En direct
Torturaren kontakizun gordina izan asmoz ernatu da ‘Bi Arnas’ dokumentala: «Bidegabekeria baten isla da, sekula eskaini ez den elkarrizketa baten kontakizuna», azaldu du Imanol Arzuagak, dokumentalaren sustatzaileetako batek. Torturaren gaia Iratxe Sorzabal beraren eta bere ama Mari Nieves Diazen elkarrizketa baten bitartez garatuko dute.
Izan ere, Iratxe Sorzabalen tortura kontakizuna berea da, baina Euskal Herriko beste familia askorena ere bai. Senide askok, ama askok sufritu behar izan duten orbana da, eta horien guztien irudikapena da ‘Bi Arnas’.
Mari Nievesek berak gogoratzen du «aurreikusi zuela» bere alaba torturatu egingo zutela. «Ez zen lehen aldia, ohiko gauza bat zen: atxilotu eta torturatu. Batzuk hilik atera ziren hortik, beste batzuk bizirik, baina hortik pasako zela banekien, atxilotu aurreko mehatxuak ere ohikoak zirelako». Ileak lazten dituen kontakizuna da Mari Nievesena, eta ez da urruti bere gertuko eta lagunek eskaintzen dutena: «Oso gogorra da, eta orain datorren epaiketarekin, Iratxeri berari eta ingurukooi barruak nahasten zaizkigu».
Otsailaren hastapenean epaiketa berria izango du Iratxe Sorzabalek Auzitegi Nazionalean. Estremerako espetxean dago une honetan, eta momentua aprobetxatu dute dokumentalaren berri emateko. «Lagun artean sortu zen ideia bat da, zerbait egin nahi genuen Iratxeren alde eta bere kasua salatzeko».
Prozesua ez da samurra izaten ari: «Bagenekin trantze gogorra izango zela Iratxerentzat, barruak ez ditu erabat askatu oraindik, baina beharrezkoa zen egitea». Zauriak sendatzen hasteko modu bat ere bilakatu zaio; duela lau bat urte aplikatu zitzaion Istanbulgo protokoloarekin hasi ziren nolabait azaleratzen, eta hau horretarako bultzada izatea espero dute.
Modu profesionalean
Ez dute nahi izan beste dokumental bat gehiago izatea: «Guztia, gidoitik hasi eta musikaraino, modu profesionalizatu batean garatu nahi izan dute, Arzuagak azaldu duenez; «garrantzia handia» eman diote horri. Esan bezala, Iratxe eta bere ama Mari Nieves izango dira ahots nagusiak, baina gehiago ere izango dira: Paco Etxeberria forentsearena, Suitzan erbesteratua dagoen eta bere garaian tortura latzak sufritu zituen Nekane Txapartegirena, Serge Portelli epaile frantziarrarena…
Sosak ere ez dituzte sobera; «auzo-lagunean» diru-bilketa egin dutela azaldu du Arzuagak, eta orain orokortu egin nahi dutela; itsulapikoa.eus atarian egingo dute bilketa ekarpena egin nahi duen ororentzat.
Dokumentalaren aurrerapena ere eskaini dute dagoeneko, nahiz eta ez duten espero udaberrira arte guztiz publiko egitea. Euskal Herrian ez ezik, euren asmoa nazioarteko giza eskubideen zine eta dokumental jaialdietatik ere mugitzea da.