En direct
«Torturaren aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzea izango dira elkartearen helburuak»
EAEn tortura sistematikoaren berri ematen duen txosten ofiziala 2016an aurkeztu zen baina lan hori egiteko dago Nafarroan. Aitortza helburu nagusitzat hartuta, aurrerapausoa eman dute bertako torturatuek, lehenik sare bat osatuz eta orain, larunbatean Berriozarren, elkarte bat aurkeztuz.
«Torturaren aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzea izango dira elkartearen helburuak»
EAEn Paco Etxeberriaren taldeak osatu zuen txostenaren lehenengo bertsioak 4.113 tortura kasuen berri eman zuen duela bost urte pasatxo, ia 4.000 biktima identifikatuz. Nafarroan milatik gora izan daitezke azken sei hamarkada hauetan hori bera pairatu dutenak, eta ez daude aitortza eza jasaten jarraitzeko prest. Biltzen dituen sareak elkarte izaera hartuko du orain, larunbatean Berriozarren deituriko bilkura garrantzitsuan. Eta mila horietako bat Jorge Txokarro da, bi aldiz torturatua. Asteazken honetan NAIZ Irratian eman ditu hitzordu honen berri eta ekimenaren nondik norakoak.
Elkartea «torturatuen bozgoragailua izateko bokazioarekin jaiotzen da. Ez da izango tresna bakarra, baina oinarrizko tresna izango da, bai. Hiru helburu ditugu: aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzea», laburbildu du.
Egiteko zehatzak larunbatean kontrastatu eta erabakiko dira, baina ildo batzuk aurreratu ditu Txokarrok elkarrizketa honetan: «Batez ere oso garrantzitsutzat jotzen dugu egiten ari garen formulario bidezko errolda, lan zehatza eta zabala baita. Kontuan hartu behar dugu sei hamarkadetaz ari garela hizketan».
Horrekin batera, «gure arteko zaintza ondo antolatzea ezinbestekoa da», erantsi du. «Izan ere, tortura ez da ponentzia politiko bat, pertsonen artean sufrimendu izugarria eragin duen gauza bat baizik».
Hirugarrenik, «elkartean harremanak izateko ardura hartzen dugu, alderdi politikoekin, Nafar Gobernuarekin, sindikatuekin… Izan ere, hau dena kaleratzea gure helburua ere bada, mozioen bidez udaletxeetara eramatea… Lan handia dugu egiteko», ohartarazi du.
Erresidentzietan ere torturatuen bila
Zenbat izan dira Nafarroako torturatuak? Goiz da jakiteko, baina aldi berean berandu, jakina... Lakuak sinatutako txosten horretan jada ikusezin gelditzen ziren duela 60, 50, 40 urteko kasu asko eta asko, ahazturak lurperaturik... «Oraindik kristoren lana egiten ari gara Nafarroa osoan zehar –aipatu du Txokarrok–. Ongi saretu gara zonalde ezberdinetan lan hori egiteko. Momentu honetan 700 formulario banatu dira jada. Errolda bat genuen baina 114 kasu gehiago atera zaizkigu orain. Estimazio bat eginda, mila kasu ingurutan gaude».
«Adineko jendearekin lan handia egiten ari gara, besteak beste erresidentzietan dagoen jendearekin, erretiratuta dagoen jendearekin… –zehaztu du– Haiengana iristea zaila da. Auzi asko izan dira eta askotan pertsona hauek inoiz ez dute honen inguruan hitz egin. Bazkide izan nahi ez arren, kasu horiek kontabilizatzen ditugu, etorkizunari begira datuak ahalik eta zehatzenak izateko».
Galdera behar-beharrezkoa da: zergatik ez dago aitortza ofizialik Nafarroan orain arte? «Erakundeek erantzun beharko lukete –aipatu du Jorge Txokarrok NAIZ Irratian–. Nire erantzuna erraza da: sei hamarkadatan zehar gauzatu da tortura, inpunitate osoz. Arduradunek hori asumitzeko pedagogia handia egin beharko dute. Bere prozesua darama horrek. Hausnarketa prozesu hori egiten ari direla uste dut nik. Ez dut baztertzen etorkizunean gure lan honi Nafarroako Gobernuak ofizialtasun zigilua jartzea, ikusiko dugu».
Bestalde, jakina da zangotraba nabariak izan zirela Nafarroan: bi adibide emateagatik, Estatuak eragindako biktimen legea Auzitegi Konstituzionalera eraman zuten, eta auzitegiek ikerketa egiteko onartutako diru kopurua baliogabetu egin zuten. Baina honek ez ditu Nafarroako torturatuak besoak gurutzatuta eta ezer egin gabe utziko: «Konstituzionalak erabakitakoaren ondoren lege berria dago –ekarri du gogora Txokarrok–. Ez da aurreko berdina baina aitortza mailan lan polita egiteko aukera ikusten du elkarteak».
Lege horren arabera, EAEn gertatu den bezala, «batzorde bat sortuko da bertan kasuei burukzko balorazioa egiteko. Gu nolabait biluzik joango gara batzorde horretara, inpunitatearen ondorioz ez dagoelako gu torturatuak izan ginela akreditatzeko inongo dokumenturik, gure lekukotasuna baino ez dago. Orduan aitortza hori zaila izango da, baina lege horrek tortura gizarteratu eta ikusarazteko beste tresna batzuk emango dizkigu. Zentzu horretan baikor gaude».
«Nafarroan ere tortura sistematikoki ezarri dela onartzea da gure erronka, honekin gelditzen gara»
Txokarrok berak jasan du tortura, bi aldiz, elkarrizketan aipatu duenez: «Tamalez, bai. 1996. urtean lehenbiziko aldiz Polizia Nazionalaren eskutik atxilotu ninduten, eta lau egun eta erdi inkomunikatuta egon nintzen Iruñean eta Madrilen. Sei urte geroago, 2002. urtean, Guardia Zibilaren eskutik izan zen, bost eguneko inkomunikazioa pairatu nuen orduan».
Zure arlo pertsonalean zein izango litzateke erreparazioa?, galdetu dio NAIZ Irratiak orduan: «Saretik torturatu bakoitzari prozesu hau egokien ikusten duen moduan bizitzeko eskubidea onartzen diogu –aipatu du ezer baino lehenago–. Baina elkarte bezala aitortza da funtsa, orain arte hau guztia gordeta izan delako. Erreparazioari dagokionez, dirua ez da garrantzitsua, ez du ezer konpontzen. Norberaren eskubidea da dirua eskatzea baina guretzako elkarte gisa garrantzitsuena aitortza da».
Arestian aipatu duenez, elkartearen helburuen berri ematerakoan, «justizia izatea ere ez dugu eskatzen, ez eta barkamena eskatzea ere. Zergatik? Etorkizunari begira elkarbizitza beste balore batzuetan oinarritu nahi badugu, zertarako balio du justizia bidezko mendekuak, zertarako torturatuak Auzitegi Nazionaleko eskailerak igotzen espetxera joateko? Nafarroan ere tortura sistematikoki ezarri dela onartzea da gure erronka, honekin gelditzen gara».
Larunbateko ekitaldian parte hartzera animatu du, azkenik, baita izaera aurreratu ere: «Aurkezpen bat da, batetik iritsiko diren torturatuentzako, beraiek lasaitasunez hitz egiteko, baita hedabideei begira ere. Erakundeek, sindikatuek, elkarte ezberdinek... gonbidapenak jaso dituzte. Formularioak banatu, bazkideak hartu… horretarako erabiliko dugu. Oinarria ari gara jartzen».