En direct

‘XXX’ lanarekin 30. urteurrena ospatu du Piztiak taldeak

Ondarroako taldeak beren ibilbideari errepasoa eman dio duela aste gutxi kaleratutako diskoan. Txomin Uribe eta Josu Aranbarri dira hasiera-hasieratik taldean dauden bi kideak eta MusikHaria saioan izan dira diskoa aurkezteko.

Audio_placeholder

‘XXX’ lanarekin 30. urteurrena ospatu du Piztiak taldeak

Loading player...
Ondarroako Piztiak taldeak 30 urte bete eta urte hauetako kantak jasotzen dituen bilduma kaleratu du.
Ondarroako Piztiak taldeak 30 urte bete eta urte hauetako kantak jasotzen dituen bilduma kaleratu du. (Yolanda EIZAGIRRE | KLIK KLAK)

19 kantuz osatutako bilduma bat kaleratu du Piztiak Ondarroako taldeak, ‘XXX’ deiturikoa, taldearen 30. urteurrenaren aitzakian. «Hainbeste kantu dituzunean oso zaila da hautaketa bat egitea eta horretan ibili gara Txomin eta biok. Eta, aipatu behar da, 19 kantuez gainera QR kode bat ere baduela diskoak, inork gehiago entzun nahiko balitu ere. Ez dakigu gauzak albo batera uzten», dio Josu Aranbarrik. Txominen Uriberen hitzetan, berriz, «pena ematen du bidetik kantuak uzteak. Beste egun eta beste momentu batean egin izan bagenu hautaketa, ziur desberdin irtengo zela. Disko bakoitzetik zerbait sartu eta koloretsua izatea nahi genuen bilduma hau».

Diskoa soinu aldetik pareka joan daitekeela esan daiteke Piztiaken kasuan. Lehen lana 1991n atera zuten ‘Huts nazazu’, LP labur bezala bataiatu zutena, Elkar zigiluaren azpian. Garaia kontuan izanik, alboko herria zituzten Itoiz edota Delirium Tremens taldeen soinutik edan zutela esan daiteke Piztiakekoek ere. «Lagunak gara eta inguruan batera ibiltzen ginen. Baina horrez gainera kontuan hartu behar da Jean Phocasek grabatu zuela eta horrek ere bazuela zerikusirik, baina nik uste bakoitzak bere nortasuna baduela», aipatu du Txomin Uribek. «Aipatu behar da gainera Deliriumeko Txufok abesti pare bat grabatu zituela gurekin», gaineratu du Josuk. Gogoan dute, halaber, Juan Carlos Perezek ere lagundu ziela diskoarekin eta Jimmy Arrabitek ere parte hartu zuela: «Lagunak gara, zortea izan dugu eta haiek ere bai gurekin! Kar-kar. Baina, gauzak oso erraz joan zirela egia da eta, gaur da eguna bazkaltzeko geratzen garena musikaz lasai hitz egiteko».

‘Beltza’ kantuarekin irekitzen dute beren bilduma oraingo honetan: «Taldearen hasiera-hasierako abestia da, eta horregatik izan da diskoa irekitzeko aukeratua. Gauza askori hasiera emateko abestia izan daitekeela esan daiteke». Lokalean aspaldian ez zutela jo kontatu digute Piztiakeko kideek, berreskuratu egin dutela, ‘Argia eta Itzala’ diskoa kaleratu zutenetik ez dute zuzenean defendatu abestia eta «aspaldi kanpoan den umea etxera etortzen denean bezala» sentitu direla ere esan digute. Disko originalean zegoen grabazio bera sartu dute bilduman ere, masterizazio berririk gabe eta berriz ere grabatu gabe. «Hau atera zenean ez zegoen CDrik, kasetean eta mini-LPan atera zen, hala, granoa ere nabaritzen zaio abestiari», azaldu digu Josu Aranbarrik.

Tu-k izenaren azpian bi maketa kaleratu eta gero grabatu zuten lehen diskoa Piztiak taldekoek eta urtebetera etorri zen ‘Hasi orduko’ bigarrena ere. «Bateria-jotzailerik ez eta hasiera haietan erritmo kutxa batekin ekin genion musika sortzeari, gero Piztiak sortu zenean aldatu zen guztia. Egun oraindik mantentzen dut gailu hori eta Tu-k taldearen urteurrenen bat ospatzeko erabili dezakegu! Kar, kar», esan du Txomin Uribek. ‘Ikaraz’ eta ‘Ez naiz ezer’ kantuak aukeratu dituzte bigarren disko horretatik bildumarako, bata jarraikortasuna ematen diona eta, bestea, desberdinagoa dena, blues ukitu bat duena. «Single moduan kaleratu genuen ‘Ez naiz ezer’ kantua, A aldean elektrikoan eta B aldean akustikoan. Bide zehatzago bat hartu genuela esan daiteke eta gure nahiak nondik joango ziren azaldu nahi izan genuen abesti honekin», azaldu du Aranbarrik.

Isiltasunaren ostean, bi disko

Urte batzuk pasa ziren hurrengo diskoa kaleratu zuten arte, izan ere ‘Argia eta itzala’ 1998an kaleratu zuten Gaztelupeko Hotsak zigiluaren eskutik. «Formazio aldaketak eta egon ziren. ‘Zerotik hasi’ kantua, ez dugu bilduman sartu, baina birritan hasi behar izan genuen zerotik. Carlosek utzi gintuen, bira luzea eta data asko genituen lotuta, eta Txufori esker aurrera atera zen. Baina, diskoa prestatzen ari ginela, Pello Larrañaga fitxatu genuen, Jotakie taldeak bukatu berri zuelako. Gauza da, Ataun aldean elkarrekin dena ia prestatuta geneukala, Bernarrek ere bere bizitza beste era batera antolatzea erabaki zuela. Jesus Galan batu zen taldera eta bide horretan gauza asko ikasi genituen», kontatu digu Aranbarrik. «Diskoa eginda zegoela gertatu zen hori eta oso kolpe gogorra izan zen, eskerrak gu gogorragoak garela!», gaineratu du Uribek. «Jose Lastra ezagutu genuen eta gauza berriak ezagutu genituen haren eskutik». Soinuan fintzen lagundu zien Lastrak eta inflexio puntua izan zela argi dago.

Gogoratzen dute Lastrarekin harremana hasi zenean gauza berriak entzuten hasi zirela: «R.E.M. eta Foo Figthers entzun nituela gogoratzen dut Lastraren estudiora joan nintzen lehen aldian. Vitalogy ere bai. Berak esan zigun gauza batzuk ekarriko zizkigula eta guk ere eramateko. Zer lortu nahi genuen galdetzeko modu bat zen hori eta bakoitzak bere laginak hartu eta ikertuz, lortu genuen nahi genuen soinua». Hala, denbora gutxian etorri zen taldearen laugarren diskoa ere, ‘Zero’ deiturikoa. Ideia asko zituzten pilatuta urte askoan atera gabeko musika baitzuten sortua: «Aurreko diskoko kantuek urte dezente zituzten, zazpi urteko prozesua izan zelako. Material freskoagoa sortu zen eta ideia baten inguruan, hutsaren inguruan, zerotik hasten diren gauzei buruz aritu ginen. Hutsa eta betetako horren arteko kontrastearekin, testu borobilagoen bila ere aritu ginen. Ilusio asko geneukan eta diskoetxeak ere aurrera egiteko esan zigun».

Hitzak aipatu orduko, Kirmen Uriberen izena ere ezin mahai gainean jarri gabe utzi. Taldekide bat gehiago bezala aurkeztu dute ondarroarrek sarritan. «Hasieratan, Tu-k taldetik, berak idatzitako hainbat abesti genituen. Guk biok ere idatzi izan ditugun arren, Kirmenen letra asko abestu ditugu. Berak bere bidea egin du gerora, baina disko bakoitzean abesti bat bada ere jantzi du bere hitzekin», kontatu digute taldekideek. «Askotan esan izan du, «eskerrak Txomin nire poesiak abesten hasi zen nire baimenik gabe», gero hortik etorri zen bere ibilbidea ere», gaineratu du Txomin Uribek, Kirmenen anaia nagusiak.

Txuma Murugarren pertsona garrantzitsu bezala aipatu dute taldekoek beren biografian eta hark abestutako ‘Gatibatuaren balada’ kantua entzun daiteke ’XXX’ bilduman: «Ordura arte ez genuen kolaboraziorik egin eta iruditu zitzaigun kanta pare bat bagenituela bere ahotsak kolore berezia emango zietenak. Elkarrekin oholtza askotan partekatu genuen eta halako batean esan genion ea animatuko zen. Ez zuen birritan pentsatu eta oso ondo pasa genuen. Bere urtemuga zen abesti hori grabatu zuenean, gainera». Txumarekin estudiora Rafa Rueda ere gerturatu zen eta hark ere hartu zuen parte ‘Zero’ diskoan. ‘Ezin’ kantuak bide luzea izan zuen: «Madrilera joan ginen musikaren sarietarako izendapena lortu zuelako abestiak. EH Sukarrakoekin batera festa ere egin genuen. Egiari zor, abesti honek bere garaian indar dezente izan zuen, bultzada eman zigun, laburra eta indartsua delako. Diskoan dauden beste abesti guztiekin alderatuz, gure prismaren beste alde bat erakusten du».

‘Euriaren zain’ diskoa, ez zen disko soila izan, zuzeneko ikuskizunarekin lotura zuelako. Hala, diskoa eta DVDa kaleratu zituzten garai hartan, egun ulertzea kosta egiten den kontzeptua. «Hor bai egon zela beste aldaketa handi bat. Hirukote bihurtu ginen, Josu Eizagirrek irudiak jartzeko nahia izan zuen, batukada talde bat ere batu genuen… Bisuala baino entzutekoa zen lan hori. Zuzenekora bideratutakoa zen, nahiz eta pare bat abesti estudioan grabatu genituen. Lan horretan zuzeneko giro hori islatu nahi genuen, eta, ondorioz, ez zen nahikoa zuzeneko kantuak disko batean jasotzearekin. Musika eta Josuk egindako irudiak nola uztartzen ziren ikustea garrantzitsua zen eta nolako erritmoa zuen guztiak. Hala, DVD batean jaso genuen», esan digute Piztiakekoek.

Diziplina anitzeko proiektua izan zen arren, diskoaren azalak beti artelanak izan dira Piztiak taldearen kasuan. Josu Aranbarrik eginak izan dira, taldeko baxu-jotzaileak, eta askotan aipatu izan da Zumeta eta Laboaren arteko harremana, baina Piztiak eta Aranbarriren artekoa ere nabarmentzeko modukoa da. Uriberen hitzetan, «oso bereziak dira egin dizkigun lanak. Tipografia bera ere hark sortua da, disko bakoitzean desberdinak erabili ditu, antzekoak izan arren». Aranbarrik berak sortu duenari buruz, berriz, hau esan digu: «Ez dira ordenagailu batean topatzen diren tipografiak. Disko honetarako, esaterako, aurrekoetan erabilitako tipografia desberdinak hartu eta osatu dugu taldearen izena. Beti gustatu izan zaigu alde hori lantzea eta dena gauza bat eta bakar moduan hartzea, irudia, hitzak eta musika. Bakoitza bere aldetik joateari ez diot zentzurik hartzen eta joera hori izan da. Hasieran akaso zerbait eklektikoagoa zen, baina ‘Argia eta itzala’ diskotik aurrera dena beste borobiltasun batekin joan dadin ahalegindu gara».

Beste garai batekoak direla argi geratu da, 30 urte ditu taldeak eta diskoari balioa ematen diote oraindik ere: «Gu beste garai batetik gatoz, biniloaren garaitik. Diskoaren azala begiratu, libretoa hartu eta goitik behera arakatu… disfrutatu egiten dugu horrekin. Zeinek egin duen zer ikusiz. Gure seme-alabek ez dute hori ulertzen, baina saiatzen gara erakusten. Hartu aitaren biniloa, jarri biraka, irakurri letrak, zeinek egin du zer, nola usaintzen du…Hori guztia transmititzen saiatzen gara«.

Azken etapa

Autoekoizpenera salto egin zuten ‘Gabeko kalapitxixak’ diskoarekin. «Egiari zor, aurreko lanetan ere nahiz eta zigilu baten azpian atera diskoak, autoekoizpenean ari ginen», aipatu du Uribek. Baina arte diziplina anitzetan aritzean ere beste pauso bat eman zuen Piztiak taldeak disko honekin: »Disko hau planteatu genuen unetik bagenekien zer nahi genuen. Ez genuen libreto bat egin nahi, baizik eta libreto ibiltaria izatea nahi genuen, erakusketa batekin. Baina gauza gehiago ere bai, dokumental bat tartean. Hortaz, edo gure eskutik egiten genuen guztia edo ez zen nahi genuen moduan aterako», gaineratu du Aranbarrik.

Soinu aldetik poperoagoa den diskoa da, eta horren adibideak badira 30. urteurreneko bilduman. «Kontzertu akustiko ugari emateko aukera izan genuen disko honi esker eta beste bide bat ere ezagutu genuen», gogoratu du Aranbarrik. Baina, zatirik berezia duen kantua ere azken diskoan, ‘Jai Braian’, toki zehatz bati egindako abestia: «Berezia da abestia, lekua eta atzetik duen istorioa. 80. hamarkadako giroa eta dantzagarria izatea nahi genuen kantu hori. Bizipoza goraipatzeko zerbait badu abesti honek eta baita garai honetako beste hainbat kantuetan ere».

Kantu gehien, ordea, ‘U’ diskotik sartu dituzte bilduman, beren azken estudioko lanetik, alegia. Kantu sorta horretatik nabarmentzekoa da ‘Bixitxi marabilli re’ abestia, duen esanahi guztiagatik egun: «Ez zen espreski sortu ’Marabilli’ jaialdirako sortu, baina gero ereserki bat bihurtu da, dituen kolaborazio guztiak bigarren bertsioan sartu genituen. Aitzolen esaldi bat zen «Bixitxi marabilli re!» eta hortik sortu zen abestia. Jendea aldarte onean jartzen duen abesti bat den arren, oso momentu txar batean idatzitakoa da. Aitzolek esaten zuen hori nire buruari esaten hasi nintzen. Nahiz eta gaizki egon, zerrenda beltz ofizial guztietan nire izena agertu, zakutik hartzera, bizitza zoragarria da eta aurrera egingo dugu; hori sinetsarazi nion nire buruari». Beren erreferente den Gari izan zuten kolaboratzaileen artean, eta, kasualitatez, Hertzainak taldearekin eman zuten beren lehen kontzertua.

Aipatutako guztiez gainera, azken bi sorkuntzak ere gehitu dituzte bildumako zerrendara, Txomin Uribek egindako ‘Begietara begiratu’ eta Josu Aranbarrik sortutako ‘Barrun barrukuk’ abestiak. Guztiak kanporatuko dituzte datozen asteetan emango dituzten kontzertuetan. Apirilaren 30ean, Tolosako Bonberenean; maiatzaren 14an, Azkoitiko Matadeixen; ekainaren 18an, Ormaetxen eta uztailaren 24an, Sarako Plekan.

Jaurlaritza Logoa