En direct

NAIZ Irratia
Entrevue
LOREA FLORES Greenpeace, HODEI RODRIGUEZ Sukar Horia

«COP 26 gailurrean zehar izan diren mobilizazioei esker, akordioak baditu argi-izpi txikiak»

COP 26 klimaren gailurrak krisi klimatikoaren aurrean mugarria ezarri behar zuen. Baina ez da hala izan. Mugimendu ekologistan albistea nola jaso duten jakiteko asmoz, gurean izan dira Lorea Flores Greenpeaceko Hego Euskal Herriko koordinatzailea eta Hodei Rodriguez Sukar Horia kolektiboko kidea.

Audio_placeholder

«COP 26 gailurrean zehar izan diren mobilizazioei esker, akordioak baditu argi-izpi txikiak»

Loading player...
Herritarrek presioari eutsi ziote Glasgoweko kaleetan COP 26 gailurra amaitu arte. (Daniel LEAL-OLIVAS / AFP)
Herritarrek presioari eutsi ziote Glasgoweko kaleetan COP 26 gailurra amaitu arte. (Daniel LEAL-OLIVAS / AFP)

Zapore gazi gozoa utzi du COP 26 klimaren nazioarteko goi gailurrak. Akaso gozo esatea, gehiegi esatea ere izango litzateke, ez baitira esperotako konpromisoak iritsi, are gutxiago akordio lotesleak. Helburuak beraz, ez dira bete, baina lortutako akordio horiek baikor izateko zirrikitu txiki bat ere uzten dutela diote adituek.

Gailurra amaituta, Glasgowen adostutako akordioaren gakoak errepasatu dituzte Informazioaren Harian, Greenpeace erakundearen Hego Euskal Herriko koordintzaile Lorea Floresek eta Sukar Horia kolektibo ekologistako Hodei Rodriguezek.

Gailur honek eman zezakeenaz, aurreikuspenak ez ziren oso oparoak, baina urruti geratu espero zitekeenaz?

Hodei Rodriguez: Egia esan, gure aurreikuspenak oso eskasak ziren, orduan bete dira genituen aurreikuspenak. Beste show bat baina ondorio eskasak. Eta ikusiko dugu adostu denetik ere zer parte beteko den.

Lorea Flores: Guk ere ez genuen gauza aunitzik espero. Bagenekien erabakigarria izan behar zuela, erabaki ausartak hartu behar zirela. Nahiz eta argi-izpi txiki batzuk egon, behar genuenetik urrutik gelditu gara.

Erabakigarria izan behar zuen gailur hau, hori da behin eta berriz diotena. Bazegoen noski akordiorako tarterik. Zerk egin du huts?

L.F: Arrazoi nagusia ziur asko, lobby eta interes ekonomikoak dira. Alde batetik baditugu herrialde eta enpresa aunitz erregai fosilekin lotutako interesak dituztenak. Eta bertzetik, herrialde aberatsenek funtsak onartu nahi ez izateak garapen fasean diren herrialdeei laguntzeko, ziur asko zaildu du neurri ausartak hartzea.

H.R: Interes oso potenteak egon dira hasieratik edozein aurrera pausu ekiditeko.

Alde positiborik badago akordioan?

H.R: Nik esango nuke alderik positiboena Txina eta AEBn arteko akordioa dela. Albiste ona da azken urteetako tentsioa apur bat lasaitzen hastea. Horrez gain aurrera pausu gutxi. Egia da lehenengo bider aipatzen dela gutxitu behar dela erregai fosilen erabilera. Baina ulergaitza da zergatik aipatzen den soilik ikatza. Zergatik ikatza bai eta gasa eta petrolioa berriz oraindik ez diren akordioetan agertzen.

L.F: Guretzat positiboena da, aho batez onartu dela karbono isuriak murriztu behar direla 2030erako epe bat ezarriz. Orain gelditzen dena da, epe motzerako neurri horiek nola ezarriko dituzten. Eta lehenbiziko aldiz ere jarri da mahai gainean erragai fosilek eta bereziki ikatzak sortzen duten kaltea. Aurrera pausu txikia izan arren, gu aspalditik ari gara esaten erregai fosilekin amaitu behar dela eta badirudi nazioartean ere onartzen hasi direla.

Deigarriak izan dira NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresen hitzak. Gailurra amaituta, bere deialdia gazteei, emakume borrokalariei, komunitate indigenetakoei, klima larrialdiaren inguruan mobilizatzen direnei: «ez etsi, zuekin nago». Mugimendu sozialen garaia iritsi da?

H.R: Nik uste dut hori dela gelditzen zaigun itxaropen bakarra. Klima aldaketari aurre egiteko sistema goitik behera aldatu behar dugu, eta horretarako bide bakarra herritarron antolakuntza eta borroka dira. NBEko buruak berak ere onartzen badu goi bilera horietan ezer gutxi dagoela egiteko eta kaleak hartu behar ditugula, goazen bide hori jarraitzera.

L.F: Ziur asko COP 26 gailurrean zehar izan diren mobilizazioei esker, akordioak baditu argi-izpi txikiak. Nahiz eta guretzat ahul gelditu den akordioa, argi dago erregai fosilei lotutako enpresek ez dutela momentu gozoa pasa.

 

 

Jaurlaritza Logoa