En direct

Miren Mujika

Hautetsien topaleku izango da gaur Bergarako herria

45 urte dira gaur burujabetzaren elkargune izan zela Bergara. Mugarri hura gogoan, herrian batzeko deia luzatu diete Euskal Herriko hautetsiei Elkoro alkate ohiak eta egungo alkate Artolak. Gure artean izan ditugu egungo bi alkate: Bergarako alkatea, Gorka Artola eta Arrasatekoa, Maria Ubarretxena.

Audio_placeholder

Hautetsien topaleku izango da gaur Bergarako herria

Loading player...
Foto de familia de los electos que se han dado cita en Bergara. (BERGARAKO UDALA)
Foto de familia de los electos que se han dado cita en Bergara. (BERGARAKO UDALA)

Duela 45 urte, gaurko egunez 1976.urtean, Euskal Herriaren izaeraren eta bere eskubide historikoetan oinarritzen zen burujabetzaren elkargune izan zen Bergarako herria. Foruen abolizioaren mendeurrena betetzen zela gogoratzeko, Euskal Herriko ehunka udal ordezkari elkartu ziren Bergaran, herri bat ginela eta burujabetzatik aurrera egin nahi genuela adierazteko. Han izan zen orduko Bergarako alkatea Jose Luis Elkoro eta beste 67 hautetsiz osatutako taldea. Alkateen Mugimendua deitu zitzaion gerora.

45 urte baino gutxiago dituzten arren, ongi helarazi diete nolakoa izan zen egun gogoangarri hura, eta biek ala biek aipatu digute egun historikoa eta era berean, aldarrikatzeko eguna dutela gaurkoa Bergaran. Artolaren hitzetan oso presente du Bergarako herriak egun hura: «Egun historikoa izan zen bereziki Bergaran, eta oso aldarri potenteak egin ziren, horregatik oso ondo gogoratzen du Bergarak egun hura». Ubarretxenak dio oso mugimendu polita izan zela, beharrezkoa, eta momentu honetan indarrak batzea ezinbestekoa dela.

Garai hartako aldarriak eta gaurkoak antzekoak direla azaldu du Bergarako alkateak, baina orain aldarri horiek, aldatzen baino, eboluzionatzen ari direla azpimarratu du: «Orduan aldarrikatzen zena zen Euskal Herriak subiraultzarako aukera eduki eta herri bezala aurrera egin beharra, eta bestetik, munizipalismoaren kontzeptua berreskuratzen saiatu zela». Gaur egun ere, antzeko aldarrietatik tiraka, Artolak uste du udalerriak bigarren plano batean daudela, eta ideia hori aldatzeko badutela zeregina.

Duela 45 urte 67 hautetsi batu ziren aldarri horien alde, gaurkoan ordea, pandemia dela eta, ez dute horretarako betarik izango. Baina bi alkateek uste dute gaur inoiz baino gehiago uste dutela, indarrak batzeko garai aproposa dela. Artolaren ustez, duela 45 urte, frankismo garaian, alkate mugimenduak indar handia eduki zuen, eta gaur egungo egoerarekin ere, aurrera egitea interesgarria dela deritzo. Ubarretxena ere antzera mintzo da: «Mundua aldatu da, pandemia batek jo gaitu baina gaur egun inoiz baino garrantzitsuagoa da gure erabaki horiek hartzeko gure lekua behar dugula esatea eta gure hitzaren jabe izatea».

Eta, azkenik, biek ala biek nabarmendu nahi izan dute, hain justu, pandemiaren egoeragatik ere, ezinbestekoa dela hautetsien arteko saretze eta lankidetzari eustea aurrera egin ahal izateko. Gorka Artola: «Udalerriek badaitugu erronkak amankomunean, eta beraz, elkarrekin lan egiteko aukera egon daiteke». Ubarretxenak ere, ezinbestekotzat du saretzea: «Saretzea eta lankidetza garrantzitsuak dira aurrera egiteko, eta Arrasateko udaletxetik gure eskuzabaltasuna eta gure jarrera baikorra adierazi nahi dugu».

 

Jaurlaritza Logoa