En direct

Ion T. BARRENA

Osakidetzan ez dago murrizketarik? «Ba gure anbulatorioa itxita dago»

Azken urteetan EAEko osasun sistema publikoan murrizketak izaten ari direla diote langile eta erabiltzaileek, Osakidetzaren aurrekontua urtero igotzen dela erantzun ohi du Lakuak. Lehen irekita ziren anbulatorioen pertsiana itxiek agerian uzten dute, ordea, zerbitzu murrizketa izaten ari dela. 

Audio_placeholder

Osakidetzan ez dago murrizketarik? «Ba gure anbulatorioa itxita dago»

Loading player...
Andoni Segundo eta Joseja Arregi.
Andoni Segundo eta Joseja Arregi.

Litekeena da hau irakurtzen ari zaren horrek zure erreferentziazko zentroa arratsaldetan ixten hasi direla ikustea, espezialistak falta direla edo oro har, asko ez dela arte eskaintzen zizuten osasun zerbitzu bat galdu izana. Zure tokiko kontua zela pentsatuko zenuen akaso, baina ez.

Aurrekontuak gora egiten duela diote, baina zerbitzu sozialen murrizketak ageriko argazkiak ditu hamaika txokotan. Elgoibarren topatu dugu bat, lehen gauerdira arte zerbitzua eman ohi zuen anbulatorioa arratsaldeko bostetan ixten dute orain, eta ez da kasu bakarra. «Hemen gertatzen ari dena da isil-isilean murrizketak ezartzen ari direla eta tokatzen zaizun arte ez zarela konturatzen», dio Joseja Arregik, Elgoibarko anbulatorioaren murrizketa salatzeko protestan ari den plataformako kideetako batek. Azken urteetan gauerdira arte irekita izatetik 17.00tan ixtera pasa dira anbulatorioa. 

Pertsiana itxiaren bazterretan lau ohar daude, gauza bera diote, eta laurak gazteleraz daude, «Por motivos excepcionales el PAC de Elgoibar permanecerá cerrado hasta nuevo aviso»... gaur arte. «Pandemia erabili zuten aitzakia moduan, orduan denok ulertzen genuen salbuespen egoeran geundela. Pentsatu genuen amaitzean zabalduko zutela baina ez da horrela izan», Andoni Segundoren hitzetan, plataforma bereko kidea. Oraingo zerbitzu gutxitzea betiko mantenduko dutela uste du. 

Nagusiak eta gaixo kronikoak 

Ordutegi murrizte horrek kalte zuzena du askorengan, «gehien sufritzen ari direnak pertsona nagusiak eta gaixotasun kronikoak dituztenak dira», Arregiren esanetan, «anbulatorioa ostiralean 17.00tan ixten bada eta ez baduzu zabalik asteleheneko 8.00ak arte pertsona nagusiek ez dakite nora joan». 

Lehendik ere kexatu izan dira egora honengatik elgoibartarrak baina pandemia giroan kolektibo ugari batu dira ekimen honetara. Duintasuneko kideak dira Joseja eta Andoni, baina anbulatorioaren zerbitzuak berreskuratzea eskatzeko ekimenean murgildu dira ere pentsiodunen plataformaz gain ELA eta LAB sindikatuak, Ernai, herriko tabernariak, dendariak...

Udala ere saiatu dira inplikatzen auzian, plataformaren mozio bat eraman zuten Udalbatzara EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, kontramozio batekin erantzun zioten, ordea, EAJk eta PSEk. Gogora dakar Andonik, «atzera bota zuten eta argudioak izan ziren Osakidetzak berez aurrekontua igo duela, ba igoko zuen baina Elgoibarren ez da nabaritzen». 

Lehendik datorren joera baten urrats berria 

Pandemia garaia beste urrats bat emateko baliatu dutela uste dute plataformako kideek, «hau planifikatua dago, ez da urte bateko kontua, sistema publikoan ikusten ari garen ahultzearen adierazgarria da». 

Ez dute etsi asmo, ordea, sinadura bilketa masiboa abiatuko dute herrian anbulatorioko zerbitzuak berreskuratze aldera. 

Jaurlaritza Logoa