En direct

Ainara Rodriguez-Amaia Zurutuza

Amaia Izko [abokatua]:«Altsasuko auzian gizartea oldartu egin da, hori da inportanteena»

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Altsasuko gazteen helegitea tramitera onartu ez izanagatik «pena» du Amaia Izko abokatuak, bazekien arren «oso zaila» zela. Aitzitik, uste du auziak «mugarri» bat ezarri duela halakorik berriro gerta ez dadin.

Audio_placeholder

Amaia Izko [abokatua]:«Altsasuko auzian gizartea oldartu egin da, hori da inportanteena»

Loading player...
Altsasuko gazteen aldeko mobilizazioa, 2019. urtean. (Iñigo URIZ / FOKU)
Altsasuko gazteen aldeko mobilizazioa, 2019. urtean. (Iñigo URIZ / FOKU)

Altsasuko gazteen defentsek bazuten esperantza, baina «errealistak» ziren eta bazekiten oso zaila zela Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak helegitea tramitera onartzea. Edonola, «aukera txikiena agortu behar genuen», dio Amaia Izko defentsa abokatuak.

Azkenean, ordea, Europak uko egin dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaiketan Altsasuko gazteei oinarrizko eskubideak urratu zizkietela arrazoitzen zuen helegitea onartzeari. «Pena bat da azterketa hori gabe geratzea». Abokatuak azaldu du gazteei terrorismo delitua egotzi zietela hasiera batean, baina ondoren ezabatzea lortu zela. Mantendu izan balute, Izkok uste du Estrasburgok onartu egingo zukeela helegitea. Hain justu, terrorismoa egotzi izanak «prozedura guztia baldintzatu» zuela berretsi du abokatuak.

Balorazio positiboa egiteko tartea ere badago abokatuaren ustez. «Ustu dugu kasu honetan halako ebazpenik ez dela hain beharrezkoa gizarteak oso argi ikusi duelako benetan zer gertatu den auzi honetan eta nola urratu zaizkien eskubideak gazte hauei». Abokatuak uste du Altsasuko auziak «mugarri» bat ezarri duela, «gizarte zabal batek» ikusi duela nolakoa den komunikabideen manipulazioa, lobbyen presioa, nola erabiltzen den Entzutegi Nazionala, nola garatu daitekeen auzi bat bermerik gabe eta nola urratu daitezkeen eskubideak. Kontzientzia hori piztuta, Izkok uste du, edo espero du, auzi honek, «kostu pertsonal» handiak eragin dituen arren, halakorik «berriro ez gertatzeko» balioko duela.

Jaurlaritza Logoa