En direct
Albiste garrantzitsuak izan ditugu esku artean azken bideojokoei buruzko euskarazko irratsaioan: zoritxarrez, hainbat berri tamalgarri jaso ditugu.
Lehenik eta behin, Los Angelesko Electronic Entertainment Expo azoka erraldoia bertan behera geratu dela jakin dugu: ez da 2022an egingo. Bideojokoen iragarpenak eta probak biltzen dituen ekimenak hainbat arazo izan ditu azken urteotan, eta horien zein ESA erakundeak hartutako erabakiaren inguruan hausnartu dugu.
Bigarrenik, gehien espero genuen bideojokoetako bat berandutu egin dutela ezagutu dugu. The Legend of Zelda: Breath of the Wild bikainaren jarraipena aurten estreinatu behar zen, baina ez da horrela izango: datorren urtera atzeratzeko erabakia hartu dute Nintendo-koek. Modu horretara, bai N Handiaren, bai bideojokoen industriaren 2022ko argitalpenik handiena gabe geratu gara. Zer dela eta gertatu ote da? Horri bueltaka ibili gara, baita lehen jokoak eskainitakoa gogoratzen ere.
Berri txarrak baino gehiago izan dira gure saioan, zorionez. PlayStation-ekoek harpidetza zerbitzu eraberritua iragarri dute, esaterako: Xbox Game Pass-ari aurre egitera ote datoz? Ekainean abiaraziko dute, eta zenbait ezaugarri interesgarri eskainiko dituzte bertan: harpidetza garestienarekin PlayStation kontsola guztietako —tira, Vita-z ahaztu dira— 740 joko batuko dituzte.
Iragarpenak ere izan ditugu; abentura grafiko klasikoen jarraitzaileak poztuko dituen proiektu bati buruz aritu gara. Monkey Island bueltan da: Ron Gilbert jatorrizko garatzailea prestatzen ari den Return to Monkey Island iragarri du Devolver Digital argitaletxeak. Aitzakia aproposa abentura grafikoen ibilbidea gogoratzeko eta gustoko titulu batzuk aipatzeko.
Motor grafikoentzako txokoa ere eduki dugu; izan ere, Unreal Engine 5 kaleratu da dagoeneko, eta hainbat iragarpen egin dituzte Epic Games-eko arduradunek. Esanguratsuena Crystal Dynamics eta Square Enix estudioekin batera egin dute: Tomb Raider berria prestatzen dabiltza Epicen tresna eraberrituarekin.
Albisteekin bukatzeko, beste klasiko batzuen itzuleraren berri izan dugu egunotan. Remedy Entertainment-ekoek Max Payne berriak garatuko dituzte Rockstar Games-ekin elkarlanean: poliziaren lehen bi jokoen remake-ak izango dira. Tiro joko maitatu hauen historia errepasatzeko aprobetxatu dugu, esatariok Paynen zale handiak gara-eta.
Analisiak ere eduki ditugu azken saioan. Nintendoren azken eduki gehigarriak dakarrena epaitzeari ekin diogu: Mario Kart 8 Deluxe arrakastatsuak zirkuitu berriak jaso ditu. Oinarrizko jokoa benetan bikaina da, baina orain kaleratutako DLC hau horren mailara iritsi al da?