En direct

Peru Atxa

Ohiko eskema aldatu eta proposamen ezberdinak ekarri ditu Jon Eskisabelek ‘Badok’ tartera

Hamabosteroko tarteari forma berria eman eta Badok atariko katalogoan gehiago murgildu asmoz hautatuko ditu kantuak Jon Eskisabelek.

Audio_placeholder

Ohiko eskema aldatu eta proposamen ezberdinak ekarri ditu Jon Eskisabelek ‘Badok’ tartera

Loading player...
Martxoaren 12an oholtzara igoko da berriz ere Kaskezur taldea Ondarroako Portuko Ranpin.
Martxoaren 12an oholtzara igoko da berriz ere Kaskezur taldea Ondarroako Portuko Ranpin. (KASKEZUR)

Orain arte berrikuntzekin etortzen bazen ere, tarteari buelta bat eman eta beste modu bateko aukeraketa egingo digu aurrerantzean Jon Eskisabelek ‘Badok’ tartean. «Hamabostean behin musikari bati abesti zerrenda bat eskatzen diogu eta egunero disko bat aukeratzen dugu, pilatuta dugun katalogoa erakusteko modua delako» azaldu digu Eskisabelek, «garai eta estilo desberdinetakoak izaten saiatzen gara».

Hasteko, musikariaren abestien zerrendetatik tiraka, Keia taldeko Ane Arruti abeslari eta konposatzailearen zerrendako kantu bat ekarri digu: «Potemkin talde oñatiarraren ‘Gauza txikiak’ abestia izan da Ane Arrutiren zerrendatik atentzioa deitu zidan abestietako bat. Batez ere punk rocka jorratzen zuen talde honek eta Kuraia taldearen bidea hartu zutela esan dezakegu. Horrez gainera, ez dakit kasualitatea izan den, baina, abestia entzuterakoan, duela gutxi hil den Mark Lanegan etorri zait burura, ahots eta musika aldetik. Kanta hau Potemkin taldearen lehenengo diskoan argitaratu zen 2006an eta Bizarro taldean pate hartzen duen Aixibar Urteagaren ahotsa oso nabaria da».

‘Eguneko disko’ izendatzen dituztenetatik, Kaskezur taldearen ‘Ilgora’ diskoa ekarri digu Eskisabelek: «Duela 9 urte argitaratutako lana da eta, kaleratu zenean, jendeak goraipatu zuen lana izan zen. Sekulako lana da eta taldearen estiloa 90etako rock alternatiboan oinarrituta dagoela esan dezakegu. Kanta borobilez osatuta dago diskoa eta abesti bat aukeratzea zaila iruditu zaidan arren, ‘Noria batean bueltaka’ abestia aukeratu dut. Laster taldea zuzenekoetan ikusteko aukera izango dugu, martxoaren 12an, Ondarroan, Vulk taldearearekin eskeiniko duen emanaldian adibidez».

Azkenik, bertsio bat ekarri digu Jon Eskisabelek tartea ixteko: «Bor Bor proiektuak grabatutako abesti bakarra da ekarri dudan bertsioa, ‘Jauzi handiaren zain’ izenekoa. Talde ugaritan aritutako eta inprobisazioan jakin min handia duen Ibon RG musikari esperimentalak eta Ibon Agirrek sortu zuten proiektu hau eta 2014an kaleratu zuten bertsio hau. Billy Braggen ‘Waiting For The Great Leap Forwards’ abestiaren bertsioa da eta abesti oso txukuna dela esan dezakegu, ukitu elektronikoak dituena. Beñat Sarasola izan zen kantu honen letraren hitzekin euskaraz moldaketa bat sortzeaz arduratu zena eta ziur egon ez arren, eta abesti hau bera Nacho Vegasek ere jo izan zuela uste dut».

Hauek dira, beraz, aste honetarako ekarri dizkigun hiru abestiak:

– Potemkin - Gauza txikiak

– Kaskezur - Noria batean bueltaka

– Bor Bor - Jauzi handiaren zain

Jaurlaritza Logoa