En direct

«AHTak zarata, lur hondaketa eta ur galera ekarri ditu Angiozarrera»

Jakina da AHTaren eraikuntzak txikizioa eragin duela Euskal Herriko 11 txokotan. Tartean, Gipuzkoan 30 bat iturburu kaltetu dituzte. Angiozarreko Olaiturriko iturburu da lehortu denetako bat.

Audio_placeholder

«AHTak zarata, lur hondaketa eta ur galera ekarri ditu Angiozarrera»

Loading player...
AHTren lanek kalteak eragin dituzte zonalde ezberdinetan, tartean Aramaion. (EH BILDU ARABA)
AHTren lanek kalteak eragin dituzte zonalde ezberdinetan, tartean Aramaion. (EH BILDU ARABA)

Mila Elorza Angiozarreko auzo-alkateak Naiz Irratian baieztatu du lehortuta dagoela Olaiturriko iturburua. Adierazi du gogorra izan dela betidanik ura eman duen iturri bat lehortuta ikustea. Bazuten susmoa AHTaren lanek kalteak eragingo zituztela, eta uste okerrenak bete dira, lanen lehen fasean gainera.

Landa eremua da Angiozar. 300 biztanle inguru ditu eta baserri mordoa. Goimendi auzokoak iturburuekin hornitzen dira. Momentuz iturburu bat lehortu da, baina gehiago ondaturiko direnaren beldur da auzo alkatea. AHTaren eraikuntzan leherketak izugarriak direla azaldu du eta mugimenduek ur isuriak erraz alda arazten dituztela baieztatu du.

Bitartean, lanen arduradunek ez dute azalpen handirik eskeini. Lakuako gobernuak dio, kasu honetan, obrak Adif-en ardura direla. Eta adif-ek, lanak bukatzerakoan hitz egingo dutela. Angiozarren, ordea, badakite beste leku batzuetan zer gertatu den, Aramaion esaterako. Lanak amaitu eta joan egin dira arduradunak, eragindako kalte asko bere horretan utziz.

Jakina da landa eremu askotan despopulatzea mehatsu larria dela. Elorzak ohartarazi du euren herrian egoera larria dela eta zerbitzuak behar dituztela. Bergararen parte da ofizialki Angiozar eta auzo-alkatearen iritziz egoera hau ez da lagungarria, besteak beste, landa inguruneei zuzenduriko laguntzak jasotzeko oztopoa delako. Egoera honetan, irtenbideak eskatu ditu, laguntza eskatu du, Angiozar bezalako landa eremuei soilik azpiegitura handiak eraikitzeko begiratzen dietela salatuz.

Paradoxa da Angiozarren trenaren zain egon baitira urte luzez. Elorzak azaldu du, duela hainbat urte, trena bertara iritsiko zenaren esperantza zutela, zerbitzu gisa desio zutela. Baina AHTari trena deitzen dioten arren, Angiozarrera garraiobide bat ez, zarata eta suntsiketa eraman dutela deitoratu du auzo alkateak.

Jaurlaritza Logoa