En direct

Naiz Irratia

Arkaitz Rodriguez: «Ez ginen jaio betiereko kontrabotere izateko, jaio ginen irabazteko»

Sortuko idazkari nagusi karguan berrautatua izan da Arkaitz Rodriguez, pasa den larunbatean iragan zen III. Kongresuko itxiera ekitaldian. Prozesuak emandakoari, eta etorkizuneko erronkei begiratu dio Naiz Irratian.  

Audio_placeholder

Arkaitz Rodriguez: «Ez ginen jaio betiereko kontrabotere izateko, jaio ginen irabazteko»

Loading player...
Arkaitz Rodriguez, Sortuko idazkari nagusia.
Arkaitz Rodriguez, Sortuko idazkari nagusia. (NAIZ Irratia)

Ezker independentistak erreleboa ziurtatua duen sentsazioarekin amaitu du Sortuk bere III. Kongresua. «Militante prestatu asko» ditu antolakundeak, bere idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek dioenez. Balorazio baikorra egin du itxi duten zikloaz, eta edukietan baino, zuzendaritza berriko kideen iraganean zentratu nahi izan dutenekiko kritiko mintzatu da: «Guretzat polemika artifiziala da, medio eta alderdi konkretu batzuk sortu dutena. Ezkerreko independentisten hazkundea galaraztea edo zailtzea dute helburu, baina gauza bat esaten diegu: asko gara, baina are gehiago izango gara, konbentzituta baikaude gizartearen gehiengoak ez duela bat egiten hausnarketa horrekin. Batzuk errelatoaren batailan daude, gu bakearen eraikuntzan».

Herri honi «erronka kolosalak» ikusten dizkio Rodriguezek «pandemia, areagotu dituen askotariko krisiak, larrialdi klimatikotik zaintza krisiraino, erronka demografikotik hezkuntza sistema burujabe baten eraikuntzaraino», eta argi du horiek guztiek «herri bulkada baten abiatzea» eskatzen dutela.

Sorturen lehen eginbeharra «herri erronka berri honen sustapenaren mesedetan jartzea» izango dela esan du. Baikor sumatzen zaio horretaz mintzo, eta euskal independentismoa ahulduta dagoela dioten inkesten aurrean, erratuta daudela nabarmendu du: «Oraintxe dute unea galdetzeko herri honi bere etorkizunaren inguruan… zergatik ez dute egiten?». Horren inguruko bere susmoak galdetuta, argi du erantzuna: «Beldur direlako, badakitelako ez dela horrela».

Euskal Estatuaren ikusmiran

Euskal Herriak Estatu propioa behar du izan, Rodriguezen ustez pandemiak agerian utzi duelako, besteak beste, «indarrean den ereduaren injustizia». Eta baita ere lan harremanen ingurukoak Madrilen, 500 kilometrora erabakiko dituztelako: «Hemen gehiengorik ez duten indar politiko eta sindikatuek erabakiko dute, gurekin kontatu gabe, eta baldintzak kaskartzeko gainera». Bide batez, erreforma dagoen moduan «ez dutela babestuko» baieztatu du, «arduragatik, ezin dugu traizionatu gure promesa, eta bidea zabaltzen dielako eskuin muturrari».

Halaber, aurki zabalduko den hauteskunde zikloari begira, «hegemonia politikoa borrokatzea» izango da euren helburua. «Gu ez ginen jaio diskurtso autoerreferentzialak egiteko, ez ginen jaio betiereko kontrabotere izateko, jaio ginen irabazteko, eta horrek eskatzen du albait botere metatzea, berdin kalean zein instituzioetan. Boterea metatu, eraldatu eta herriaren mesedetan jarri beharra dago».

Horrek «gehiengo berriak, lidergo berri bat» ekarriko dituen aliantzak eragin beharko ditu, izan orokorrak edo puntualak; zentzu horretan, Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiak berriki egin dituen adierazpenen aurrean, gogoratu dio Nafarroan EH Bilduk sustengatzen duela Maria Chiviteren Gobernua, eta Madrilen ere hainbat harreman direla Pedro Sanchezen Exekutiboarekn. «Argudio batzuekin ere nekatuta» dagoela segurtatu Sortuko idazkari nagusiak.    

Jaurlaritza Logoa