En direct

Naiz Irratia

«Eskuina eraginkortasunik gabe uzten du akordioak eta horrek zalantzak uxatzen ditu»

Nafarroako Gobernuarekin aurrekontuetan eginiko akordioa «politikoa da» ezer baino lehen Bakartxo Ruizen arabera. EH Bilduko ordezkariak eskuina «eraginkortasunik gabe» utzi izana goraipatu du eta aurrekontuak «dezente» hobetu direla uste du.

Audio_placeholder

«Eskuina eraginkortasunik gabe uzten du akordioak eta horrek zalantzak uxatzen ditu»

Loading player...
Bakartxo Ruiz, portavoz parlamentaria de EH Bildu en Nafarroa. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Bakartxo Ruiz, portavoz parlamentaria de EH Bildu en Nafarroa. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Nafarroako aktualitate politikoak EH Bilduko Bakartxo Ruizengana eraman gaitu. Azken asteotan jo eta su aritu dira Maria Chiviteren exekutiboaren aurrekontu proiektuaz eztabaidatzen. Azkenean, akordioa lortu dute bi aldeek eta lehen irakurketa politikoa egin du Ruizek: «Gure ustez akordioaren balioa lehenik eta behin politikoa da. Kontuan hartu behar da gutxiengoan dagoen gobernua dugula Nafarroan. Navarra Suma lehen indarra da eta eraginkortasun politikorik gabe utzi izanak akordioaren gaineko zalantzak uxatzen ditu».

Edukiez mintzatzerakoan, «dezente» hobetu dira aurrekontuak EH Bilduko ordezkariaren esanetan. Aipatzearren, 0-3 urte arteko hezkuntza zikloan errenta baxuko familientzat doakotasuna lortu dute, baita helduen euskararen alfabetatzean. Pentsioen arloan 800 euroko gutxieneko diru sarrrera nabarmendu du. Are, Pirinioetan institutu bat martxan jartzea edota osasun arloan lehen arretan psikologoa bermatzeko diru partida «mardulak».

Nahiz eta akordioa lortu, fiskalitatean ezberdintasun nabarmena dute Nafarroako Gobernuarekin. Tokiko finantzaketa handiagoa nahi zuten, «udaletarako bereziki». Deitoratu du fiskalitatean «ez dela apustu irmorik egiten» diru bilketa handitzeko eta urte batzuk barru murrizketak etor daitezkeela. Eremu askotan erreforma estrukturalak nahi ditu EH Bilduk, osasungintzan, hezkuntzan edota etxebizitzan diru gehiago inbertitzeko.

Osasun irizpideen baitako murrizketak

Kutsatzeen emendatzea dela eta Nafarroako Gobernua murrizketa berriak planteatzen ari da. Ruizek uste du erabakiak beti «osasun irizpideetan» hartu behar direla, «ongi justifikatuta». Hala, «kutsatzeak ongi monitorizatu eta proiekzio horiekin neurriak hartzea defendatu du».

Txertaketa maila altua izanik, uste du neurriak ezin direla intzidentziaren arabera hartu, baizik eta osasun sistemari erreparatu behar zaiola. Covid ziurtagiriaren eztabaidan, uste du horrelako neurri batek «oso ongi justifikatuta» egon behar duela. Gainera, beste leku batzuetan, Ipar Euskal Herrian kasu, martxan da ziurtagiria eta horrek eman dituen emaitzak ongi aztertu behar direla uste du. «Datuak eta ebidentziak behar dira, argudio sendoak».

Euskararen egoera anakronikoa

«Txalogarritzat» jo du Ruizek Cortesen asteburuan aurkeztutako 'Hordago' ekimena. «Zonifikazioak sekulako injustizia dakar nafarrentzat, egoera anakronikoa». Euskararen legeak ez du helburua bete, euskara sustatzea alegia. PSN eta Navarra Sumari zuzendu da Ruiz: «euskara nafar denon ondarea bada, horren aldeko politika proaktiboak egin behar dira».

Euskararen bigarren plan estrategikoaren zirriborroa ezagutu da eta euskalgintzak eginiko irakurketarekin bat egin du. «Anbizio apur bat jartzen du planak, baina oso epe luzera begira. Esaterako ikasleeen %61ak G ereduan ikasten du, euskara ez dute gaitzat ere. Planak dio gutxieneko ezagutza bermatu behar duela hezkuntzak. Baina hori derrigorrezkoa ez izatea nahi du Gobernuak. Borondaterik ez dago egiturazko aldaketak egiteko eta hori tragedia bat da. PSN posizio demokratikoetara gerturatzeko presioa egiten jarraitu behar da», nabarmendu du.

Larunbateko Bilboko hitzordua

Bilbon azaroak 20 honetan, larunbatean deitutako mobilizazioa «pertsona berdinen Euskal Herria» lortzeko helburuz deitu dutela adierazi du: «ezkerreko soberanista guztiek hitzordu garrantzitsua dute, aukera dugu gure proiektu politikoan lehentasun ditugun arloak aldarrikatu eta indartzeko».

Jaurlaritza Logoa