En direct

Ion Garate
NAIZ Irratia. KirolHaria saioko gidaria
Entrevue
Pello Bilbao
Bahrain Victorious taldeko txirrindularia

«Nire aukeretan sinistu ezkero, hurbilago egoteko moduan nintzateke seguraski»

Ia sei hilabete lehiatik kanpo egon ostean, Pello Bilbaok hasi du aurtengo denboraldia. Valentziako Voltan izan da Gernika-Lumokoa eta «sentsazioekin gustura» agertu da NAIZ Irratiko mikrofonoetan. Hurrengo hitzordua Andaluziako Itzulia izango du, datorren astean bertan.

Audio_placeholder

«Nire aukeretan sinistu ezkero, hurbilago egoteko moduan nintzateke seguraski»

Loading player...
Pello Bilbao, joan den Euskal Herriko Itzuliko azken etapan. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Pello Bilbao, joan den Euskal Herriko Itzuliko azken etapan. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Pello Bilbao estreinatu da aurtengo denboraldian, ia sei hilabetez lehiatik kanpo egon ostean. Valentziako Volta amaitu berri du Gernika-Lumokoak eta bertan izandako sentsazioekin «gustura» agertu da.

Valentziako Volta, denboraldiko lehen lasterketa, zein sentsaziorekin amaitu duzu?

Gustura, egia esan. Lehenengo karrera, eta batez ere sei hilabete lasterketetatik kanpo egon ostean, dudekin hasten dugu beti, eta aurten are gehiago. Niretzat, besteekin indarrak neurtzeko garrantzitsua zen, jakiteko zein puntutan gauden. Entrenamenduek informazio asko ematen dute, baina benetan balioa duena lasterketako sentsazioak eta emaitzak dira. Ez nuen askorik espero eta nahiko positiboa izan da bertan izandako errendimendua eta, orokorrean, taldeak erakutsi duena.

Hirugarren etapan, menditsuenean, laugarren amaitu zenuen. Hor aurrean egon zarela ikusteak pentsatzen dut aurrera begira lagunduko duela, ezta?

Bai, hori da. Azkenean, zailtasun handiena izan zuen etapan aurrean egon nintzen, onenengandik gertu. Ez nintzen etapan lehian sartu, beharbada ez nuelako behar adinako konbentzimendurik. Baina benetan nire aukeretan gehiago sinistuz gero, hurbilago egoteko moduan egongo nintzateke, ziur aski.

Aipatzekoa da Bahraingo bost txirrindularik amaitu zenutela sailkapen nagusiko Top20an. Talde lanean nola ikusten duzue zeuen burua?

Ondo. Uste dut talde dinamika ona izan genuela. Gure erreferentziak, sailkapen nagusira begira, Matej Mohoric eta Luis Leon (Sanchez) ziren lasterketa horretarako, eta azkenean neu hirugarren etapan ia-ia Top10 horretatik gertu geratu nintzen, Jan (Tratnik) ere ihesaldietan egon zen… Azkenean saiatu gara. Bagenekien sailkapen nagusirako ez genuela podiumean sartzeko moduan txirrindularirik; batez ere, hirugarren etapa horretan helmuga oso gogorra zen eta, Luis Leon eta Matej ziklista pisutsuak izanda, ez genuen aukera onena, baina euren helburuak denboraldi hasieran daude eta, sasoi onean egonda, eurek pixka bat lasterketan testatzeko aukera izan dute.
 
Aurreko urtean egutegi estua izan zenuten. Nola eraman zenuen egoera hori fisikoki eta, batez ere, psikologikoki?

2020 eta 2021eko denboraldiak ia-ia oso kontzentratuta egon ziren. 2020a urte berezia izan zen; oso berandu amaitu genuen denboraldia eta konturatu orduko 2021eko denboraldi-aurrean sartu ginen. Fisikoki esan behar dut oso ondo eutsi niola. Azken lasterketa Tourra izanik, bertan ondo bukatu eta Top10 horri amaieraraino eustea lortu nuen. Baina buruari dagokionez, esan behar da pisatzen hasi zela. Batez ere Tourrak duen exijentziarekin eta bertan egoten den presioarekin, komeni da mentalki fresko joatea bertara.

Oraingoan atsedenerako tarte handiagoa izan duzu. Nola aurkitu zara denboraldi-aurrean?

Eskertu dut lasterketetatik kanpo deskonexio aldi hau izatea. Behar nuen. Urte asko daramatzat bete-betean urte osoan lehiatuz. Asko eskertu dut aurten hori. Ia sei hilabete egon naiz lasterketetatik kanpo; fisikoki ondo nago, entrenamendu maila minimo bat mantenduz beti. Nahiz eta lasterketarik ez egin, beti aktibo egon naiz eta horrek lagundu nau alde batetik deskonektatzen, eta, bestetik, maila on batean bueltatzen.

Iaz, besteak beste, bederatzigarren amaitu zenuen Tourra; Giroa, hamahirugarren… Aurten, dena ondo bidean behintzat, Itzulia, Giroa, Vuelta edota Alpeetako Tourra korritzeko asmoa azaldu duzu. Zer helburu dituzu aurtengo denboraldirako?

Printzipioz, nire lehenengo helburua Strade Bianche eta Itzulia izango dira. Bertan nire aukera izango dut eta aprobetxatzeko gogo handiarekin, eta hurrengo helburu handia Giroa izango da. Ikusiko dugu Giroko sailkapen nagusirako lehian sartzeko aukera badugun. Baina, bai, Giroan edo Vueltan, bietariko batean, gustatuko litzaidake Top5 horretan egotea eta sailkapen nagusia lehiatu ahal izatea.

Helburu nagusia, printzipioz, Giroa izango litzateke, ezta?

Bai, printzipioz lasterketa berezia de niretzat, urtero garrantzi handia ematen diodana, eta espero dut aurten ere Giroan nire aukerak izan ahal izatea.

Giroan Mikel Landa ere izango da hasiera batean. Pentsatzen dut datak gerturatu ahala joango zaretela pixka bat ikusten, baina sailkapen nagusirako nola ikusten duzu zeure burua edo berea?

Data hurbiltzen joan ahala, joango gara pentsatzen nola planteatuko dugun lasterketa.

Espainiako Vuelta egingo duzu aspaldiko partez. Ilusio berezia egiten al dizu lasterketa horrek?

Bai. Egia da nire lasterketa gogokoena Giroa dela; gero ere, taldeak ematen dion garrantziagatik, Tourrera joan behar izan dut sarritan, taldeak ni bertan izatea nahi izan duelako, eta Vuelta pixka bat ahaztuta geratu izan da azkenaldi honetan. Gogoz nago. Lau urte dira Vueltara joan gabe. Nobedade hauek eskertzekoak dira beti; motibazio berezia ematen du, aurten etxetik gertu etapa asko egongo direlako.

Valentziako Volta amaituta, zein izango duzu hurrengo hitzordua?

Datorren astean Andaluziako Itzulian egongo gara. Itxura batean behintzat, itzuli nahiko exijentea dirudi.

Jaurlaritza Logoa