En direct

Sara Iriarte
Entrevue

Hernaniko BHI Institutuan, migrazioa ikasgai euskaraz eta ikasgeletatik kanpo

Hernaniko Institutuko Batxilergoko 1. mailako ikasle talde batek ikuspegi zabal batetik landu du migrazioaren gaia. NAIZ Irratiak Insititutuko ateak zeharkatu ditu irakasle zein ikasleen bizipenak ezagutu asmoz.

Audio_placeholder

Hernaniko BHI Institutuan, migrazioa ikasgai euskaraz eta ikasgeletatik kanpo

Loading player...
Hernaniko BHIko ikasleek motxila bilketa egin dute Irunera iristen diren migranteentzat
Hernaniko BHIko ikasleek motxila bilketa egin dute Irunera iristen diren migranteentzat (@HernaniBHI)

Hernaniko BHI Insititutuan migratzaileen errealitatea ezagutu dute bertatik bertara. Hernaniko Ahmer elkartearekin kontaktuan jarri zirenean hasi zen dena: bost hitzaldi eman zizkieten batxilergoko lehenengo mailako ikasleei, Hernaniko migratzaileen errealitatea ezagutu zezaten; orduan piztu zen gaiarekiko interesa. Eneka Alvarez euskara irakaslearen ustez «oso interesgarria izan zen, zeren akaso, erdi-izkutuan dagoen errealitate bat beraien herrian dagoena ikustarazteko balio izan zuen; izan ere, datu zehatzak eman zituzten, egoera errealak kontatu zituzten… liburuan ikusten genuen guzti hori beraien eguneroko herriko errealitatera bertara ekartzeko modu bat izan zen».

Ahmer elkartearen hitzaldiak jaso ondoren, 'Miñan' liburua irakurri zuten, eta horren harira, Amets Arzallusekin topaketa bat izateko aukera izan zuten. Honek ere mantendu zuen Ahmerrek gaiarekiko sortu zuen interesaren garra. Bi hitzaldi izan zituzten Arzallusekin eta ikasleak konskistatu zituen bere hitz-jario, pausa eta komunikazio gaitasunarekin. Hitzaldietako batean ikasle batek bota zuen: «Eta orain zer egin dezakegu hau lantzeko?». Horrela konturatu ziren irakasleak bide guztiek Irungo Harrera Sarera eramaten zituztela, eta bertakoekin kontaktatzea lortu zuten.

Irungo Harrera Sarea Hernaniko Institutuko ikasgeletara sartu ordez, ikasleak gerturatu ziren Irunera. Mikel Mendizabal, euskara irakasleak azpimarratu duenez, programan zehar bizi izan zuten «emozio mailarik gorena» han sentitu zuten. Migratzaileei laguntzeko beharra sentitu zuten hauen egoera bertatik bertara ezagutu ondoren, eta horrela hasi zuten ikasleek motxila bilketa.

Alvarezek ere nabarmendu nahi izan du irakasleek egindako lana gaia jorratzerako garaian, izan ere ikasleei enpatia ariketa egitea eta jarrera eraikitzailea izatea eskatu zaie. «Oso argi genuen, Irungo irteera nola joan nahi genuen. Hitz egin dugu ikasleekin egoera lazgarri batean dauden pertsonengan gindoazela, kontziente izateko zein egoeratan gindoazen, etengabe buruan izanik enpatia ariketa hori».

Gaia euskaratik eta euskaraz landu dute noski, euskarako irakasgaian izan baitute ikasleek honetan sakontzeko aukera, eta azpimarratu nahi izan dute horrelako gaiak euskaraz landu ahal direla. Izan ere, adierazi dute «pixka bat nazkatuta gaude, gure ikasgaia soilik euskararekin lotura duten ekimenekin bakarrik jorratzen. Iruditzen zaigu euskarak balio behar duela eta balio duela. Iruditzen zait ere, ikasleek mezu hori jaso dutela, gure hizkuntzak balio duela inguratzen gaituen edozein arazo lantzeko.»

Garrantzitsua da ere Alvarezek gehitutakoa, izan ere, «irakurketa ikasgelan lantzeko modu asko daudela ulertu behar dugu, eta aukera dago liburu batetik abiatuta gauza ezberdinak euskaraz egiteko.»

Pasa den urtean ere martxan jarri zuten gisa honetako programa bat trans generoari buruzkoa. Orduan, Loratuz Lotu elkartearekin aritu ziren elkarlanean, Moio liburua irakurri zuten eta honen idazlea den Kattalin Minerrek ere eman zuen hitzaldia. Orain, ideiak bueltaka dabiltza irakasleen buruetan eta datorren urterako ideia berriak ere badituzte.  

Ikasleen esperientzia

Ikasleek kontatu dutenaren hariari helduz, migrazioaren inguruko informazioa jasotzearekin batera, esperientzia kurioso eta nahiko deseroso bat bizitzea tokatu zitzaien, izan ere, mugan bi polizia auto gerturatu zitzaizkien eta tentsio momentua bizi izan zuten. Ikasle batek adierazi duenez, «ikusten duguna telebistan ez dugu inoiz bizi izan, eta beraz, ez genekien hori pasa ahal zitzaigunik». Hala ere, ez zitzaien tentsio momentu hori bizitzetik haratago ezer gertatu eta argi geratu zitzaien, jaioterriak edota azalaren koloreak izugarri baldintza dezakeela, izan ere pertsonak zifra bilakatzen dira sarritan.

Hala ere, gizartearen ezjakintasuna ez dute uste zifrak falta direlako denik, baizik eta, arazoaren aurrean beste aldera begiratu nahi delako. Ikasle batek azpimarratu duenez «politikak daude eginda gai hau modu deserosoan jorratzeko» eta, «momentuko soluzio txikiak soilik ematen dira, nahi delako gaia ahaztu eta alde batera eduki.»

Ikasleek ez ezik, irakasleek bizitako esperientzia ere ez da makala izan. «Bat-batean ikusi genuen, hainbeste entzuten den hori gure begien aurrean gertatzen ari dela» nabarmendu du Alvarezek.

Programak, zorionez, izan du bere oihartzuna, izan ere, beste ikastetxe batzuetako deiak ari dira jasotzen programaren nondik norakoak ezagutzeko.

Jaurlaritza Logoa