En direct

Koldo Garcia: «Diru-sarrera txikiko herrialdeetan populazioaren %90ak ez du txertorik jaso»

Hilabetez esandakoa berretsi dute Koldo Garcia eta Izortze Santin zientzialariek: ez du zentzurik hemen covidaren txertoaren dosi gehigarriak ematea, munduko toki askotan dosi bakar bat ere ez denean bermatu. 6. olatuaren joera aldaketaz, «protokolo aldaketek» eragina izan dutela dio Santinek.

Audio_placeholder

Koldo Garcia: «Diru-sarrera txikiko herrialdeetan populazioaren %90ak ez du txertorik jaso»

Loading player...
Erizan bat covidaren aurkako txertoa jartzen Angelun.
Erizan bat covidaren aurkako txertoa jartzen Angelun. (Guillaume FAVEAU)

Asteazken honetan aztertuko dute erkidego autonomoen arteko osasun batzordean covidaren txertoaren laugarren dosiaren erabilera, zein talderentzako egokia izan daitekeen zehaztuz. Hori espainiar Estatuan noski, Europako Batasunean, herrialde aberatsetan. Aldiz, «tragedia» bat da, Koldo Garcia zientzialariaren esanetan, oraindik ere milioika lagunek txertorako sarbiderik ez izatea: «Munduko populazioaren %40ak ez du txertorik jaso. Eta diru-sarrera txikiko herrialdeetan, populazioaren %90ak ez du txertorik jaso». Osasunaren ikuspegitik desegokia ez ezik, etikoki ere «lizuna» dela ondorioztatu du Garciak.

Izan ere, ez dago nahikoa datu esateko, gaur gaurkoz, immunoeskasia duten pertsonez harago, eraginkorra denik hirugarren dosia populazio osoari ematea. Hirugarren dosiak 60 urtetik gorakoen artean «zertxobait hobetzen du» ZIUetako pronostikoa Izortze Santin ikerlariak dionez, «baina adin horretatik behera, hobekuntza oso txikia da. Datuak hortxe daude, ez du ezertarako balio». Dosi gehigarriei halako garrantzia eman ordez, immunitate zelularrak ekar lezakeen babesa hobeto ikertzea eskatu dute biek.

6. olatua

Astearte honetan Gotzone Sagardui EAEko Osasun Sailburuak, zuhurtziaz bada ere, seigarren olatuaren joera aldaketa bat antzeman dutela iragarri zuen. «Datuei begiratzen badiegu, bai, joera aldaketa bat eman da», onartu du Santinek; «erreala ote den? hori ez dakigu, protokolo aldaketek eragin handi izan dute eskuartean ditugun datuetan», zehaztu du. Zuzenagoa izan da Garcia: «Intzidentzia datuek ez dute gehiago balio».

Biek iradoki dute badaudela joera aldaketa batez hitz egiteko zantzuak, baina goizegi dela halakorik baieztatzeko. Ospitaleetan dute jarria arreta eta bereziki hilkortasunean, oso altua baita Garciak gogorarazi duenez, «11 hildako egunero (EAEn) ez da zenbaki onargarri bat».

Jaurlaritza Logoa