En direct

NAIZ Irratia

Ba al dago modurik uholdeak ekiditeko?

Azken uholdeek arrasto larria utzi dute Euskal Herrian beste behin, eta hauei aurre egiteko errezeten zurrunbiloan murgildu gara. Ubideak garbitzea da arduradun politiko zenbaiten soluzioa; adituek diote, ordea, akats larria dela hori.  

Audio_placeholder

Ba al dago modurik uholdeak ekiditeko?

Loading player...
Abendu hastapeneko uholdeek Euskal Herri osoan izan zuten eragina. © Bob EDME
Abendu hastapeneko uholdeek Euskal Herri osoan izan zuten eragina. © Bob EDME

Azken aspaldian ikusitako ur handiek hainbat gune kaltetu dituzte Euskal Herri luze zabalean, Erriberatik hasi Iparralderaino, mendebaldetik ekialdera. Horrek zenbait puntu hondamendi naturaleko gune izendatzea ekarri du. 

Kalteak arintzeko diru-laguntzak iritsiko dira orain, baina egoera horretara iritsi behar ez izateko, uholdeak saihesteko moduen inguruan eztabaida publikoa sortu da. Alderdi ia guztiek egin dute bat Nafarroan, esaterako, ibaien garbiketa dela eginbeharrekoa; horretan bat etorri dira Navarra Sumako Javier Esparza edota Geroa Baiko Uxue Barkos. Eta haien adierazpenak hauspotuta, eskari hori luzatu dute laborariek ere. Nafarroako Gobernuak eman duen azken zenbaketaren arabera, 10.000 hektarea labore hondatu dira azken uholdeetan. Baina adituak ez datoz bat soluzio horrekin, alferrikako aukera dela azpimarratzen dute. 

Erretiratze estrategikoa

Asko hitz egin izan da ibaien bazterrean eraiki izanaren kalteez; ibaien eremuak zapaldu ditugu, baina badira harago doazen mezuak: ez bazterrean, baizik eta literalki, ibaien arroetan, ibilbidean eraiki dela ziurtatzen dute. Hala dio Antonio Aretxabala geologoak. Zentzu horretan, «eraiki behar ez genuen lekuetan eraikitzearen ondorioak» ari gara sufritzen neurri handi batean.

Ibaien garbiketak ez du ezer askorako balio. Kasurik onenetan uholdeak lau zentimetro gutxiagokoak izatea ahalbidetuko luke, eta noski, ez lituzke saihestuko. Uholdeak, bere oinarrian, ezin direlako saihestu. Hala dago jasota Ebroko Konferentzia Hidrografikoak 2007an publikatu zuen zuzen-arauan.

Horren aurrean eraginkorragoa da ibaien ertzetan lautada zabalak irekitzea, eta horregatik «erretiratze estrategikoaren» kontzeptua jartzen du mahai gainean Aretxabalak. Alegia, «ibaien etxeetatik ateratzeko» gonbita luzatu du geologoak.  

Asko espekulatu da gainera ea aldaketa klimatikoak eragin gehiago duen uholdeetan, edo hauen gogortasunean. Aretxabalak uste du oraindik «goizegi» dela beharbada esateko horretan eragin zuzena duenik, baina datuei erreperatuta, bai dirudi gogortasunean haziz joango direla.

Zadorra, eremu gori

Arabako Foru Aldundiak ere galdutzat eman ditu ibaiek gainezka egin zuen eremuetako uztak. Bereziki izan omen da latza Gorbeia-Zigoitia, Amurrio edo Aguraingo inguruetan. Gainera, uztaren galera ez ezik, eremu batzuetan urak lurra ere eraman du, eta bere bidean adarrak, enborrak eta harriak ere utzi ditu. Kalte handienak Arabar Errioxan eta Zadorra ibaiaren arroetan eman dira. 

Hain juxtu, Zadorra Bizirik plataformak soluzioak eskatu ditu uholdeak saihesteko. Ikuspegia aldatzean dago gakoa euren ustez, «uraren kultura berria» sortzean. Iosu Aranbarri kideak azaldu du NAIZ Irratian uholdeak saihesteko neurriak «konplexuak» direla, «paradigma aldaketa» dakartela, baina ezinbestekoak direla etorkizunera begira jartzeko. Are gehiago aintzat hartuz areagotuz joan daitezkeen fenomenoak direla. Zadorrako urtegiaren kudeaketa sistemari buruzko hausnarketa sakona egin beharko litzatekeela ere gehitu du Aranbarrik. 

Jaurlaritza Logoa