En direct
DBH eta Batxilergoko arduraduna da Aitor Sarriegi Urretxu-Zumarraga Ikastolan. Euren kasuan, gabon aurreko egoerarekin alderatuta, ez dute aldaketa handirik izan. Irakasle bakarra dago bajan eta ikasle askok oporraldian pasa dute covid 19a.
Ikasleak konfinatuta izatea, ohiko bihurtu da, ez-ohikoa izan arren, baina bereziki irakasleengatik dute kezka, Batxilergoko irakasleak ordezkatzea ez baita erraza izaten.
Hezkuntzako protokolo berriaz nabarmendu dena da burbuila ikasgela izango dela eta eskola kirolik ez dela izango, baita gela bat isteko irizpideen eguneratzea ere. Sarriegik zehaztu du, neurri horiek, bereziki Lehen Hezkuntzan dutela eragina eta DBHk eta Batxilergoak errealitate propioa dutela. Edonola, protokoloak garaiz jakinarazteko eskatu du Sarriegik. «Ez da erraza asmatzen, baina nik eskatuko nuke egiten diren protokolo aldaketak behintzat garaiz jakinaraztea, gutxienez erreakzionatzeko tarte bat ematea barne antolaketarako». Horrekin batera, protokoloa ezartzeko baliabideak eskatu ditu, «materialak eta pertsonalak».
Hezkuntzako profesionalak aurrez aurrekoaren aldekoak direla azaldu du, eta Urretxu-Zumarraga Ikastolako arduradunak uste du hala segiko dutela ikasturte osoan zehar.