En direct

Eli Pagola
Entrevue
Josu Larrinaga
EKOPOL taldeko ikerlaria

«Jasangarritasunak mugak jartzea eskatzen du eta hori oso zaila da turismoa bultzatu nahi bada»

Turismoa izan daiteke jasangarria? Zer talka eragiten ditu tokian tokiko jardunean? Eta nola bizi dugu guk gerok hartzaile edo turista garenean? 

Audio_placeholder

«Jasangarritasunak mugak jartzea eskatzen du eta hori oso zaila da turismoa bultzatu nahi bada»

Loading player...
Esku artean ala eskutatik ihesi dugu mundua?
Esku artean ala eskutatik ihesi dugu mundua? (Nito100 | Getty Images)

Pandemiak turismo ereduaz hausnartzeko tartea ere ireki duAzken hamarkadetan aurrera eraman dugun turismo eredua, nahi bezainbeste eta edonora merke bidaiatu,  zalantzan jarri zuten hainbatek pandemiaren ondorioz mugak itxi eta milioika hegaldi bertan behera geratu zirenean.  Jasangarritasunaren izenean ari ziren. Baina existitzen al da benetan turismo eredu jasangarri bat? Horixe galdetu diogu Josu Larrinaga (Sodupe Bizkaia, 1964) EHUko Gizarte Antropologia graduko irakasle eta EKOPOL ikerketa taldeko kideari Gelditu Makinak saioan. 

Nola eta noiz ematen da turismoaren gorakada? Beste sektoreen porrotarekin badu zer ikusia?

Euskal Herria aitzindiaria izan da turismoaren garapenean. Hasieran udatiarrak ziren, veraneanteak. XIX. mendearen bukaeran eta XX.-aren hasieran, La Côte Basque,  Ipar Euskal Herriko kostaldea, oso modan jarri zen Frantziako aristokrazian eta burgesian. Itsasoa leku arriskutsua eta narratsa zen ordurarte, baina deskubritu zen itsasoko ura osasungarria zela eta leku pribilegiatua bilakatu zen. Hego Euskal Herrian berdin gertatzen da Espainiako monarkiarekin.

Herri asko bilakatzen dira uda pasatzeko toki eta pixkanaka, goraka doa turismoa. XX. mendean, fordismoarekin, AEBetako enpresariak ohartzen dira hobea dela langileei gehiago ordaintzea ekoizten dituzten produktu horiek berak erosi ahal izateko.

«Mundua txikia denaren mezu sinbolikoa eman zaigu, oso erraza dela munduan bidaiatzea»

Hurbilago, 80 eta 90. hamarkadetan sekulako booma dago turismoan eta gorakada hori globalizazioaren parte da. Mundua txikia denaren mezu sinbolikoa eman zaigu, oso erraza dela munduan bidaiatzea. Gainera, turismoa oso sektore aproposa izan da finantzaziorako. Azken urte hauetan Donostian hotelen loraldi bat eman da, adibidez. «Emango ote du turismoak hainbeste hotelerako?», galdetu diogu maiz gure buruari. Kontua da, hotelak higiezin birkalifikatuak direla. Alegia, porrot egiten badute etxebizitzak izan daitezke, eta orain arte, etxebizitzak diru espekulazioaren babes segurua izan dira. Orain ezer ez da segurua... Sinbolikoki turismoak badu beste kontu interesgarri bat: turismoa arrakastaren irudi da. Galdetzen badiozu norbaiti ea non egin dituen oporrak eta etxean geratu dela esaten badizu, gizajo baten moduan geratzen da.

«Aurrera ihes egiteko modua da turismoa.  Maila sinbolikoan, nolabaiteko turistifikazioak laguntzen du ilusioa sortzen, pentsatzen baita alternatibak daudela aurrera egiteko»

Baina turismoak balio dezake ekonomia baten oinarri gisa?

Nik esango nuke ezetz. Sortzen dituen lanpostu gehienak prekarioak eta eskasak direlako. Beste sektoreen beheraka gertatu denean, leku askotan saldu zaigu turismoa izan daitekeela alternatiba bat. Gai honetan, landa eremuak ere merezi du aipamen bat. Baserria konpondu, gero gelak eskaintzeko, asmo onak eta gerorako inbertsioak nahasten dira. Alegia, aurrera ihes egiteko modua da turismoa.  Maila sinbolikoan, nolabaiteko turistifikazioak laguntzen du ilusioa sortzen, pentsatzen baita alternatibak daudela aurrera egiteko. Baina funtsean betikoa dugu, lan txarrak, unean unekoak, ordutegi eskasekoak eta soldata urrikoak. 

Eta zein harreman eta inpaktu sortzen ditu turismoak? Adibidez, Lapurdiko populazioaren %60 kostan bizi da, justu zonalde turistikoenean. Hori joera bat da?

Populazio handiena kostan bizi da mundu osoan zehar eta horrek turismoarekin ez du loturarik, kostaldean bizi da arrazoi askorengatik. Hori bai,  turismoa bezalako jarduera inposatu bat bertan jartzen denean proba asko sortzen ditu. Tropikoan, kostaldea ekosistema berezia da, mangladiak, padurak... Itsasoa sartu eta atera egiten da eta itsasoa sartu egiten da oihana eta begetazio handiko espazioetan. Ez lehor ez itsaso. Baina horrek laguntzen du adibidez dauden galerna handiak, baita tsunamiak ere geldiarazten eta moteltzen. Mangladi batean eraikitzen baduzu sekulako azpiegitura, hotelak eta spak, gero triskantza handiagoa izango da tsunami batekin. Espazio naturaletan sekulako aldaketak eragin dira eta badatozen arazoekin, aldaketa klimatikoak eragingo duen itsasoaren igoerarekin, arazoak biderkatu egingo dira.

«Denok gara turistak eta pentsatu behar dugu zer bilatzen dugun beste lekuetara joaten garenean. Eremu ezagunak bilatzen ditugu maiz eta horrek ekartzen du mundu mailako espazioen homogeneizazioa»

Espazio naturaletan, zer nolako eragina du turismoak?

Normalean, nahiz eta paisaia eta natura elementu erakargarriak izan turismorako, gero funtsean kontrakoa gertatzen da. Denok gara turistak, eta pentsatu behar dugu zer bilatzen dugun beste lekuetara joaten garenean. Eremu ezagunak bilatzen ditugu maiz eta horrek ekartzen du mundu mailako espazioen homogeneizazioa. Ez lekuak dira espazio horiek, berdinak leku denetan, aireportuak, hipermerkatuak, eta gure alde zaharrak horrelakoak bihurtzen ari gara. Tabernak berdinak dira eta turisten zerbitzura, eroso eta lasai egon daitezen.

Turismoak badu gatazkarik  bertako ondarearekin?

Ondare batzuk birbalorizatu egiten dira turismoa erakartzeko, eta horrek izan dezake bere alde ona. Baina gerora ikusi da espazio askori kontrakoa gertatu zaiola, birbalorazioak ekarri duela banalizazio bat eta balorea galdu duela turisten inbasiogatik. Izan daiteke Zumaiako Flycha edo Gaztelugatxe. Baliorik gabeko lekuak bihurtzen dira bertan bizi direnentzako eta baita turismoan zerbait berria deskubritu nahi duten horientzako ere. Selfia bilatzen duten horientzako soilik da leku hori interesgarria. Hori paisaia eta espazio natural askorekin gertatzen ari da. Espazio natural bat interesgarria delako bilakatzen da parke naturala baina horrek ere presio turistiko bat dakar gero. 

Beraz, posible da turismo jasangarria?

Turismo jasangarria masifikatu egiten bada, ez da jasangarria. Instituzioetatik turismo jasangarria bultzatzen dutenean joko bikoitza egiten da. Kalitatezko turismoa bultzatzen dutela diote, baina, botere adkisitibo handiko jendea nahi dute, turismo politikak horretara daude. Munduko aberatsen esku jarri nahi dituzte espazioak. Jasangarritasunak mugak jartzea eskatzen du eta murrizketa hori oso zaila da turismoa bultzatu nahi duen politikatik abiatzen bada. 

Turismoa ez dago ongi ikusia, baina zergatik deabrutu turismoa eta ez beste sektore batzuk, industria, adibidez.

Nire ustez gaizki ikusita dago, turismoak bete-betean talka egiten duelako bertako populazioarekin. Leku batzuetan oso nabarmena da, parte zaharretan, adibidez. Auzotarrak inbadituta sentitzen dira, ematen du espazio hori turistentzako soilik dela, eta hor talka handia dago, turismoak eguneroko bizitza kalitatean eragina duelako, eta horregatik deabrutu da turismoa. Industriak, noski, sortzen ditu gatazka handiak, batez ere, oso kutsakorrak direnekin. Gainera, hor gezur bat ematen da. Industria gainbaloratuta dago erabat, tradizionalki industriak lanpostu onak sortu dituelako, finkoak eta ondo ordainduak. Turismoak ez du hori eskaintzen. Baina gaur egun, industrian ere prekarizazioa eman da. Baina turismoaren eragina orokorragoa da, norberaren bizitzan inpaktu handia du,  lurralde osoan, hiri osoan barreiatzen dena.

Jaurlaritza Logoa