En direct
Ez genuen uste baobabek planeta suntsituko zutela entzutean, dantzan hasiko ginenik. Baina Baobabs Will Destroy Your Planet taldeari esker, hori egin dugu. Izena apokaliptikoa dute, eta musika ere iluna da, baina aski dantzagarria. Iruñekoak dira Baobas Will Destroy Your Planet, eta 'Arnasa' da haien hirugarren lan luzea.
Hiru urte pasa dira aurreko lana argitaratu zutenetik, 'Argiaren Abiadura' izenekoa. Mundua asko aldatu da 2018tik hona, eta taldea ere aldatu da. Hiruko gisa hasi zen proiektua, lehen diskotik bigarrenera izan zen aldaketarik taldekideetan, eta oraingo honetan boskote gisa ari dira: Mirentxu Asin teklatuan, Txemi Losada gitarran, Eneko Reketibate baterian, Adolfo Suarez baxuarekin eta Eymard Uberetagoena gitarra jole eta abeslari lanetan.
Ez da aldaketa bakarra izan, estiloa ere moldatu baitute. Disko hau ilunagoa da, zikinagoa. «Geruza asko daude, konplexutasuna bilatzen dugu» esan digu Uberetagoenak. Hori baita taldearen filosofietako bat; «uste dugu lehenengo entzunaldian erraz sartzen zaizun musikak gutxiago irauten duela».
80 eta 90ko hamarkadako taldeak dituzte erreferentetzat, eta hori agerikoa da sorkuntzetan. Ohi bezala, abesti laburrak egin dituzten, kantu luzeena ez da hiru minutu eta erdira iristen. Euren hitzetan, «indie musika egiten dugu, punkaren estrukturarekin».
Gitarra jole eta abeslari Eymard Uberetagoena etorri da gaurkoan gurera, Bigarren Kafeko Elkarrizketa Akustikoetarako.