En direct

Maialen Beristain: «Ez izan beldurrik Down sindromea dutenekiko»

Down sindromearen nazioarteko eguna da gaurkoa eta pertsona hauen errealitatera hurbildu gara Down sindromea duen Maialen Beristain, Atzegiko Ainhoa Fiz eta Pauso Berriak programako Josu Peñaren eskutik.

Audio_placeholder

Maialen Beristain: «Ez izan beldurrik Down sindromea dutenekiko»

Loading player...
Ainhoa Fiz, Maialen Beristain eta Josu Peña
Ainhoa Fiz, Maialen Beristain eta Josu Peña (Naiz Irratia)

Pozik etorri da NAIZ Irratiaren estudiora Maialen Beristain, Down sindromearen nazioarteko eguna izaki, gaurkoa bere eguna delako. Eta badu zer esan jendeari: ez izan beldurrik Down sindromea duten pertsonekiko eta ezagutu itzazu.

Jendeak pertsona hauekiko duen begiradari dagokionean, aurkakotasuna baino, ezjakintasuna ikusten du Josu Peñak, Pauso Berriak programako langileak, baina egoera hobetuz doala baieztatu du.

Atzegi, desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea, «toki oso on bat» da Maialenentzat, topaleku bat. Baita ikasteko leku bat ere, ordularia nahiz dirua erabiltzen ikasi du bertan, baita pertsona askorentzat oso zaila dena ere, bere sentimenduak ulertzen. Oporretara ere joan da Atzegiren eskutik, Saloura eta Benidormera.

Ainhoa Fiz Atzegiko langileak azpimarratu du Down sindromearen nazioarteko eguna garrantzitsua dela kolektibo honi ikusgarritasuna emateko baina lanketa egunerokoa dela. Atzegik sei hamarkada luze daramatza lanean eta aurrerapausoak izan diren arren, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat espazioak sortzeko lanean jarraitzen du buru-belarri. «Fokua gaitasunetan jarri behar dugu», dio.

Lan mundua da, noski, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat zabaldu nahi duten eremuetako bat. Atzegik eta Gureak, adimen desgaitasuna duten pertsonei lan aukerak sortzen dizkien enpresa taldeak bultzaturiko Pauso Berriak programak zeregin hori du. Kolektibo honen «garapen sozial eta pertsonala» garatu nahi dute inklusioaren bidez, «lan aukerekin ahalik eta garapen handiena lortzea» da helburua.

Programa honi esker dago lanean Maialen Beristain. Usurbilgo Udarregi ikastolako jantokian egiten du lan. Autobusez joaten da lanera, 10.00etan hasi eta 14.00etan bukatzen ditu eginbeharrak eta pozarren dago bere lankideekin.

Josu Peñak baieztatu du nahi baino lan aukera gutxiago dutela Down sindromea nahiz desgaitasun intelektualen bat dutenek, enpresetan, oro har, lan esperientzia eta formazio zehatzak eskatzen direlako. Fizek aldarrikatu du «guztion ardura» dela errealitate hau aldatzea, erakunde publikoena bai, baina baita jendartearena ere. Eta azpimarratu du lanpostu bat aukera paregabea dela ezgaitasuna duten pertsonentzat, baina baita eurekin lan egiten dutenentzat ere, errealitate berri batera hurbiltzeko aukera ematen dielako.

Jaurlaritza Logoa