En direct
Ezustekoan iritsi zaie albistea, batez ere, ez zutelako «ezer onik espero zuzendaritza honetatik» Sergio Zaballa Tubacexeko enpresa batzordeko kidearen arabera. Baina garaipen handitzat hartu dute langileek zuzendaritza EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpena betetzeko prest izatea. Hala ere, borroka amaitzetik urrun dago. «Itzal ilun bat dugu gainean. Gorenean jarritako helegitea. Badakigu enpresak langileak kaleratzeko asmoa duela. Guk borrokan jarraitu beharko dugu» adierazi du Zaballak.
Zaballak langileen garaipentzat jo du erabakia. «Behintzat norabide aldaketa bat lortu dugu, borrokaren eraginez. Orain arte epaileek emandako ebaspena ez zuten bete behar eta orain badirudi horretarako prest daudela», adierazi du.
Azken berria ezustekoa izan dela langileentzat onartu du Zaballak. «Ez genuen ezer onik espero zuzendaritzaren partetik. Dena den, hau da sententzia berak eskatzen diona».
Gauzak horrela, grebarekin jarraitzeko zuten iragarpena ezinbestekoa izan dela zuzendaritzaren iritzi aldaketan nabarmendu du Zaballak. «Ez genuen onartzen jarri ziguten neurria, ez genuen kaleratutako langileak berriro ez hartzea onartzen. Tinko mantentzea erabaki genuen, borrokan jarraitzea. Horrek behartu du enpresa jarrera aldatzera».
Borroka ez dela erraza, baina fruituak ematen dituela gaineratu du. «Bidea oraindik ez da amaitu. Badakigu itzal ilun bat dagoela, helegitea. Enpresak kaleratzeak mantendu nahi ditu eta guk borrokari eutsiko diogu», azaldu du.