En direct

Peru Atxa - Iker Gurrutxaga
Trapagaran

Pandemiak sortutako kraterretatik argitasunera eraman nahi gaitu Huts taldeak

Hirugarren lana kaleratu berri du Trapagarango Huts taldeak. Aurreko diskotik hona hiru urte pasa dira eta bateria-jotzailez ere aldatu dute ‘Krater’ diskoa sortzerakoan. Igor Cuesta, Joseba Dominguez eta Mikel Becerrak osatutako hirukoa, MusikHaria saioan izan da aurkezpen lanetan.

Audio_placeholder

Pandemiak sortutako kraterretatik argitasunera eraman nahi gaitu Huts taldeak

Loading player...
‘Krater’ lana kaleratu berri du Trapagarango taldeak, ibilbideko hirugarrena.
‘Krater’ lana kaleratu berri du Trapagarango taldeak, ibilbideko hirugarrena. (Txaber MIRAVALLES)

Denbora tarte bat egon da kontzertuak gutxirekin baina aurreko udan zuek kontzertu batzuk eman zenituzten, ezta?

Bai, gure ustez kexatu ezin den taldea gara. Lauzpabost kontzertu eskaini genituen eta hori guretzako luxu bat izan dela esan dezakegu.

Pandemia garaian kanta berriak sortzen aritu zarete eta Mikel taldera sartu da bateria jotzera, ongi aprobetxatu duzue epe hau.

Mikel betidanik izan da taldearen soinu teknikaria eta pandemian izugarrizko lanketa egin du, bateria jotzen ikasiz. Hasieran asko kostatu zitzaigun ohitzea, azkenean instrumentu bat ondo jotzea ez da egun batetik bestera lortzen eta entseatzen ordu asko emanda lortu dugula uste dut.

‘Krater’ lana da aurkezten ari zareten diskoa, zergatik aukeratu duzue kraterraren figura?

Pandemia aroan traba handiak bizi izan ditugu eta krater bezala definitu dugu arazoetako bakoitza.

‘Krater’ abestian bertan behar denean oihu egitearen garrantzia aipatzen da, barrutik sortzen den hori askatu egin behar dela batzuetan ezta?

Bai, askotan puntu hori ikusten genuen, pozik egon behar dela bai ala bai esaten da eta triste ere egon behar dela pentsatzen genuen guk. Azkenean, presio hori nabaritu dugu, beti pozik egon behar dela eta gure ikuspuntua batzuetan txarto egotea ondo dagoela da. Eman nahi dugun mezua hortik aterako garela da, baina alaitasun faltsurik ez dugu erosiko.

Soinuz, afinaziotik hasita, 2000. hamarkadako nu metalera eramaten gaituzue, zuek horren zaleak zarete?

Bai gure ustez diskoaren emaitza ez da horren nu metala, maketak entzuten badituzu, askoz ere soinu nu metalagoak daude. Ekoizpenean Desakato taldeko Pablo Martinez aritu da eta hor uste dut soinu hori apur bat borobildu duela.

Nerabezaroan musika hori kontsumitzen zenuten?

Musika asko kontsumitu izan dugu txikitatik. Guk beti esaten dugu punk rock abesti bat sortzen ari garenean, Deftones taldearen ukituak sartu behar direla komentatzen dugu eta jolas asko egiten dugu sortzerako garaian. Puntu horretan Mikel egoteak asko laguntzen digu. Adibidez, ‘Pasioa’ abestia Mikelen konposizio bat da beste estilo batekoa eta gogorragoa eta guretzako berrikuntza paregabea da.

‘Krater’ abestiaren leloak beste estilo batetara eramaten gaituela esan dezakegu.

Bai, ez dugu esan nahi, reggaetoi moduko bat da eta ez zaigu gustatzen hitz horrekin sailkatzea.

Soinuaren bilaketan, estudiora sartu aurretik lan asko egin duzue lokalean?

Guk egin genuen lana baina ekoizleari abestiak eraman genizkionean gitarraren soinuak eta horrelakoak ez zirela behin betikoak aipatu genion, berak eskua sartzeko askatasun osoa izan du eta aldaketa asko nabaritu da. Bada bateriaren soinuak ere aldaketak dezente izan du, Pabloren. Kuriosoa da aurre-produkzioa bi egunetan egin genuela eta egun horietan, musikaren aldetik ez zigun ezer ere ez esan, dena bateriaren gainean hitz egiten zuen eta izugarrizko lana egin. Erreberberazioa ere naturala da, estudioko soinuak oihartzun naturala sortzen duelako, eliza batetan grabatuko bagenuen bezala.

‘Harakiri’ kanta single moduan kaleratu zenuten eta bertan «un suicidio colectivo y nos da igual» esaldia aipatzen duzue. Hau da, gertatzen dena gertatzen dela berdin zaigula.

Oraingo gizartean hori ikusten ari da eta horren adibide bat Leonardo DiCaprio aktorearen ‘Don't look up’ pelikula.

Kasu honetan abesti azkarra da eta erreferentzia Berri Txarrak taldearen azken etapa dela esan dezakegu?

Bai, baietz esan dezakegu. Hasiera batean antzekotasun horren ondorioz zalantzak izan genituen, baina horrela atera zaigu abestia eta horrela utzi dugu. Berri Txarrak taldearen influentzia hori eduki arren, gure abestiak minutu bat eta gutxi irautea zen helburua, abesti zuzen eta azkar bat izateko.

‘Argia amatatu’ singlean, letrari dagokionez galdera berezi bat egingo dizuet: zuek argia piztuta edo itzalita nahiago?

Batzuetan piztuta beste batzuetan itzalita, nondik harrapatzen zaituenaren arabera. Pandemiaren beste kritika bat dela esan genezake, batzuk bakardadearekin asko sufritu dutelako.

Beste alde batetik, stoner ukituak ditu kanta honek.

Bai, guk uste dugu diskoaren amaiera nahiko stonerra dela, azkenean soinuarekiko kontrastea duen lana da. Kontraste hori lortzeko instrumentuak, anplifikadoreak eta denetarik aldatzen ibili gara, konbinazio desberdinak eginaz, ume txikien antzera jolasten aritu ginen.

‘Buklean’ abestian beti erabaki ezinda gabiltzala esaten duzue, zuek zeri egiten diozue kasu bihotzari ala buruari?

Ez dakigu, agian guk modu batekoak ginela pentsatzen genuen eta pandemiak beste era batera pentsatzen dugula erakutsi digu. Jende asko zalantza horiekin murgilduta egon dela uste dugu denboraldi honetan eta ez da erraza izaten zer egin erabakitzea. Osasun mental arazo asko daude eta aro horretan gaude, non, buruari buelta asko ematen dizkiogun eta bukle batean sartzen garen.

‘Hostoak erortzen’ abestia besteak baino pausatuagoa dela esan dezakegu. Beste gorputz bat edo beste indar bat hartzen du abesti honek, nahiz eta soilik hiru notarekin hasten den.

Bai, bi akorde dituen abestia da. Egurra duten hainbeste kantu izanda, diskoaren erdialdean lasaitasun puntu bat ere behar zela uste genuen, nahiz eta azkenean indarrarekin bukatzen duen. Gainera beldur apur batekin kaleratu genuen abesti hau, gure inguruko pertsonek ea hau zer den galdetuko zigutelakoan. Pablok, ekoizleak, abesti guztiak jotzerakoan ea hau singlea izango zen esan zigun, abesti poperoena zela esan zigulako, eta gu harritu egin ginen. Zuzenekoan jo izan dugunean gustura gelditu gara baina sentsazio arraro batekin.

Kanten hitzetan denbora guztian denboraren iragankortasunaz aritzen zarete, denbora aprobetxatu behar dela eta bizi behar dela momentua diozue.

Mezua, lehen esan bezala, hori da. Azkenean, pandemia aroan sortutako abestiak dira, hor egon diren gorabeherak aipatu ditugu, baina aurrera aterako garela argi utziz.

Musika, oholtza, pasioa eta izerdia da biltzen dituzue ‘Pasioa’ kantuan. Hori guztia faltan botako zenuten nahiz eta kontzertu gutxi batzuk eman ez?

Izerdia bota dugu baina nahi baino askoz ere gutxiago. Azkenean, jotako lau kontzertuetan jendea eserita zegoen.

Zer nahiago izaten dituzue aretoak edo plazak?

Jo ba oso ondo dago kontraste hori. Oroitzen dut 2019an Berri Txarrak taldearen Kobetamendiko festa erraldoian jo genuela pertsona askorentzat eta, hurrengo egunean, Barakaldoko El Tubon jo genuela. Bertan 50 pertsonentzako lekua egon dago gehienera eta kontraste hori oso polita iruditzen zaigu.

Kobetamendiko kontzertua bezalako aukerak ere aprobetxatu behar dira ezta?

Bai, azken orduan aldaketa egon zen eta bi oholtza egon beharrean, zortzi taldeek oholtza berdinean jo genuen. Bi aukera sortu ziren, zortzi taldeek hor jotzea edo talde guztiek jo ezin izatea. Azkenean, denok eskaini ahal izan genuen ikuskizun bana eta esperientzia oso polita izan zen, benetako izerdiarekin.

‘Pasioa’ abestian, Sasu Meltdownen kolaborazioan pentsatzerakoan, hain ilun geratuko zela uste zenuten?

Bai, Mikelek konposatu zuen abesti hau eta produkzio lanean sartzerako orduan beldur apur bat sumatu genuen, tempo aldaketa asko dituelako. Baina Pablori oso interesgarria iruditu zitzaion, nahiz eta azkeneko zatian aldaketa batzuk egin zituen. Nahasketa sekulakoa eta berritzailea geratu dela uste dugu.

Nola egiten duzue pieza bat hainbeste tempo aldaketekin sortzeko?

Abesti honen influentzia osoa Converge da eta abesti hau Mikelena izan arren, ideia Igorrena dela esan dezakegu. Mikeli bidali zion momentu hartan Converge asko entzuten ari zenez, argi zuen nondik jo behar zuen abestiak. Halako kantu bat egiteagatik ez dugu uste musikari hobeagoak garenik, azkenean, abestiak eskatzen zigun zerbait izan zen eta konbinazio hori aurkitu genuen ordu asko sartuz, gero kantuak bi minutu irauten dituen arren.

‘Egin Zaitez Superheroi’… zuen inguruan superheroi asko agertzen ari da azkenaldian?

Ez dituzte kapak baina harri bat mugitu eta milaka superheroi agertzen dira. Ez gara haiekin zuzen-zuzenean sartu, gehiago egin duten publizitatearekin, non, «egin zaitez» aipatzen duten eta guk «egin zaitez beste gauza bat» aldarrikatu nahi dugu. Ofizio asko daude jende beharrean, adibidez, sanitarioen beharra dago eta ez ditugu horrelako publizitateak ikusten, hori bai, boluntarioak eskatzen zituzten.

‘Oasia’ kantuan urrunean dauden arriskuetatik salbu, euskal oasian edota Europakoan goxo gaudela salatzen duzue, eta begira nola gauden orain.

Denetik tragatu dugunaren ondorioa izan da eta honekin bukatu behar dela uste dugu. Abestia euskal oasia salatzen hasi zen baina, azkenean, bizitako egoeraren ondorioz, kontzeptu orokorragoa sortu da. Hau ere nu metal estilokoa da baina Pabloren lanak berriz ere influentzia izan du eta rock puntua sartu dio, naturalagoa izanez.

Estreinaldi kontzertua Barakaldon izan da, ezta?

Hala izan da, El Mendigo aretoan aritu ginen aurreko asteburuan. Horrez gainera, Desakato taldearekin apirilaren 1ean arituko gara Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean eta, maiatzean, Gasteizen eta Alonsotegiko jaietan ere arituko gara.

Eta martxoko astearteetan Beste Bat saioetan.

Hori da, bertan aurkeztuko dizkizuegu gure eragin guztiak.

Jaurlaritza Logoa