En direct

Amaia Zurutuza-Sara Iriarte

«Odola ematen duenak beste pertsona baten bizitza salbatzen du»

Pandemiaren ondorioak askotarikoak dira eta odol emateetan ere izan du eragina, %30 egin dute behera. EAEn 5000 donazio lortu nahi dira hilabete amaitzerako. Xabin Urzelai Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko lehendakariak praktika honen garrantzia nabarmendu du Naiz Irratian.

Audio_placeholder

«Odola ematen duenak beste pertsona baten bizitza salbatzen du»

Loading player...
Pertsona bat odola ematen.
Pertsona bat odola ematen. (Cézaro De Luca | Europa Press)

Edonork pentsa lezake gaixotasun bat edo istripu bat izanez gero, ospitale batean bere beharrei erantzuteko odola izango dutela. Eta izango dute, ziurrenik, baina norbaitek eman duelako, noski. Odol transfusioak ohiko praktikak dira. Egunero 400 pertsonek jasotzen dute odola Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta urtero 100.000 transfusio egiten dira.

Horretarako ezinbestekoak dira odol emaileak. Kopurua dezentekoa da Euskal Autonomia Erkidegoan baina pandemiak egoera okertu du eta odol emaileen elkateak ohartarazi du donazioak ugaritu egin behar direla, stock-a ia hutsik dagoelako. Xabin Urzelai Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko lehendakariak Naiz Irratian azaldu du pandemia hasi zenetik jeisten joan direla odol erreserbak eta seigarren olatu honek jeitsiera are eta handiago ekarri duela. Momentu kritiko batera iritsi aurretik egin dute deia.

Odola emateko baldintzak ez dira asko. 18 urte baino gehiago izan behar dira, 50 kilo baino gehiago pisatu eta gaixotasun larririk ez izan. Edonola, analisiak egiten dira, noski, odola egokia dela frogatzeko.

Odola ematen dutenen artean, eta, oro har, odol donazioen praktikan, afera honek duen garrantziarekiko kontzientzia falta sumatzen du Urzelaik. Izan ere, odola ematen duenak beste pertsona baten bizia salbatzen duela gogoratu du. «Odola ematen duzunean ez duzu pentsatzen odol hori beste baten barruan egongo dela, bere taupadak zure odolari esker daudela».

Euskal Herrian, zorionez, badago odola emateko ohitura, eta kontzientzia. Horren isla, egin beharreko zerbait dela dioen kontzientzia. Urzelaiak azaldu du odola ematen ez duenak azalpenak emateko beharra sentitzen duela, «bere barruan badakielako egin beharko lukeela». Egin beharko genuke denok, bai, izan ere, Urzelaik dioen moduan «odola behar dugunean jasotzea eskubidea bada, ardura ere denona da».

Gipuzkoako odol emaileen elkarteko lehendakariaren hitzak ez ezik, hainbat emaileren eta Donostiako zentroko erizain baten testigantzak ere bildu ditugu.

Jaurlaritza Logoa