldu digute egileek.
Gaztetxoenen irudimenak ez dauka mugarik eta iruditeria horren defentsa eta aldarria da manifestu hau, nahi duten irakurlea eta idazlea izateko ahalmena dutela gogorarazi nahi dien manifestua.
Sortze prozesu guztia eta manifestuaren nondik norakoak kontatu dizkigute Goiatz Labandibar Arbelaitz eta Iñaki Zapirain Retegik gaur Bigarren Kafean.