En direct

NAIZ Irratia
Entrevue
Bingen Zupiria
Lakuako Gobernuko bozeramailea

«Errusiak 80 urtez egon diren elkarbizitzaren arauak auzitan jarri ditu»

Errusia Ukrainan sartu izana «europar guztientzat mehatxua» dela uste du Lakuako Gobernuak eta begi onez dakusa laguntza militarra bidaltzea. Pablo Gonzalez kazetariaren egoera konpontzeko «jo daitezkeen ate guztiak» jo dituztela azaldu du Bingen Zupiria bozeramaileak.

Audio_placeholder

«Errusiak 80 urtez egon diren elkarbizitzaren arauak auzitan jarri ditu»

Loading player...
Bingen Zupiria, NAIZ Irratiaren estudioetan.
Bingen Zupiria, NAIZ Irratiaren estudioetan. (HARIA | NAIZ Irratia)

«Gertatu denari bere izenez deitu behar zaio: Errusiak inbaditu egin du burujabea den Estatu bat eta ezbaian ipini ditu estatuen artean Europan 80 urtez egon diren elkarbizitzaren arauak», Bingen Zupiria Lakuako Gobernuko bozeramailearen hitzetan.

Ukrainan gertatzen ari dena «europar guztientzat mehatxua» dela uste du Lakuak eta espainiar Gobernuak armak bidaltzeko hartutako erabakia begi onez ikusten du: «Eusko Jaurlaritzak bat egiten du Europar Batasunak hartu dituen erabakiekin, bai NATOk hartu dituenekin eta baita Espainiako Gobernuak onartutakoekin ere». 

Lakuak berak egin dezakeenaren inguruan, Ukrainatik ihesi iritsi ahal direnak izan ditu gogoan Zupiriak NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan: «Europak konpromiso sendo bat hartu behar du laguntza emateko eta Jaurlaritzak konpromisoa hartzen du gure esku dagoen guztia egiteko laguntza horretan». Ikuspegi ekonomikotik sortuko diren ondorioekiko kezka azaldu du Zupiriak. «Ondorioak izango ditu», nabarmendu du. 

Hirugarren eguna da dagoeneko Pablo Gonzalez kazetari bizkaitarra poloniar Poliziaren eskuetan inkomunikatuta dagoena. «Jaurlaritzak jo daitezkeen ate guztiak jo ditu», Zupiriaren esanetan, eta «Polonian ordezkaritza duten kontsulatuekin ahalegin bat egiten ari dira erakunde guztiak egoera argitu eta irtenbide bat emateko». 

NAIZ Irratiko Informazioaren Hariaren lehen edizioan izan da Bingen Zupiria
NAIZ Irratiko Informazioaren Hariaren lehen edizioan izan da Bingen Zupiria

Biktimei aitortza, justiziaz harago 

Memoria kontuetan nabarmentzeko data gaurkoa, martxoaren 3a. 1976ko Gasteizko gertakariak gogoratuko dituen memorialak abian behar luke, edo hau sustatuko duen fundazioak bai, behinik behin. «Penaz» ikusten du Lakuak gauzatu ez izana eta Zupiriak azaldu du «erakunderen bat atzeratu» egin dela «bere etxeko lanetan». Ez du argitu zein. 

Fokua zabalduta, berriki Lakuak egin duen Mikel Zabalzaren biktima aitortzaz galdetuta justiziatik harago doan aitortza instituzionala balioetsi du: «Sufrimendu hori jasan duten pertsonek eta familiek merezi dituzte aitortza eta errekonozimendua». 

Zupiriak dio Lakuako Gobernua babesten duten alderdiek badutela gaiarekiko sentiberatasuna, baina ez da berbera instituzio guztietan, «Estatua osatzen duten botereek aitorpen hori egiteak ordain moral bat ekartzen die biktimei». Espainiar Gobernuari erreferentzia zehatzik egin gabe, Zupiriak Gernikako bonbardaketa izan du gogoan, «apirilean izango da urteurrena eta hori ere aukera ona litzateke». 

Jaurlaritza Logoa