En direct

Zaldibar Argitu plataformako Janire Lazkanoren esanetan «oso zaila da» duela bi urte zabortegian gertatu zena deskribatzea. «Gaurko egunean goizean goizetik atzera begira jartzeko momentua izan dugu eta oso zaila da bi urte hauek deskribatzea, gorabeheratsuak izan dira zeharo. 2020ko otsailaren 6ra joango bagina, momentu oso intentsoak izan ziren, ezjakintasunez beterikoak». Bi langile desagertuta, zabortegia sutan, kea herrietan, «oso egun gorabeheratsuak izan ziren, emozioz eta amorruz betetakoak».
«Ekidin zitekeen» hondamendi bat izan zen zabortegikoa Lazkanoren esanetan. Ardura eremu pribatuan eta publikoan kokatzen dute. Pribatuan, enpresak zabortegia nola kudeatu zuen ikusita, eta publikoan, instituzioen aldetik kontrol falta egon zela uste baitute.
Zaldibar Argitu platafomaren iritziz zaborren kudeaketaren inguruko hausnarketa zabal bat abiarazi behar da. «Interes pribatuei ezin zaie utzi zaborren kudeaketan esku hartzen, kontrol publikoa beharrezkoa da eta hondakinen kudeaketan aldaketa sakonak behar dira».
Durangoko auzitegian bi prozedura judizial zabaldu ziren Zaldibarko zabortegiko hondamendiari lotuta. Lehena, bi langileen heriotzagatik. Kasu honetan, zabortegia kudeatzen zuen enpresako arduradunek eta biktimen senideek akordio bat lortu zuten. Bigarrena zabalik dago, ingurumen deliturik izan ote zen ari dira ikertzen. Lazkanoren esanetan Zaldibar Argitu plataforma gertatu zena argitzeko «zirrikitu guztiak» aprobetxatzen saiatu da. Europara ere jo dute, Zaldibarren Europako zuzentarauak bete ote ziren argitu dadin, eta berriki jakin da berriro jarriko dutela martxan ikerketa.


