En direct
Lokomotora baten indarrarekin etorri da eta bera lokomotora samarra ere bada. ‘AHT’ kantuak, gainera, 90. hamarkadako telebista saioen soinua ere ekarri digu gogora. Horrela ekin diogu Joseba Tapia elkarrizketatzeari.
Badu kutsu hori ezta?
Kutsu hori lehenagotik ere baduela esan dezakegu, izan ere akordeoi kromatikoan trenaren bertsio propioa baduela esango nuke soinu-jotzaile bakoitzak. Baina egia da programaren sintonia ere izan zitekeela.
Lokomotora pixka bat bazara.
Motora baino gehiago, kar-kar.
Instrumentua, soinu kromatikoa, ezarria izan omen zen. Bagara bi.
Biktimen lista oso handia da. Hamalau urte arte edo sekulako aurkikuntza izan zen, barru-barruraino sartu nintzen eta gurasoek ez zekiten halako eskola batean murgildu nindutenik. Ez zen beren garaiko tango eta pasodobleen eskola bat, baizik eta musika oso modernoa eta puskatzailea zen eta aldi berean oso fina eta konplikatua. Oso interesgarria egin zitzaidan. Nahiz eta 14 urterekin aldapan gora egin zitzaidan.
Gero trikitia hartu eta apurtzaile izan zinen, ‘Jo eta hautsi’ ere hortik etorriko zen pixka bat. Hala ere esan izan duzu ez zarela lehenengoa izan, aurretik izan zirela moldeak hausten.
Belaunaldi aldaketaz gainera, toki aldaketa bat eta politikan ere edota bestelako kontuetan aldaketa garaia izan zen. Trikitia ordura arte mendiko herrietan eta auzoetan bakarrik zegoen, eta gu, kaletarrak, estralurtarrak ginen. Ezinbestean horrela izan zen, ez zen pentsatuta egin genuen zerbait, beste mundu bateko belaunaldi bat mundu hartara sartu ginen eta oso ongi hartu gintuzten eta babestuak izan ginen.
Trenik iritsi ez baina nola pasatzen diren mendialdean, zer esanik ez AHTa.
Berrikuntzari bazitzaion beldurra. Gure amak kontatzen du nola aurreneko lokomotora haietako bat Salamancara oporretara joaten ezagutu genuela, gure osa batek han ikasten zuenez bertara joan ginenean. Ez daki zer izango ote zen hura, baina inpresioarekin nik gonbitoak eta dena bota nituela esan zidan. Landa-mundutik ikusita dena oso berria zen eta berrikuntza guzti haiek eta rocka bezalako kontuek beldurra eragiten zien jende harri eta gu lotsagabe gentozen.
Orain, berriz, bestelako errailek zeharkatzen dute toki hori.
Bai bai, eta orain begira zer nolako istilutan gabiltzan trenari buruz eta badago zer hitz egina eta zer borrokatua.
Hizkuntzari erreferentzia argiak egiten dizkio testuak, baina esaldi hau ere esanguratsua iruditu zait: «Zazpi Nafarroak Katalunian uste berria ospatzen». Koldo Izagirreren hitzek mezu politiko indartsua dutelakoan nago.
Umore asko, ironia asko eta jolas asko ditu. AHTaren kontrako mezu esplizitua dirudi hasiera batean, eta esango dute nola aprobetxatu dugun abagunea, baina ez. Barrua umore eta ironia asko ditu eta Koldok testua pasa zidanean, kantuan jarri ninduen berehala.
Txu-txu eta guzti?
Hori gero etorri zen, moldaketa gerokoa izan da. Buruhauste dezente eman zidan txu-txu hori sartu behar zela pentsatzeak.
Sorkuntza erabat zuk egin duzu edo inguruan dituzun artistek lagundu dizute?
Diskoa kolektiboa da nahiz eta nire izenean datorren, eta bakoitzak baditu bere lan eta ardurak. Baina kilometro eta ordu asko, urte asko, mende asko daramat moldaketetan eta nik hor laineza hartzen dut. Moldaketak nik egin ditudan arren, transkripzioetan izan dut laguntza eta baita aholku asko ere, tesituretan eta esperientzia gutxiago nuenez. Txelo bat jartzen nuen tokian biolina jartzeko esan zidaten eta halakoak. Eta zer esanik ez musikari bakoitzak partituratik jotzerakoan jartzen duena. Duela gutxi zendu zen lagun trikitilari batek, Mentxu Alkortak, esaten zuen kantuaren edertasuna norberak jarri behar zuela, hori esaten zion ikasleei abestiak erakustean eta horregatik da kolektiboa disko hau.
Esan daiteke disko honen esperimentazio fasea ‘Tranpaldo’-ren zuzenekoetan eman zela?
Lotura zuzena du, noski. Talde bera den arren, bestelako kontua izan da diskoa. Disko honetan harmonia klase baten bueltan ibili naiz, ez batere esperimentala nahi baduzu, baina niri buruhauste eta lan asko eman dizkidana kuatria den mundu guzti horretan murgiltzeak.
Trikitian tonu-erdirik ez, eta, orain, tonu-erdiekin lehendik ere harmonietan nahikoa loriatsua zenari aukerak bikoiztu zaizkio, gutxienez.
Ez zen titular txarra izango «semitono eta septimetan dabil gizarajoa». Txikitatik atentzio handia jarri izan diot eta ezinegon handia sortu izan dit harmonien mundu horrek eta punto honetaraino iritsi naiz.
Chill Mafiarekin eta ikusi zaitugu, autotunea erabiltzen dutenekin alegia. Pentsatuko zenuen autotunea agertu zenean, «hau zertarako»?
Guk afinagailua ezagutu genuen estudioan. Harmonietan ibilbide luzea izanagatik ere, halako batean teknologiaren berrikuntzak iritsi ziren, konpresore eta ez dakit zenbat makina, eta bat-batean afinagailua etorri zen. «Joño, hauxe gauza» esaten genuen guk. Autotunearen efektua lortzen zuen horrek koordenatuak ongi sartzen ez bazenituen. Orain gazteak autotunearekin entzutean gogorarazten dit lehen akatsa zena, orain beharrezkoa bihurtu den tresna dela, eta hori gauza askorekin gertatu da.
Probatu duzu gailua bera?
Bideoetarako eta jolasean zerbait ibili ginen, baina ez dakit nola funtzionatzen duen, ez dut behar den bezala probatu. Gustatzen zait egiten duen efektua, baina hori kontrolatu egin behar da. Teknologietan gu bagoaz mantso-mantso, ez akaso beharko lukeen abiaduran, eta hortaz badaukat lana.
‘Nerbioiko zirgariak’ kantua benetan gertatuko istorioan oinarritzen al da?
Erabat benetakoa da, horrelaxe ibiltzen ziren. Duela aste pare bat edo ikusi nuen Getxoko errio ondoan egin dietela halako monumentu bat zirgariei. Kantu honekin ezagutu dut emakume zirgarien historia eta emakumeek ezkutuan eta isilean egin behar izan duten lan gogor eta fisikoen beste adibide bat.
Mezu gaurkotua ere badu, «Gizonak salgai ditugu, txanponean zortzi» esaten baitu abestiak. Alegia, nazka-nazka eginda daudela gizonen munduaz.
Horixe, eta gainera txanpon hori ez dakit ez ote den Karlisten garaikoa, pentsa noiztik dauden nazkatuta Euskal Herriko emakumeak.
‘Gudazkenez’ tangoa da, ez da lehena zure ibilbidean.
Ni dantza mundutik nator eta gu ‘wedding band’ bat izan gara. Oso barruan ditugun dantza eta erritmoak dira, kanpotik oso baldar iritsi zaizkigunak. Asko gustatu izan zait kontrako lana egitea, testu duinago batzuekin abestea tango edota cumbia bat.
Orbelaren metaforak zer iradoki nahi du?
Koldori galdetu beharko zaio, bainoa nahikoa argi dagoela uste dut udazkena eta sinbologia guztia. Gero, norberak eramaten du gero abestia bere tristura edota edertasunera.
Euskaldunak ez garela gerria mugitzen oso abilak esaten da, baina zuk akaso kontrakoa esan dezakezu, plazetan dantzari finik ikusi delako.
Dantzak gaur egun ere alderdi eder hori du, elkartzeko eta elkar ukitzekoa, eta bikote eta lagun asko sortu dira dantzarekin. Batzuetan badirudi belaunaldi berriek bestek ohitura batzuk hartu dituztela, baina nik uste dut oraindik ere edonor gozatzen dela eta zurbiltzen gerturatze horietan.
Eta faltan bota dira dantza horik, ezta?
Orain debekatuta dago, hasi garai zerbaitetan baina ez dakigu utziko diguten.
Metro eta erdiko distantziarekin tango bat dantzatzea, pixka bat konplikatua da.
Ez omen da gauza bera, kar-kar.
Aipatzen ari gara doinu latinoak sartu dituzula eta Daddy Tapia bezala ere ikusi zaitugu. Daddy Yankee ezagutzen duzu?
Keba.
Etxera ez da iritsi halako joerarik?
Haurrak oraindik gazte samarrak dira eta ez dira oraindik murgildu hor, baina badatoz ekarpen berriak. Zaharroi iruditzen zaigu gazteena beti zikina eta okerra dela, baina gero norberari begira jarri eta isildu egin behar izaten da.
Zuk eboluzio bat izan duzu, esperimentatu duzu, proba desberdinak egin dituzu ibilbide guzti honetan… Orain brass bandarekin soinu hau duzue, rocketik ere pasa zara, popetik ere bai… Izan daiteke etorkizunean akaso bestelako doinuetara salto egitea?
Musikak hori eskaintzen du, estetika desberdinak eta askotan testua nolakoa denaren arabera izaten da askotan bat edo bestea hautatze, eta irekia izatea garrantzitsua da. Askotan zer lazo klaserekin datorrenaren arabera baztertu egiten ditugu abesti batzuk, aurreiritzien ondorioz. Horregatik gustatzen zait gazteengana hurbiltzea, nahiz eta gure belaunaldiko ikuspegitik ez dakit zenbat falta atera. Hala ere haiek ez dira gu bezain beste erratuko, ezta entrenatuta ere.
Chill Mafiakoek mito deitu dizute. Hitz potoloa ere bada eta ez dakit nola hartu ote zenuen kontua.
Konturatzen zara beste espazio bat, beste belaunaldi bat eta beste mundu bat etorri dela eta zu beste norabait pasa zaituztela, erretretara-edo. Haiek hurbildu ziren bideo batetarako deituz, baietz esan genuen, baina COVIDa dela eta ezin izan genuen Iruñera joan eta grabatu. Kantua atera eta gero aprobetxatu egin genuen Hiru Damatxokoen ideiari esker eta nire gorputza haien eskura jarri nuen jolaserako pronto.
Txandalarekin nola ikusten zenuen zure burua?
Garbitzen daukat Repsoleko txandala. Taldekideak asko animatu ziren eta esan zidaten denok atera behar dugula txandala jantzita oholtzara.
Hor Celestinok izango du kulpa zati bat.
Erabat kulpantea da eta lehenagotik datorren zerbait dela. Iruñean badago mugimendu, eskola, sumendi ez dakit nik zer. Badago zerbait Iruñean bai euskal mundu, instrumentu-jotzaile, eskola, idazle, politika… zerbait gertatzen ari dela ematen du, ez orain, lehendik, eta Celestino bada horren kulpanteetako bat seguru.
‘Kultura sukarra’ kulturak bizi duen egoerari egindako kritika bat bezala ulertu behar dugu?
Haserretxo bat ezta? Kontrastea egiten saiatu naiz moldaketetan, sotiltasunez janzten musika harizko konponketa eta metalen kolpe horiekin, haserre puntu hori eta ironia puntu hori transmititu nahian. Oraintxe denak gabiltza kultura gora eta kultura behera eta hori izan da gure kantua horren inguruan.
Abesti honekin ideia pila bat etortzen dira burura. Bat, errepiken garrantzia, disko guztian dagoena. Koldoren hitzek memorian iltzatuta geratzeko duten gaitasuna sekulakoa da.
Idazterakoan Koldok badu dohain hori beste asko bezala eta Koldok kanturako zeinen ondo maneiatzen duen erregistro hori. Errepikapena ama-orantza da musikan eta kantuan bakarrik ez, dantzan ere jartzen du bat errepika horrek. Harmonikoki horretan oinarritzen da musika popular gehiena mundu guztian, errepikan.
Kantu hau bera entzungo bagenu, adibidez, 1991n, sartu zitekeen Tapia eta Leturiaren disko batean. Plazaren 90. hamarkadako oinarria entzuten dut nik.
Ni saiatzen naiz horrekin apurtzen, baina esaten didate, «oso Tapia da hori». Nik Koldori esaten diot moldaketa hauekin bere kantuak zikindu eta itsusten ditudan arren, kantua bera hor geratuko dela, beste norbaitek beste moldaketa bat egiteko.
Zureak ere moldatu dituzte eta haietako batean parte hartu ere egin duzu. Esan genuen, Tapia betaurreko beltzak jantzita dator eta kontuz.
Probokazio txiki bat izan zen eta ez dakit askotan oso ondo ulertu eta iristen diren. Duplakoen bideoan bazegoen halako intentzio gaixto bat.
Dupla eta Chill Mafiakoen aipamenari esker edota, Jon Celestino, Olaia Inziarte eta Leire Leturia taldean izateak lagunduta, beste belaunaldi batengana iristea ere ekar lezake akaso eta hori osasuntsua da kulturarentzat ezta?
Bada bai, sumatzen dut Durangoko Azokan ere gazte asko galdera datorrela eta interesatuta. Gure ekosistema honen hutsuneak dituen gabeziak erakusten ditu, behar bada ez dagoelako saneatuta transmisioa eta komunikazioa. Kasu honetan halako olatu eta sute moduko bat gertatu da hauen ondora hurbildu naizelako eta ni pozik, noski.
Haiek akaso ez dute jakingo nor den, baina zuk beste mito bat baduzu taldean, Mixel Ducau.
Nik Mixel zuzenean ikusiko nuen berak 27 urte zituenean, nik 15-edo izango nituen Errobi ikusi nuenean. Ez nuen akustikoan ezagutu baina bai bandan Beñat Amorenarekin eta niretzako sekulako aurkikuntza, maitemintze eta erotze bat izan zen. Mixel eta Anjerekin joko nuenik ez nuen sekula espero.
Zaldibobo proiektuan egin zenuen bat harekin eta jendeak kanturen bat edo beste ziur ezagutuko duela, akaso ez al zen denboraz lehen etorri?
Mixel eta Errobi garaitik, ‘Alboka’, ‘Ametsaren bidea’… Bazuten gogoa eta egarria, baina oso landa mundua zen garai hartan bizi zirenekoa eta ez zuten akaso beren tokia topatu. Baina Parisen ibili zen eta gero ni ere batu nintzen eta egokitzen jakin nuen, eta funkya eta musika dantzagarria nahastearena oso ongi etorri zen.
Pasodoble bat ere sartu duzu, ‘Hemen dago’ abestia. Gernikako gerra ondoreneko garaian, 1949an, idatzitako testu bat du. Balio lezake ‘Guernica Gernikara’ ekimenerako.
Testu gogorra. Gernika orduantxe bonbardatuta, erraustuta, erreka lainoaren ordez hautsen lainoz estalitako isiltasun eskandalagarri horretan irudikatzen nuen eta dramatismo horri forma eman nahi izan nion. Hasiera hori erabat da ‘summer time’ bat, hortik abiatu nintzen eta gero garapena eman nion beti ere gogortasun eta tristura hori emanaz, baina kontuz, «ez gaude hilda» horren baitan.
Hari moldaketa ia ia opera batera eramateko modukoa da.
Soinu kromatikoarekin egin nuen. Esan behar dut ez nuela aurretik pentsatu eta kantuaren bila gabiltzanean ibiltzen gara instrumentuekin proban, soinu desberdinak behar izaten ditugulako, eta hemen soinu kromatikoak eman zidan moldaketa honetarako formula oso-oso egokia. Josean San Migelek lagundu zidan idazten eta lehen esan dizudan tesituren afera horietan. Niretzat oso interesgarria izan da mundu horretara muturra pixka bat sartzea, umilki, izan ere mundu oso konplexua da, ideologia askokoa eta asko jakin behar da. Eta ni lotsagabe sartu naiz, edozein moduz. Beste banda bat (Et Incarnatus orkestra) batu da gainera kantu honetarako, taldeko metalez aparte.
Ironiarekin jarraituz, ‘Zikiñaga S.A.’ hor sartzen da. Ingurumenaren afera dago horren atzean.
Eta hori da gure zikinkeria baina gure lanbidea, bizitza, irrikia… Nahasmendu hori guztia, hori izan da gure gunea. Omenaldia hernaniarrei.
Pausa bat izango da orain kontzertuen bira hasi aurretik.
Ez dugu aukera gehiegi izan elkarrekin batera entseatzeko, zatika eta abar aritu gara, baina oso aukera gutxi izan dira eta zuzenekoa prestatu egin behar da. Bartzelonan izango da akaso Gracian lehendabizikoz aurkezteko modurik, baina apirilaren 28an izango da Euskal Herriko lehen kontzertua, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.
Banda guztiarekin izango zarete bertan, ezta?
Eta gonbidatuak ere izango dira, taldeez aparte diskoan izan direnak.
Kontzertu indartsua, hortaz.
Igoal Chill Mafiakoak ere izango dira, beren agendak nola dauden begiratu beharko
Altuegi esan eta ez badiezu deitzen ere, akaso haiek igo egingo dira atzeko atetik bada ere.
Edo ni kanpora botako naute eta haiek segi.
‘Gure esku dago’ abestia utzi dugu bukaerarako, bideoetan eta saltsa sortzen aritu zaretelako «Egon ala ez egon, that is the question» horrekin. Esaldi hori Koldok sortu zuen edo zuk sartu zenuen? Izan ere, saltsa pixka bat sortzeko balio izan du.
Kantua grabatua zegoen eta gero etorri zen bideoena. Hiru Damatxokoek ondo aprobetxatu zuten, Tapia beti euskaraz ari zela-eta… Gazteleraz egin behar dudala? Bada ez, ingelesez egingo dut.
Guapo deituko zizuten askotan hala ere.
Ez, ez. Guapo da Solano, ni naiz leyenda.
Diskoa zure zigilu propioarekin kaleratu duzu, autoekoizpenaren garaian bizi garen honetan, horrek eskatzen duen esfortzu guztiarekin. ‘Tranpaldo’-rekin egin zenuten apustu bat, nahi baino kontzertu gutxiago izanda akaso. Zu musikatik bai, baina oholtzatik ez zara bizi oraindik.
Gure industria nola dagoen erakusten du, autoekoizpenen zigilu kopurua ikusita. Ez da irtenbiderik onena, hasteko bai baina bestela ez du zentzu askorik berez. Txikituta dago industria, formatuaren akabera, denden itxiera, kontsumo ohituren aldaketa… eta gure espazioa geroz eta txikiagoa egin dugu guk. Bai erakundeek baina baita belaunaldi berriak askoz ere kaptatuago egon direlako. Hartara, ez da soluzio egokiena autogestioarena, ezin baitugu lehiatu multinazional edota diskoetxe handiekin.
‘To be or not to be’, izan ala ez izan… Egon edo ez egon. Lotura izango du Shakespearekin ezta?
Ederra izan da, baina bakoitzak bere erara hartzen du eta nik ez dut ezer esango, Koldok esan beharko lukeelako. Bi aldeetako irakurketak egon dira eta polita da ‘Egon edo ez egon’ esaldiarekin kamiseta dotoreak ere egin ditugu.
Apirilean izango dugu Euskal Herrian hortaz zuzenean gozatzeko aukera, baina Bartzelonan ere ongietorria izango da joaten dena, ezta?
Horixe, datorrela harantz ere.