En direct

Bizitzak kolpea emanda, irribarrez aurrera jarraitzeko nahia

38 urterekin diagnostikatu zioten Mikel Lizarralde eibartarrari esklerosi anizkoitza. Gaixotasunaz eta bizitzako kolpeek erakusten dutenaz aritu gara berarekin.

Audio_placeholder

Bizitzak kolpea emanda, irribarrez aurrera jarraitzeko nahia

Loading player...
Irudian, Mikel Lizarralde.
Irudian, Mikel Lizarralde. (Gorka RUBIO | FOKU)

Esklerosi anizkoitzaren eragile nagusia identifikatu dute Harvardeko unibertsitateak egindako azterketa batean. 20 urteko ikerketa zabal baten emaitza argitaratu zuen pasa den abenduaren 13an Science aldizkariak. Esklerosi anizkoitzaren eragile nagusia Epstein-Barr izeneko birusa izan daitekeela ondorioztatu dute. Mikel Lizarralde esklerosi anizkoitza duen eibartarrarentzat positiboa da iragarpena, «esperantza» ematen du egunen batean sendabidea egongo dela pentsatzeko.

Hiru milioi pertsonek dute esklerosi anizkoitza munduan, 1000 inguruk Euskal Herrian. Horietako bat da Mikel Lizarralde. Duela lau urte diagnostikatu zioten gaixotasuna, eta nola ez, kolpe latza izan zen. Gaixotasunaren ezaugarri nagusien inguruan, Lizarraldek nabarmendu du oso ezberdina dela gaixo batetik bestera, bilakaera ezberdina duela batetik bestera, baina izatez sendabiderik gabekoa eta degeneratiboa dela. Hala, sendaezina izaki, tratamenduen helburua gaixotasuna kontrolpean izatea da.

Lizarraldek familian aurkitu du aurrera egiteko indarra. Emazteak lehen egunetik baikortasuna transmititu nahi izan zion. Aurrera egiteko norberak aurkitzen du formula propioa. Tartean, badira elkarteak. Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza Elkartera ere jo zuen Lizarraldek, eta lehen hartu emana izan ostean, bere kabuz, edo elkartearen laghuntzarik gabe, egoerari aurre ziezaiokeela ohartu zen.

Funtsezkoak dira, edonola, halako elkarteak. Gema Rodriguez gizarte langilearen esanetan Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza elkartearen funtzio nagusiak gaixoei informazioa ematea eta gaixotasuna ikustaraztea dira. Eta horrekin batera, gaixoei zerbitzu sorta zabala eskeintzen diete.

Esan ohi da kolpe latz bat jasotzen denean, bizitzaren balioa nabarmentzen dela. Ideia horri tiraka, 'Nire erreferenteak' izeneko proiektua gauzatu du Lizarraldek. Bizitzan momentu gogorrak pasa arren aurrera egitea lortu duten lagun ezberdinen testigantzak bildu ditu.

Lizarraldek nahiago luke gaixotasunik ez izan, baina esklerosi anizkoitzak erakutsi dio batzuetan dramatizaziorako joera dagoela, eta ahaztu egiten dela aurrera egin eta irribarrez bizitzea posible dela. «Ikusten ari naiz beste pertsona batzuk zein kolpe jaso duten eta hala ere aurrera egiten dute irribarre batekin, diagnostiko batek edo istripu batek gogoratzen digu bizirik jarraitzen dugula eta irribarre egiten jarraitzeko gogoa izan behar dugula».

Jaurlaritza Logoa