En direct

NAIZ Irratia

«Hau ez da Guardia Zibilaren operazio bat soilik izan. Hau estatu operazio bat izan da»

13/13 sumarioko epaiaren zain, Julen Zelarain auzipetu izandakoak eta Aiert Larrarte abokatuak, sumarioa estrategia politiko baten barruan kokatu dute, «gatazkari irtenbide bat eman ordez, parametro errepresiboetan jarraitu ahal izateko». Ez da azken «epaiketa anakronikoa» izango abokatuak dionez.

Audio_placeholder

«Hau ez da Guardia Zibilaren operazio bat soilik izan. Hau estatu operazio bat izan da»

Loading player...
Julen Zelarain (eskuinean) eta Aiert Larrarte abokatua (ezkerrean) 13/13 sumarioaren epaiketan bizitakoak azaldu dituzte.
Julen Zelarain (eskuinean) eta Aiert Larrarte abokatua (ezkerrean) 13/13 sumarioaren epaiketan bizitakoak azaldu dituzte.

Irregulartasun juridikoez jositako prozesua izan da 13/13 sumarioarena. Beste bat. Erabakia «hartuta ote dagoen» susmoa du Julen Zelarainek. Izan ere, CNIren (Espainiako Inteligentzia Zentroa) esku hartzea frogatu du defentsak, eta hau nahikoa izango litzateke epaiketa bertan behera uzteko honen arabera. Baina ez du ondoriorik izan. «Hau ez da Guardia zibilaren operazio bat soilik izan. Hau estatu operazio bat izan da eta estatu operazio horretan parte hartu dute, uste dut, estatuaren tresna guztiek. CNIren jarduna araututa dago eta honek isla izan behar luke epaiketan. Hasieratik akusazioaren asmoa izan da CNIren parte hartzea ezkutatzea», azaldu du Aiert Larrarte abokatuak.

Azaroaren 5ean amaitutzat jo ziren 13/13 sumarioaren baitako auzi saioak Madrilgo Auzitegi Nazionalean, eta epaiaren zain daude une honetan Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain, Iker Sarriegi, Saioa Agirre eta Nerea Redondo. Naiz Irratian izan den Julen Zelarain ere auzipetu zuten, baina haren kontrako akusazioa bertan behera utzi zuten, auzia amaitu baino lehen. Albiste ona Zelarainentzat, baina «mingarria» ere harekin batera epaitutakoak eta espetxeratutakoak uzteagatik.

«Sentsazio gazi-gozoa» utzi du abokatuarengan epaiketak. Gazia da, abokatuaren esanetan, salbuespenezko epaiketak «badirelako oraindik»; eta gozoa estatuaren muntaiaren akusazioak desegin dituztelako. «Hutsuneak, akatsak, oinarrizko eskubideen urraketak eta gezurrak; guzti horiek azalerazi dira» adierazi du Larrartek.

Estrategia politiko bat

Gezurrak auziaren oinarrian izan dira beti. Horren eredurik argiena, fiskalak uneoro mantendu duela ETA erakunde gisa desagertu ez dela dioen kontakizuna. ETAk jarduera armatua utzi zuen unetik Euskal Herrian gainditzeke gelditu diren bi esparruri eraso egin nahi diotela uste du Zelarainek, «gatazkaren ondorioei aurre egitea» eta «gatazka politikoari konponbide demokratiko bat ematea». ETA gehiago existitzen ez dela agerikoa da, ondorioz erakundea bizirik mantendu nahi izatea estrategia politikotzat jo du «gatazkari irtenbide bat eman ordez, parametro errepresiboetan jarraitu ahal izateko».

Tortura sistematikoak

Hainbat dokumentuk agerian utzi dute era berean zenbait auzipetuk torturak jasan zituztela. Zentzu honetan, Naia Zuriarrainen testigantzak, esaterako Euskal Herri osoa uzkurtu zuen. Testigantza hori entzutea «oso gogorra» dela dio Zelarainek, gogorra da epai-mahaiak testigantza zer nolako «hoztasunarekin» entzuten duen. «Eta gogorra da ere bai», Zelarainen esanetan salaketok oihartzunik ez izatea Euskal Herritik kanpo. 

Hala ere, ondoriorik ez du izan auzian. «Prozesuan isla izan du, defentsaren partetik. Akusazioaren partetik ez. Tortura deklarazio horiek ez dituzte erabili, formalki. Materialki bai, bertatik ondorioztatu zituztelako hainbat adierazpen» dio abokatuak. Euskal Herriaren testuinguru politikoa bestelakoa den arren, 13/13 sumarioarena, ez da azken «epaiketa anakronikoa» izango Larrarteren aburuz.

Jaurlaritza Logoa