En direct

Ainara Rodriguez-Miren Mujika

Xabier Lertxundi: «Oso kezkatuta gaude, oso azkar zabaltzen ari delako birusa Hernanin»

Nabarmena da agerraldi indartsu baten aurrean dagoela Hernani: 600dik gorako intzidentzia tasarekin. Foku konkreturik, ordea, ez dute identifikatu eta baheketa masibo bat egiteko eskariari ezetz erantzun dio Osasun Sailak. Xabier Lertxundi alkatearekin hitz egin dugu azken orduetan gertatutakoaz.

Audio_placeholder

Xabier Lertxundi: «Oso kezkatuta gaude, oso azkar zabaltzen ari delako birusa Hernanin»

Loading player...
Komunikabideak Hernaniko fokuaren berri ematen. (FOKU)
Komunikabideak Hernaniko fokuaren berri ematen. (FOKU)

«Oso kezkatuta gaude, oso azkar zabaltzen ari delako birusa Hernanin», hala adierazi du Xabier Lertxundi alkateak Hernaniko kutsatze kopuruarekin eta horren hedatzearekin Udalak duen kezka eta ardura. Asko ari da espekulatzen nondik ote datorren agerraldia; San Juan jaietako egunetan ikusten dute zenbaitek iturburua, baina alkateak dio ez dakitela ziurtasunez nondik datozen: «Ez dugu daturik kutsatzeak San Juan jaietatik datozela baieztatzen dutenak». Are gehiago, Osasun Zentroko langileekin hitz egin duela berretsi du, eta eurek ere ez omen dakite ziurtasunez nondik datorren agerraldi hau: «Osasun Zentroko langileek diote oso azkar dela agerraldia San Juanekin lotzeko».

Lertxundik dioenez, baheketa sakon bat izan liteke agerraldiaren fokua identifikatzeko aukeretako bat, baina eskaera hori luzatu duten arren, Osasun Sailak ezezkoa eman die. Alkateak esan duenez, Osasun Sailak esan du horrelako baheketa masiboek ez dutela eraginkortasun handirik izaten, nahiz eta aurretik ere eginak dituzten horrelakoak.

Aparteko baheketarik ez da izango, beraz, Hernanin, eta, bestelako neurririk ere ez diete eskaini, momentuz, Osasun Sailetik; edonola ere, Hernaniko alkateak eskua luzatu du elkarlanean jarduteko: «Osasun Sailarekin hilabeteak daramatzagu elkarlanean, eta orain arte behintzat, baliagarri izan zaigu, beraz, eurekin elkarlanean jarraituko dugu, noski».

Kontuan hartu behar da, Lertxundik esan duenez, udalek eskuak nahiko lotuak dituztela eskumen aldetik; har ditzaketen neurri apurrak hartuak baitituzte dagoeneko. Beraz, eremu gorrian daudenez gero, horrelako egoeran hartu behar diren neurriak hartuko dituztela baieztatu du. Eta, azken mezua hernaniarrei zuzentzeko probestu du, gainera, alkateak: «Sozializatzeko eta elkarrekin egoteko behar handia dugun arren, egoera kontuan izan behar dugu. Elkarlanaren bidetik jo behar dugu, elkar zainduz egoera makurretik ateratzeko bidea eta modua izan dezagun».

Jaurlaritza Logoa