En direct

Bueltan da bertako eta atzerriko herrikideak batzen dituen Bizilagunak programa

Pandemiaren ondorioz urte bateko etenaldia egin ostean azaroaren 14an berrekingo diote Bizilagunak programari. Elkar ezagutza xede, «mahai-zapi baten inguruan» bilduko dira bertako eta atzerriko bi familia. Jone Urionaguena koordinatzailea eta Damian Pedrosa dinamizatzailea Naiz Irratian izan dira.

Audio_placeholder

Bueltan da bertako eta atzerriko herrikideak batzen dituen Bizilagunak programa

Loading player...
Ongi ezagutzen dute Bizilagunak programa Jone Urionaguenak eta Damian Pedrosak. Pedrosa errefuxiatu gisa iritsi zen gurera.
Ongi ezagutzen dute Bizilagunak programa Jone Urionaguenak eta Damian Pedrosak. Pedrosa errefuxiatu gisa iritsi zen gurera.

Jakiez betetako mahai bat elkar ezagutzeko espazio aproposa delako, atzerritarrak eta bertokoak bazkalorduan elkarrekin bazkaltzeko egiten duten hitzordua da, SOS Arrazakeriak antolatutako Bizilagunak programak eskaintzen duena. Jone Urionaguena SOS Arrazakeriako kide eta programan hainbatetan parte hartzaile izan denaren arabera, egitasmoa honek, «elkar ezagutzera» gonbidatzen ditu «mahai-zapi baten inguruan» herri berean bizi diren bi familia, bata bertakoa eta bestea atzerritik iritsitakoa.

Bizilagunak programa 10 urte betetzear den honetan, gero eta jende gehiagok ezagutzen du kulturen arteko hitzordu hau eta «gainera, partaideen profila gaztetzen ari da» Urionaguenaren arabera. Kultura eta jatorri ezberdinetako jendearen arteko elkarguneak topatzea zaila izaten delako batzuetan, bertakoak diren parte hartzaile gehienak, «kuriositatea» dutelako batzen dira programara SOS Arrazakeriako kideak dionez.

Argentinatik, Hernanira

Damian Pedrosak Bizilagunak programa sortu zenetik parte hartu izan du Hernanin. Nahikoa da berarekin bost minutuz hitz egitea, Euskal Herrian erabat errotuta dagoela jakiteko. Euskara menperatzea da horren adierazgarri. Baina bera ere, sorterria atzean utzita Euskal Herrira iritsi denetako bat da. Argentinan diktadura agintean zela errefuxiatu gisa heldu zen Madrilera. «Eguerdian iritsi nintzen eta ez nekien non egingo nuen lo», oroitu du Pedrosak. Handik Errioxara joan zen mahats-bilketan lan egitera. Bertako herri batean euskal herritar talde batekin topo egin zuela azaldu du Pedrosak, «kantu latinoamerikarrak kantatzen zituen talde bat zegoen. Hemengo (Euskal Herriko) talde bat». Tartean bere bikotekidea izango zena zegoen. Harekin batera joan zen Euskal Herrira; lehenik Gasteizera eta gero Hernanira.

Hauxe Damian Pedrosaren istorioa eta berak bezala, atzerritik iritsitako bakoitzak berea du. Baina elkar ezagutu ezean, ezin izan horren berri. Hark ere dei egiten die beste toki batzuetatik iristen direnei gertu dituzten herrikideak ezagutzeko, «behar beharrezkoa da besteekin harremanetan izatea, herria eta kaleak zureak sentitzeko».

Ehunka lagun batuko dira igande honetan (azaroak 14) Bizilagunak programaren baitan. Mahai baten bueltan bilduko dira, baina aurten etxeetan ordez, egoera epidemiologikoaz jakitun, pilaketak eta espazio itxiak ekidite aldera parkeetan eta bestelako espazio publikoetan antolatuko dira otordu gehienak.    

Jaurlaritza Logoa